Formazio eta ikastaro ugari antolatu ditu Lehiberri Zentroak

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 2a, 12:40

Tolosaldea Garatzen Garapen Agentziak eta Lehiberri zentroak ikastaro eta formazio ugari antolatu ditu hurrengo aste eta hilabeteetarako. Izen emateak zabaldu dituzte, tolosaldea@lehiberri.eus helbidera idatzita.

Garapen Agentziak jakinarazi duenez, Kudeaketa Eskola sortu du «formazioan sakontzeko». Alde batetik, «lehiakortasun pertsonala hobetzeko» jardunaldiak antolatu dituzte. Kontzeptu hori zer den lantzeaz gain, lehiakortasun hori «hobetzeko» oinarriak aztertuko dituzte. Era berean, norberaren jarrerek eta ohiturek lehiakortasunean duten eragina ere izango dute hizpide ikastaroan.

Martxoaren 9an izango dira jardunaldiak 09:30etik 14:00etara, eta Jaime Couciño izango da hizlaria. Izena emateko azken eguna martxoaren 6a da.

HIZKUNTZAK IKASTEKO AUKERA

«Negozioetan erabiltzen diren» ingeles eta frantses ikastaroak antolatu ditu garapen agentziak. Tolosaldeko enpresari eta profesionalentzat antolatu dituzte: «Guztiz praktikoak eta ahozkoak izango dira eta plaza mugatuak daude», adierazi dute agentziako kideek.

Martxotik maiatzera arte iraungo dute ikastaroek. Astearteetan frantsesa eskainiko dute, eta asteazkenetan ingelera; 13:00etatik 15:00etara izango dira ikastaroak. Ingelesean maila «aurreratua» landuko dute, eta frantsesekoa, berriz, maila «ertaina» izango da.

Lehiberri zentrora atxikituta dauden enpresek «%50ko hobaria» izango dute izena emateko garaian. 200 euro balio du matrikulak Lehiberri zentroko enpresentzat, eta 400 euro gainerakoentzat. Ikastaro honetan izena emateko epea zabalik da jada.

POLONIARA, KOMERTZIAL

Lehiberri Zentroak «misio komertziala» antolatu du Poloniara, aurtengo ekainerako. Garapen agentziak «agenda pertsonalizatua, mediku asegurua, logistika eta laguntza teknikoa eta internazionalizaziorako diru laguntza osagarrien kudeaketa» eskainiko du. Izena emateko epea martxoaren 24 a da.

Lehiberri zentrora atxikita dauden enpresek «lehentasuna» izango dute ikastaroetan izena emateko garaian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!