«Finantza entitateen aldetik ez dut borondate handirik ikusten oraindik»

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 15a, 12:09
Hipoteken zoru klausulei buruz eta hipoteka gastuei buruz kontsulta eskaera handitu da Tolosaldeko Kontsumitzaile Bulegoan. Gai horiei buruz hitz egin dugu Ainhoa Orrantia Kontsumitzaile Bulegoko arduradunekin.

Tolosaldeko Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak bilera informatiboa antolatu zuen otsailean, zoru klausulengatik kaltetuak izan direnei gaiaren inguruan dagoen informazioa zabaltzeko.

Hipotekan zoru klausula duten herritarrekin zer aldatu da gaur egun?

Joan den abenduan Europako Justizia Auzitegiak sententzia publikatu eta gero, Espainiako Gobernuak Errege Dekretu bat argitaratu duela zoru klausulengatik ordaindutako diru kopurua berreskuratzeko. Arauak aurretiazko erreklamazioak aurreikusten ditu; kontsumitzaileen kasuan aukerakoak dira, eta kreditu erakundeek, ordea, araua indarrean sartu eta hilabetera sistema hori ezarri behar zuten (epea 2017ko otsailaren 21ean amaitu zen), eta, horretarako, aurretiazko erreklamazioak artatzeko sail edo zerbitzu espezializatua sortu behar zuten. Sail edo zerbitzu horrek erreklamazioak, aurkezten direnetik hiru hilabeteko epean ebatzi behar ditu.

Are gehiago, erakundeek bermatu behar dute zoru klausulek eragin dien bezero guztiek sistema hori ezagutzen dutela. Hartara, aurreikusten da egindako erreklamazioen jarraipena, kontrola eta ebaluazioa egiteko organo bat sortuko dela. Suposatzen da organo horrek kreditu erakundeei beharrezko informazioa eskatuko diela, sistemaren berri eman dutela egiaztatzeko. Baina oraindik ez dugu organo horren sormenaren berri, eta arauak ez du zigor sistema aurreikusten entitateek betetzen ez duten kasurako. Beraz, eta berriro ere, kontsumitzaileak behar eta merezi duten babesik gabe geratzen dira.

Banku guztiak edo gehienak al daude sartuta gai honetan?

Esango nuke banku gehienak sartuta daudela, baina Tolosaldeko Kontsumo Bulegora zuzendu diren kaltetuak, batez ere, bi entitateko bezeroak dira; are gehiago, %90a entitate batekoa.

Ordaindutako gehiegizko dirua berreskuratzeko prozeduraren berri nola eman behar dute bankuek?

Entitateak moduren batean frogatu behar du bere bezeroek bazekiela salaketa judiziala abiarazi aurreko erreklamazioa jartzeko sistema ezarri duela entitateak berak: sail edo zerbitzu espezializatua sortzea, prozedura eta horri heltzeko aukera martxan daudela publikoari irekitako bulego guztietan eta webguneetan argitaratzea... Kontsumitzaileak adierazten badu ez duela horren berririk jaso, erakundeak bere gain hartzen du frogatzearen ardura.

Kontsumitzaileentzat aukerakoa da. Hala ere, azpimarratu behar dugu komenigarria dela kaltetuak bide hau agortzea, auzitegira joan baino lehen, kostuak ahal diren neurrian saihesteko.

Auzitegietara joan gabe, zoru klausulengatik ordaindutako gehiegizko dirua berreskuratu ahal da?

Horretarako, kontsumitzailea erakundera bertaratu behar da. Hau egin eta gero, dena entitateen borondatearen mendean dago eta momentu hauetan oraindik ez dut borondate handirik ikusi haien partetik, hau da, kreditu erakundeak erabaki lezake bidezkoa dela ala ez dirua itzultzea. Bidezkoa dela erabakitzen badu, itzuli beharreko zenbatekoa kalkulatu beharko du, sortutako interesak barne, eta jakinarazpena bidali beharko dio bezeroari, egindako kalkulua xehatuta. Esan dudan bezala eta kasu batzuetan gertatzen ari dena da, eta horrelako testigantzak jasota ditugu, entitateak ez diola kaltetuari legez agindutako kalkulua xehatuta idatziz eman nahi, eskainitako zenbateko hori bidegabe kobratu denarekin bat etorri ez daitekeelako. Kasu hauetan, kaltetuak entitatearen proposamena idatziz ez badu, entitateak erantzungo ez balio bezala da. Beraz, gure aholkua da entitateak ez badiete kaltetuei proposamenaren dokumentua ateratzen uzten, kaltetuek ezer ez sinatzea eta auzitegira joatea. Eta proposamena ateratzen uzten badiete, orduan, sinatu baino lehen, aditu batekin kontsultatu ea komenigarria den onartzea ala ez.

Bankuak kasu guztietan derrigortuta al daude dirua itzultzera?

Gerta liteke kreditu erakundeak erabakitzea ez dagokiola dirua itzultzea. Kasu horretan, kontsumitzaileari erabaki hori jakinarazi eta arrazoitu beharko dio, eta, horrekin, epaitegi kanpoko prozedurari amaiera emango zaio. Azken kasu horretan, kontsumitzaileak daukan aukera bakarra bide judiziala da.

Zenbat iraun dezake prozedurak?

Judizioz kanpoko bidetik kaltetuak erreklamazioa aurkezten duenetik, gehienez 3 hilabetekoa da prozeduraren iraupena. Auzibidetik, auzitegiak duen lan kargaren arabera.

Zenbat herritar izan daitezke gehiegi ordaindu dutenak?

Ez daukagu datu hori, baina Tolosan otsailaren 21an eman genuen kaltetuentzako hitzaldian, gutxi gorabehera, berrogeita hamar kaltetu etorri ziren. Hala ere, kontuan izan behar dugu kaltetu batzuek ez zutela hitzaldi honen berri izan.

Bestalde, oraindik badaude kontsumitzaileak ez dakitenak zoru klausula daukaten ala ez, eta Kontsumo Bulegoan beraien hipoteka mailegu eskriturak aztertzeko prest gaude.

Bankuekin lotutako beste gai bat eta gaurkotasuna duena, hipotekak kontratatzerakoan dauden gastuena da.

Etxebizitza bat erosten dugunean, sinatzen ditugu salerosketaren eskriturak eta hipoteka maileguaren eskriturak. Eta biek bere gastuak dituzte. Salerosketarenak guri, kontsumitzaileoi, dagozkigu. Hipoteka maileguaren gastuei buruz esan dezakegu, gaur egun, gaia ez dagoela batere argi. Batetik, epaile guztiak ados daude notariotza eta erregistroaren gastuak entitateari dagozkiola esatean, eta hauek hipoteka maileguaren gastu osoaren %15a da gutxi gorabehera.

Hala ere, beste gastuei buruz, hau da, tasazio gastuei, kudeaketarena eta Ekintza Juridiko eta Dokumentatuen gaineko zergari buruz iritzi kontrajarriak daude epaileen artean, eta kontuan izan behar dugu gastu hauek hipotekaren gastuen %85a direla gutxi gorabehera. Epaile batzuek gastu hauen ordainketa erabiltzaileari dagozkiola esaten dute eta beste batzuek entitateari dagozkiola. Are gehiago, zergaren kasuan eta entitateari dagokion kasuan ere, ez dago batere garbi zeinek itzuli behar duen kontzeptu honengatik ordaindutako dirua, entitateak berak ala Ogasunak. Azken kasu honetan legeak nahiko garbi uzten du zein den zergaren subjektu pasiboa. Beraz, aspektu honi buruz sententzia baino araudiaren aldaketa behar dugu. Eta aldaketa hori egin arren, ez duela atzeraeraginezko ondoriorik izango pentsatzen dugu.

Uste dut erabat komenigarria dela gauzak argitu arte itxarotea. Pentsatu behar dugu 2019ra arte erreklamatzeko epea dugula.

Zuek zerbitzua handitu beharra izan duzue azken asteetan kaltetu ugari gerturatu delako informazio eske, ezta?

Kontsumo Bulegoarentzat eromena izaten ari da; lanez gainezka dago. Abendutik hona, bereziki bankuei lotutako gaiei buruzko kontsultak egin dituzte, zoru klausulak eta hipoteka maileguen gastuak, hain justu. Hau normalean dugunari telefonia, oinarrizko horniketak,… gehitu behar zaio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!