ataria.eus

Peña II ere, finalera

  kirola  Tolosa  Zizurkil

Jon Ander Peñak eta Ibai Zabalak 22 eta 10 irabazi diete Gorka eta Martijari larunbat arratsaldean Iruñean jokatu den partidan. Garaipen honekin Bi-bitako Promozio Txapelketako finala jokatzeko txartela lortu du pilotari tolosarrak. Aurrez aurre izango du eskualdeko beste pilotari bat, Jon Erasun.

Peña II ere, finalera
Peña II debuteko egunean, artxiboko argazkian | Ikusi handiago | Argazki originala

Nahikoa zuen Jon Ander Peñak 16 tanto egitea finala jokatzeko eskubidea irabazteko. Esana zuen ez zirela horretara aterako frontoira, irabaztera aterako zirela Ibai Zabala, berezko atzelari Salaverriren ordezakoa, eta bera. Balekoa izan da intentzioa, eta garaipen erosoa lortu dute Gorka errioxarra, Errandonearen ordez jokatu duena, eta Martija nafarraren aurka Iruñeako Labriten: 22 eta 10.

Joan den urteko urrian jokatu zuen profesional mailako lehen partida aurrelari tolosarrak. Denbora laburrean lortu du profesionaletan bere lehen finala jokatzeko aukera. Txapelketako bere berezko bikoteak, Salaverrik, partida askotan utzi behar izan dio bere lekua Ibai Zabalari, eskuko minagatik. Hala izan zen sailkapen ligaxkako hiru partidetan, eta hala izan da finalerdietako hirutatatik bitan. Ikusteko dago zeinekin jokatuko duen finala.

Partida hasterako bazekiten, finala harrapatuz gero, Arteaga-Erasun izango dituztela aurkari. Lortu dute eta, horrela, eskualdeko bi pilotari izango ditugu aurrez aurre Bibitako Promozio Txapelketa honetako finalean: Jon Ander Peña "Peña II" aurrelari tolosarra eta Jon Erasun atzelari zizurkildarra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa