Arnastu euskara

Maiatzak 27: hitzordua Tolosan

Jon Miranda Labaien 2017ko mar. 20a, 08:03
'Lipdub'-ean parte hartzeko deialdia luzatu zuten 70 euskaltzalek baino gehiagok.

Euskarak 365 egun baditu, euskararen nazioarteko egunaz aparteko egun batean ere egin daiteke euskararen aldeko festa bat». Lipdub-ak gainera ez du B planik, ezin da errepikatu eta unean bertan sortzen denak balio du. Hortaz, eguraldi ona ia seguru izatea ere kontuan hartu dute antolatzaileek.

«Giltzarriaren galdeketa, Korrika... ekimen ugari dago asteotan gure eskualdean eta behin horiek igarota, tarte bat utzi beharra zegoela iruditzen zitzaigun. Maiatza bukaera aproposa da. Umeek Eskola Kirola ordurako bukatuta daukate eta ekainean eskoletako festak izan aurretik egin nahi genuen».

Ez da erraza ordea, beste ekimenik gabeko larunbat bat topatzea Tolosan. Maiatzaren 27an, Musikherria egingo da adibidez. Agirrek azpimarratu duenez, «sinergiak baliatuko ditugu eta musika eskolak bide batezko euskalgintza egiten duela ikusita, indar bateratze bat bezala planteatuko dugu, elkarri lagunduz prestatuko dugu eguna».

2015ean Elgoibarko Izarra Euskara Taldeak grabatutako lipdub-a hartu dute erreferentziatzat Arnastu euskarako talde eragilean biltzen diren lagunek. «Kronograma eskatu genien eta hori jarraitzen ari gara gutxi gora behera. Orain, jendea aktibatzea falta zaigu». Eguna ondo planifikatzea dute helburutzat, dena ondo atera dadin baina badakite «dena ondo ateratzea ez dagoela gure esku bakarrik, eskualdeko euskaltzaleen esku baizik, denok gara parte».

Komunikazioaren alorrari garrantzi handia eman diote. Arnastu euskara izenarekin perfilak zabaldu dituzte Facebooken eta Twitterren. «Eguna gerturatu ahala, jendeak plataforma horiek baliatzea gustatuko litzaiguke prestaketa lanak nola doazen erakusteko edo argazkiak elkarbanatzeko», esan du Igor Agirre komunikazio arduradunak. Informazio kanal hutsak direnak, maiatzaren 27ra bitartean «arnasberritzea» espero dute, horretarako #arnastueuskara traola erabilita.

Izen bera eramango duen webgunea www.arnastueuskara.eus lipdub-ean izen emateko erabiliko dute. «Alde Zaharrean egingo da ibilbidea eta kantuaren iraupenaren arabera banatuko dira metroak. Webgunean irudikatuko dugu ibilbidea zenbateraino dagoen beteta. Hala ere, behin betetzen denean er , izena ematen jarraitu ahal izango du jendeak, gero bukaeran parte hartu duen multzo hori guztia irudikatu nahi dugulako». Antolatzaileak arduratuko dira gero, euskaltzaleak ibilbidean zehar kokatzen eta haiei kantuaren zati bat esleitzen. Koreografo talde bat ere arituko da, bideo eta abestiari giroa eta koherentzia bat emateko. «Talde bakoitzari esan nahi diogu eramateko bere bereizgarriak diren gailuak eta elementuak, lipdub-a aldarri eta kolorez osatu ahal izateko».

Ekimena antolatzeaz arduratu den 15 pertsonako taldeak, ate guztiak joko ditu hemendik eta maiatzaren 27a bitartean. «Inork ez dezala esan ez zitzaiola kasu egin. Festa horretan denok dugu zeresana eta gutako bakoitzaren ekarpena garrantzitsua izango da. Tolosaldeak euskara arnasten duela erakustea da helburua, kaleko airearen bitartez, gure eskualdean euskara inoiz baino gehiago arnasten dela argi adieraztea». Maiatzaren 27an, eguerdian, Tolosako Alde Zaharrean.

 


Nagore Tamayoren logoa, Laketen doinuak eta Oihana Iguaranen hitzak


Arnastu euskara
ez da gaur sortu, hilabeteetako lana dago atzetik eta ekimenaren logoa aukeratzeko lehiaketa bat jarri zuten martxan antolatzaileek. Lehiaketa hori, TOLOSALDEKO ATARIA eta 28 Kanalaren bidez zabaldu zen eta lehiaketa iragartzeko egindako spot-a 1.500 lagunek baino gehiagok ikusi zuten.

50 lanetik gora jaso ziren eta logo irabazlea Nagore Tamayo gazteak egina da. Ondo sustraitutako zuhaitza irudikatzen du eta adarrak lau haizetara zabaltzen ditu. Berak egindako irudiak ilustratuko du Arnastu euskara ekimena. Lehiaketa irabazteagatik Go Proa eraman du Tamayok.

Maiatzaren 27an lipdub-an entzun eta dantzatuko den kantua, propio Arnastu euskararentzat egindakoa izango da eta izen hori eramango du. «Hasi Anoetako festetatik San Migelak bitarte eskualdean gehien entzungo den kantua izango da, ziur».

Ekimenaren talde sustatzaileak libre utzi die sortzaileei kantua egiteko bidea. Laket taldeak osatu ditu doinuak, aipatu dutenez, «melodia erraza du, erritmo latinokoa da eta ballenato estilo horretan, dantzarako gogoa jartzen du».

Doinu horien gaineko hitzak jartzeko lana Oihana Iguaran Amasako bertsolariari hartu ditu. «Zortziko txikian eta oin asko erabilita «bere modura maneiatu du» kantua eta «ederra» geratu da.

Gutxi batzuek izan dute kantua entzuteko pribilegioa. Orain grabazio lanetan ariko dira Laket taldekoak eta aurki entzun ahal izango dute eskualdeko euskaltzaleek.

Abestia hartu, entzun, probatu eta koreografia prestatzera animatu nahi dituzte euskaltzaleak Arnastu euskara ekimenekoek. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!