Eskualdekoek ez dute txapelik lortu Migel Soroan

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 4a, 20:12

Tolosaldeko hiru pilotari iritsi dira Migel Soroa Ogi Berri Txapelketara. Finalak gaur arratsaldean jokatu dira, eta Egiguren, Labaka eta Telletxea txapeldunorde geratu dira.

Migel Soroaren oroimenezko txapelketa gaur arratsaldean amaitu da, hiru finalak jokatu ondoren. Lehena jubenilena izan da. Nafarrak erraz nagusitu dira, partidaren bigarren zatian jokoaren jaun eta jabe izan baitira. Mata-Cordonek 22, Sein-Etxeberriak 13 izan da azken emaitza. Pilotaririk onenaren saria Matari eman diote.

Etorkizunekoen finalean aurreko partidan gertatu dena errepikatu da. Lehen zati borrokatu baten ondoren, bigarren zatian bikote irabazlea erabat nagusitu da. Etxeberria-Arangurenek 22, Egiguren-Ruizek 10 izan da azken emaitza. Ioritz Egiguren saiatu da aurrean jokoa nahasten, eta bikain hasi da sake errematean. Baina gero hutsak etorri dira, eta irabazleek ez dute barkatu. Partidako onenaren saria Etxeberria nafarrari eman diote.

Elite mailako finala oso polita izan da. Prado-Arratibel nagusitu dira partidaren zatirik handienean, baina Labaka-Telletxeak gogor borrokatu dute. Egindako tanto ugari izan dituen finala izan da, eta azken unera arte borrokatua. Amaieran 22-14 nagusitu dira gorriak. Partidako jokalari onenaren saria Ibai Arratibel ataundarrari eman diote.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!