Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa

Saio orekatuak asteburuan, Herriarteko txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 28a, 09:53

Hurrengo asteburuan fase berrian estreinatuko da Am...ona taldea eta bigarren saioa izango dute Alegiakoek

Lau multzotan banatuta, hamabi talde ari dira Gipuzkoako Herriarteko bertsolari txapelketaren bigarren fasean. Multzo bakoitzean puntu gehien lortzen dituen taldea igaroko da final erdietara eta horretarako, fase honetan, bina saio jokatu beharko ditu talde bakoitzak bere multzoko taldeen kontra, bat etxean eta bestea, berriz, kanpoan.

Eskualdeko lau taldeek hamabi onenen artean sartzea lortu dute eta horietako batzuk, aurreko asteburuan abiatu zuten final laurdenetako fasea. Ostiralean, bertso afarian, jatetxea jendez lepo zela Karidadeko Bentakoek Ereñotzu jaso zuten Zizurkilgo Plaza Etxeberrin eta larunbat gauean Alegiako taldeak Azpeitiko Erniarraitz 1en aurka neurtu zituen indarrak gaztetxean ospatutako saioan.

SAIO JENDETSUA ZIZURKILEN

Ostiralekoa, maila oneko saioa izan zen, erorikorik gabea nahiz eta une batzuetan lehertzea falta izan zitzaion.

Lan puntuagarrietan, Iparragirren, arrazoiz jantzitako bertsoak utzi zituzten Joseba Otaegik eta Aritz Zerainek. Zortziko txikikoan, erorikorik gabe baina ez zuten kolpeak jotzen asmatu Haritz Mujikak eta Ibon Minerrek, kotxean presaka doan langilearen eta parean lasai doan erretiratuaren paperean. Hamarreko txikian ostera, ospitaleko pailazoen paperean bertso sakonagoetan lan ederra eskaini zuten Unai Mendizabalek eta Iñaki Zelaiak.

Puntu erantzunetan, Haritz Mujikarenak izan ziren nabarmentzekoak, galderei erantzun borobilak emanez. Bakarkako lanean ale ederrak utzi zituen Iñaki Zelaiak Korrikaren lekukoa daraman atzerritarraren paperean, baina bereziki nabarmentzekoak izan ziren Unai Mendizabalen bi bertsoak, txakurra hil zaion itsuaren paperetik hunkidura eta txalo zaparrada eraginez. Azken ariketa biziagoetan sartuta, puntukako libreko lanean Aritz Zerainek gehixeago asmatu zuen bidea irekitzen, Joseba Otaegi bertso-lagun zuela. Pertsonaia asmatu beharreko jokoan berriz, ederki pasa zuen entzuleak, bereziki Karidadeko Bentakoen kolpeak izan ziren azpimarratzekoak. Lan hori izan zen ziurrenik gaueko bertsoaldi txalotuena. Amaitzeko, kopletan aritu ziren bi taldeak Xanti Azurmendi soinujotzailearen laguntzaz, baleko ariketa osatu zuten baina bete-betean asmatu gabe bi taldeek ere.

Amaieran, zalantza nagusi bai bertsolarien eta baita entzuleen artean ere. Azken emaitza: 14 puntu Karidadeko Bentarentzat, 10 Ereñotzu taldearentzat.

MAILA ALTUA ALEGIAKO SAIOAN

Parekatua eta bertso maila altuko saioa izan zen larunbat gauean Alegiako Gaztetxean jokatutakoa. 7 astoren gainean taldekoekin batera Azpeitiko Erniarraitz 1 taldea igo zen oholtzara. Bertan eskarmentu eta maila handiko bertsolariak ziren: Beñat Lizaso, Jokin Uranga eta Leire Ostolaza. Alegiakoan aurrekoetatik aldaketa bat eginda, Mikel Artola, Imanol Irazustabarrena eta Iñaki Artola ziren.

Oso lehiatua eta parekatua irten zen saioa (azkenean, 12na, berdinketa eman zuen epaimahaiak) baina batez ere bertso onak eta momentu umoretsuak izan zituen saioak.

Ofiziotan aritutakoan, Iparragirre doinuan Irazustabarrena eta Lizaso edo hamarreko txikian Mikel Artola eta Uranga arrazoiak bilatzeaz gain, bertsoak ondo josiz eta betez aritu ziren. Maila berean baino umoretsuagoa atera zen Ostolaza eta Iñaki Artolaren arteko zortziko txikikoa. Dardoak botatzen ari zitzaion paperean, gaiak emandako egoera bera eta erreala, Iñaki pilotari izatea, nahastu zituzten. Aipatzekoa da Iñaki Artola hain gutxi arituta bertsotan erakutsitako tenplea eta dotorezia.

Bakarkako ariketetan oso ondo aritu ziren. Gaia emanda Jokin Urangak eta Mikel Artolak bertso dotoreak egin zituzten eta puntu erantzunetan Imanol Irazustabarrenak pare-parean jo zuen. Puntutan aritu ziren Lizaso eta Iñaki Artola eta bertsoaldia ezarrita zegoena baino gehiago luzatu bazitzaien ere entzuleak berotzea lortu zuten.

Handik aurrera, ariketek ere horretara bultzatuta, gaztetxeko giroak goia jo zuen. Pertsonaiak asmatzeko jolasean bikain aritu ziren bi taldeak eta barre algaraka entzuleak. Anbiente horrek koplatako saiotan izan zuen segida. Alegiakoek Arkaitz Balda izan zuten soinuarekin lagunduz.

HURRENGO SAIOAK

MARTXOAK 31, OSTIRALA

Ereñotzu. Ereñotzu - Txinparta 1. Ur mia elkartean, 22:30ean, bertso saioa.

APIRILAK 1, LARUNBATA

Errenteria. Xenpelar - 7 astoren gainean. Sindikato tabernan, 23:30ean bertso saioa.

APIRILAK 2, IGANDEA

Villabona. Am...ona - Txingudi 2. Villabonako gaztetxean, 19:15ean bertso saioa.

HURRENGO ASTEBURUAN

Irun. .Apirilak 8an, larunbata, Txingudi 2 - 26+.

Amezketa. Apirilak 9an, igandea, 26+ - Am...ona, Zalbide sagardotegian.

Oñati. Apirilaren 9an, igandea, Txinparta 1 - Karidadeko Benta, Oñatiko Araotz auzoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!