Trantsiziora bidean

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mar. 5a, 09:57

2001era egin behar da salto Bilgune Feministaren sorreraz hitz egiteko. Emakume Abertzaleen Topaketak egin ziren Leitzan (Nafarroa) eta hor ereindako hazitik jaio zen Bilgune. «Topaketa horien helburua zen emakume abertzale eta feministak elkartu eta diagnostiko bat egitea Euskal Herrian emakumeen errealitatea zein zen ikusteko. Arlo instituzional-politikoa, sozio-ekonomikoa eta ideologikoa hartu ziren kontuan», esan du Saioa Iraola Bilgune Feministako kideak.

Ez ziren hutsetik abiatu hala ere, 80ko hamarkada «oso potentea» izan zen mugimendu feministei dagokienez, «batez ere, sexu-eskubideei eta ugalketa-eskubideei lotuta, abortuaren aldeko kanpainak egin ziren, familia-plangintzak...», azaldu du Iraolak. Euskal feminismoa ere aipatu du Bilguneko kideak: «Gu tradizio feminista jakin batetik gatoz, euskal feminismoa deitu izan dioguna, eta horren aurrean estrategiak zehazterako garaian, zapalkuntza hirukoitza jasaten dugula aipatzen zen: sexu-generoari zegokiona, klasearena eta nazio edo kultura zapalkuntza. Hau da, gu emakume bezala, langile bezala eta euskal herritar bezala zapalduta gaude. Gure estrategia feministak horri erantzun behar dio».

Hor eragiteko baina, indar metaketa eman behar zela ikusi zuten, talde feminista haiek «atomizatuta» zeuden eta aliantza sendoak egiteko ordua zela iritzi zuten. «Euskal Herri mailan nazio mailako erakunde feminista baten beharraz ohartu ziren».

Esan eta egin. Elkartzeko beharraren aurrean lanean hasi ziren eta lehenik eta behin, feministen elkargune horrek izango zuen izaeraz aritu ziren, «talde autonomoa behar zuen». Izan ere, ordura arteko taldetako asko, antolakunde politiko jakin bati lotuta zeuden.

15 urte hauetan lan asko egin du Bilgune Feministak, batez ere emakumeen beharrak eta eskubideak ikustarazten, eta egiteko asko badago ere, feminismoa gaur-gaurkoz osasuntsu dagoela dio Iraolak. «Nire ustez feminismoaren mugimendua potenteena da, baina baditugu erronka batzuk, lantzen ari garenak. Euskal Herriko jardunaldi feministak antolatuko ditugu zentzu honetan, gako guzti hauek lantzeko aukera izateko. Feminismoa osasuntsu dago, iaz Gasteizen egindako Feministok Prest-eko manifestazioa ikusi besterik ez dago, milaka pertsona elkartu ginen han. Harreman onak ditugu feministen artean, elkarlanean gaude, elkar aitortza dago, eta hori asko da».

'Indar bat dabil hor'

Iraolak aipatzen duen osasun horren atzean, talde feministen lana dago, eta baita noski, Bilgune Feministaren lana. Hori ere nabarmendu nahi izan dute urteurrenean, eta hortik aukeratutako leloa: Feminismoak egiten gaitu herri, indar bat dabil hor. «Xabier Amurizaren esaldi bat da indar bat dabil hor. Adierazi nahi duguna da urte guzti hauetan egindako lana aitortu behar diogula geure buruari. Eta urte hauetako jardun nagusiak azpimarratu nahi ditugu: sarearen funtzionamendua, aitzindari feministen tradizioa aitortu behar dugula, Bilgune emakume feminista, independentista eta abertzaleen bilgunea dela, antolaketa eta borroka etengabe bat dela... Indar feminista bat dabil hor eta indarra gu gara, feministak gara indarra».

Aldaketa

Bilgune Feministak argi du borroka eta antolaketa behar direla aldaketak emateko, «jendarte feminista nahi badugu, eredu patriarkalari aurre hartu nahi badiogu, borroka eta antolaketa behar dira, horiek gabe ez dago muturreko aldaketarik ematerik, eta feminismoa eremu guztietan txertatzea, orain, muturreko aldaketa bat da».

Horretarako momentu egokian gaudela ere uste du Iraolak. «Aldaketa garaian gaude, bizi ereduetan aldaketak ematen ari dira, sistema kapitalista berdefinizio fasean dago... eta aldaketa hau norabidetzea dagokigula uste dugu. Guk prozesu honi trantsizio feminista deitzen diogu, trantsizio feminista egiteko garaia da. Horrekin ekinbideak martxan jartzea dagokigu», esan du.

Gizarte feminista baterako saltoa emateko garaia izaki, trantsizio garaian gaudela ere uste dute Bilgune Feministako kideek. «Eta trantsizioa emateko boteretzea eman behar da», nabarmendu du Iraolak. Boteretze feministaz ari denean «indar feminista guztiaz» ari dela dio Bilguneko kideak eta hori da hain justu VII. Topaketa Feministetan landuko duten gaia: boteretzea. Indar guzti hori eragitera bideratu behar baita. «Feministok geroz eta ikusgarritasun gehiago dugu, baina zenbat eragiten dugu? Horretarako proposamen bat lantzen ari gara, nazionala izango den espazio feminista bat sortzeko. Eremu ezberdinetako eta mugimendu feministetakoak bildu nahi ditugu. Gure ustez mugimendu feministak aitortu behar du espazio hori».

Bi urte dira boterearen gaia lantzen hasi zirela Bilgune Feministan eta gogoeta prozesu hori otsaila eta martxoa artean eztabaidatuko dute herrietan. «Zer da boterea feministontzat? Hori ere aztertu behar dugu. Kanpoan dagoen zerbait al da? Guk duguna? Biak? Boteretze hau lortzeko eta trantsizio hau egiteko zein tresna behar ditugu? Emakumeak herrietan antolatzen jarraitu behar al da? Harago biltzen diren feminista guztien saretzea behar dugu instituzioetan eragiteko? Elkarlana bultzatu behar al da?». Galdera asko dituzte eta erantzun horiek guztiak biltzeko maiatzaren 6an Berriozarren (Nafarroa) egingo dituzten VII. Topaketa Feministak baliatuko dituzte. «Topaketetan goizean mahai ingurua egingo da, eremu desberdinetako feministekin, eta gure proposamena botako dugu gero. Gogoeta prozesu batean gaude, eta antolatzen dena, otsailean eta martxoan, herrietan eztabaidatuko da. Honekin lotuta hiru eztabaida eman ditugu jada. Bi urte dira hau lantzen ari garela», esan du. Baina Topaketak baino lehenago badute beste hitzordu bat: martxoaren 25ean egingo duten sozio-ekonomia mintegia. «Ekonomia feministako foroan gure herrian bizitza ona kolektiboki ezaugarritzeko urratsak eman eta burujabetza feministaren norabidean, bizi ditugun gurutzada neoliberalen aurrean feminismotik irekitzen diren erresistentzia eta alternatibentzako gakoak aztertuko ditugu». Azpeitiko Sanagustin kulturgunean izango da foroa eta hainbat gonbidatu izango dituzte gaia lantzeko, hala nola, Cristina de la Cruaz REAS Ecosolfemeko kidea, Helena Franko EHUko ekonomia irakasle eta Ogasun diputatu ohia, Mari Luz Esteban EHUko gizarte antropologia irakaslea eta Silvia Carrizo Malen Etxeako kidea.

Egiturazkoa

Bilgune Feministaren eskaera «historikoa» da feminismoaren begirada arlo guztietara zabaltzea, eta horrela feminista izango den herri bat eraikitzeko. Eta 15 urte hauetan horretan eragiten saiatu dira, zaila bada ere. «Politika gauza asko dira. Egia da 80ko hamarkadatik aurrera berdintasun politikaren aro batean sartu ginela eta legeetan eman dira aurrerapausoak, baina asko dago egiteko oraindik. Politika instituzionalek neurri batean lagundu dute gure egoera hobetzen eta aurrerapenak ere eman dira kontzientziazioan, mugimendu feministak atakan jarri ditu agintariak hainbat neurri hartzeko, baina mugimendu feministaren funtzio historikoa hori izan da, xaxatzea hainbat neurri hartzera behartzeko, baina ikusten dugu neurri instituzionalek atzera egin dezaketela, ez dira iraunkorrak, eta herrialde guztietan ez dira berdin ematen. Alargun pentsioari lotuta gatazka dago, Nafarroan onartu da baina EAEn ez... Indarkeriari lotuta, neurriak hartu dira, denak gaude politikoki indarkeriaren aurka, baina zein aukera ematen zaizkie indarkeria jasan duten emakumeei, zein baliabide daude? Lekuaren arabera aldatzen dira. Indarkeria errokoa dela esaten badugu, neurri integralak behar dira».

Bilgune Feministako kideek argi dute beraz, formak, lan egiteko eta antolatzeko moduak edota komunikatzeko erak aldatuko direla, baina gizarte feminista erreal bat sortze bidean emango dituztela beti, urratsak, eta horretan jarraituko dutela, «eragiten jarraituko dugu».

15. URTEURRENA

EKITALDIAK

Martxoak 25. Ekonomia feminista foroa, Azpeitian (Gipuzkoa).

Maiatzak 6. VII. Topaketa Feministak, Berriozarren (Nafarroa).

Ekainak 3. Erakundetze feministaren inguruko mintegia.

 

SAREAN LAN EGITEAREN GARRANTZIA

Kanpora begira eragiteaz gain, Bilgune Feministak bere militanteak zaintzeko konpromisoa izan du beti eta hori dela eta barne-antolakuntzari ere garrantzia ematen diotela dio Iraolak. «Euskal Herrian asko antolatu gara eta militantziaren kontzeptura lotuta egon gara beti. Baina Bilgunen militatzeko beste eredu bat lortu nahi dugu, ez dagoena bakarrik sakrifizioari lotuta. Gure erronka sare bat osatzea da, Euskal Herria feministaren alde egingo duen sarea. Horregatik ematen diogu garrantzia gure funtzionamenduari, sareko funtzionamenduari. Bilgune Feminista sortzen denean nazionalak diren lantaldeak daude, eta orain ere badaude, baina urteen poderioz ikusi dugu horiek zabaldu direla nolabait, eta orain lan ildoez aritzen gara; sexualitatea da lan ildo bat, politika instituzionala beste bat, hezkuntzari edo hezkidetzari lotutako beste bat dugu, gatazka politiko armatuaren konponbidea ere lantzen dugu, autodefentsa... eremuak, lan ildoetara pasa ditugu gaurkotu ahal izateko».

Herriz herri

Saretze lan hori barne antolakuntzatik harago doa. «Emakume abertzale eta feministen sarea dago, eta baita herrietako taldeak ere. Euskal Herrian 20 bat daude orain Bilguneri lotuta eta lantalde zehatzak ere badaude; autodefentsa feministarako tailerretarako lantalde bat dago, gatazka politiko armatuari lotutakoa, komunikabideetakoa...». Ekarpen ekonomikoa egiten duten Bidelagun Feministak ere badaude sare horren barruan.

Eztabaidak emateko bidea zabaldu asmoz, bi urtetik behin Topaketa Feministak egiten dituzte. «Iparrari lotutako eztabaida politikoak kokatzen ditugu hor, norabidea zehazteko espazioak dira Emakume Abertzaleen Topaketa Feministak».

Lan talde guzti horiek koordinatzeko antolaketa horizontala darabiltela ere esan du Iraolak. «Erronka bat da hori, nazio mailako antolaketa baten egitura bat eskatzen baitu batzarrez kanpo, eta hor kokatzen dugu guk hilero egiten dugun batzar nazionala, erabaki gune nagusia dena. Ikasturtero bi formakuntza politikorako asteburu ere baditugu, Bilgunen militatzen duten guztiei irekiak direnak. Bilgune Txikia ere badugu kudeaketarako gunea dena; bertan liberatu batzuk gaude eta hainbat ardura ditugu koordinazioari, herrien zaintzari, komunikazioari eta kontu hartzeari dagokienez. Gure apustua beti izan da herrialdeetako arduradunak ere parte hartzea talde honetan, baina zailagoa da. Lantalde zehatzak ere baditugu eta horiei momentu jakin batean sortzen diren beharrak asetzeko sortutakoak gehitu behar zaizkie, orain, esaterako, urteurrena dela eta hainbat lantalde daude lanean».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!