Greba eguna dute gaur, hezkuntza publikoan

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 22a, 07:55
2013an eskola publikoetan Lomce-ren aurka egindako mobilizazioa

Unibertsitate kanpoko hezkuntza publikoko langileek greba eguna dute gaur, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek deituta. Iruñea eta Gasteizko gobernuek «ezarritako murrizketak, hezkuntza inbertsio erabat eskasak eta inposatutako hezkuntza erreforma basatiak» salatu nahi dituzte horrela.

Iruñea eta Gasteizko gobernuek «ezarritako murrizketak, hezkuntza inbertsio erabat eskasak eta inposatutako hezkuntza erreforma basatiak» salatu nahi dituzte gaurko greba egunarekin, unibertsitate kanpoko hezkuntza publikoko langileek, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek deituta.

Hezkuntza publikoaren egoera larria dela esan dute sindikatuek. «Ezinbestekotzat jotzen dugu egoera honi buelta eman eta gure hezkuntza sistemaren garapena eta eraikuntza sendotzea», esan dute. Hezkuntza sistema berria proposatzen dutela esan dute eta Eskubide Sozialen Karta ekarri dute gogora. Bide horretan hezkuntza publikoan negoziazio kolektiboaren eskubidea berreskuratzea ezinbestekotzat jotzen dute, «gure lan baldintzak nabarmen hobetzeko». Horiek horrela, azken urteetako murrizketen ondorioei aurre egiteko hainbat neurri hartzeko eskatzen diete gobernuei. EAEko hezkuntza publikoan gutxienez 2.000 langile gehiago behar direla esan dute eta batez besteko ia %40ko behin-behinekotasuna %6ra murriztu behar dela, «EAEn 6.000tik gora lanpostu egonkortu behar dira».

Gaurko mobilizazioarekin ordezkapenak lehen egunetik egitea premiazkoa dela aldarrikatu nahi dute eta baita, bajak bere osotasunean ordaindu behar direla, «gaixotzen diren langileak zigortzeari utziz».
Era berean, gelako ikasle kopurua %10 murriztu behar dela uste dute eta hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratu. Bukatzeko, erretiroa erraztea eskatzen dute eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.

Hezkuntza publikoaren «garapena eta eraikuntza» bermatzeko «erabat eskasa» den inbertsio publikoa handitu behar dela esan dute, «Euskal Herriko Karta Sozialean jasotako hezkuntza publikoaren norabidean urratsak ematea ahalbidetzeko gutxienez Europako batez-bestekora parekatuz eta progresiboki BPGren %6ra iritsiz».

Honekin batera, «gure hezkuntza sistema txikitzen, erabat mugatzen eta desarautzen» duen Lomce legea kentzea eskatu dute eta baita Heziberri ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetarako egindako lege horren «moldaketa hutsa» dela nabarmenduz.

Hezkuntza komunitateaz harago, hartzen diren erabakien inguruko herri mailako eragile guztien parte hartzea bermatuko duten «herri hausnarketa ariketa bat» egitea beharrezkoa dela esan dute. «Hezkuntzaren merkantilizazio alde batera uztea eskatzen dugu, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin, kohesio soziala eta integrazioa bultzatuz, aniztasuna, berdintasuna eta hezkidetza oinarri izango duena», gaineratu dute.  
Gaurko greba eguna eta gero, «gobernuek adierazitako bidean pausorik» ematen ez badute, hurrengo hilabeteetan greba eta mobilizazio dinamika areagotuko dutela esan dute.

Eskubide sozialen karta oinarri

LAB, ELA eta Steilas sindikatuek Eskubide Sozialen Kartan bildutako oinarriak aintzat hartzeko eskatzen diete Iruñea eta Gasteizko gobernuei. Kartak dio pertsona guztiek «hezkuntza publiko, euskaldun, plural, laiko eta doakoa» eskuratzeko eskubidea dutela. Era berean, hezkuntza eredu horrek aniztasuna integratuko duela, generoaren ikuspegitik berdinzalea izango dela, ikuspegi kritikoa izango duela eta elkartasun internazionalista sustatuko duela dio. Hezkuntza sistema propio bat aldarrikatzen dute «euskal curriculuma deritzana» garatuko duena eta «zeharkako eran» hezkuntza emozionala ere landuko duena, «pertsonen jarduera kritiko eta sortzaileak bultzatuz». «Euskararen ezagutza eta erabilera bermatu behar zaizkie ikasle guztiei. Euskalduntzerako eskubidea bizitza osorako eskubide bat da», gaineratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!