Batzar Nagusietan ez da eratuko Aralarri buruzko talde txostengilea

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 2a, 08:00

Batzar Nagusietako Ekonomia Sustapen eta Landa Garapeneko Batzordean Aralarren kudeaketaren inguruan talde txostengile bat osatzea eskatu zuen EH Bilduk, baina ez du aurrera egin proposamenak.

EH Bildutik azaldu dutenez, «Aralar Natur Parkearen etorkizuna adosteko aukera blokeatu egin dute EAJk eta PSE-EEk». Koalizioak azaldu duenez, talde txostengilearen helburua «parkearen kudeaketa integralerako ekarpen kualifikatuak jasotzea» zen, «sektore anitz, ezberdin eta ugariren parte hartzearekin». Foru Gobernuan dauden alderdiek ekimenaren aurka bozkatzean, «akordioari ateak itxi eta bosgarren martxa sartu nahi dute aurrera egiteko Aralarreko pisten eraikuntzarekin, gatazka soziala eta ondorio txarrak eragingo dituztela jakin arren», gaineratu dute.

EH Bilduren ustez, Enirio-Aralar Natur Parkeak «balio sinboliko, ekologiko eta kultural handia» du gipuzkoarrentzat. «Hori dela eta, Foru Gobernuak aurkeztutako Kudeaketa Planak jendartean tentsio handia sortu du azken hilabeteetan. Babesgabetasun sentsazioa eta ezinegona zabaldu dira, eta Zaldibiako Oiduiko borda erretzea azkeneko adierazlea dugu». Koalizioak gaineratu duenez, «egoera honetan, irtenbide bakarra kudeaketa egokia eta parte hartzerako kanalak irekitzea da». EH Bilduk «elkarrizketarako» deia egin zion Foru Gobernuari, eta «sektore guztien iritzia jasotzeko batzorde berezia» sortzea eskatu zuen. «EAJk eta PSE-EEk, aldiz, oztopoak besterik ez dituzte jartzen akordioetara iristeko, eta irtenbide adostua bilatzeko ekimena atzera bota dute. Gainera, erabakitzeko ahalmena dituzten guneak saihesten ari dira. Adibidez, Aldundiak jarraitu duen prozeduran, Natur Parkea kudeatzeko aholku organoa den Patronatua ez du deitu». Aldundiaren helburua «argi» adierazten dutela dio: «Pisten eraikuntzarako aurkeztu duten proiektua aurrera eramatea lehenbailehen».

Bere aldetik, EAJtik harrituta azaldu dira, «Aralar Natur Parkea izendatu zela hogei urte igaro eta gero, eta EH Bildu batzarkide taldeak erabakiak hartu diren organo desberdinetan ordezkaritza izanik, sekula egin ez duen Aralar 'egoki kudeatzeko' talde txostengile bat sortzeko EH Bilduren asmoarekin». EAJren iritziz, Aralar Natur Parkeak «behar duen kudeaketa egokia egiteko beharrezko baliabide eta prozedura guztiak ematen dira jada eta talde txostengile bat osatzeak ez du inongo zentzurik».

EAJk gogora ekarri du «abenduan Gipuzkoako Batzar Nagusiek Enirio-Aralar Mankomunitateak onartutako Inbertsio Beharren Plana babestu» zutela eta aldundiari eskatu ziela Inbertsio Beharren Plana «etenik gabe» gauza zezan, «horretarako beharrezko diren baliabide tekniko zein ekonomikoak bideratuz». Aldundiak «2015-2019 Kudeaketa Plana egin zuen eta Mankomunitateak aho batez onartu» gaineratu du EAJk, eta «EHNE eta ENBA sindikatuek babestutako prozesua» dela. EAJk dioenez, «azaldutako guztiak argi uzten du Enirio-Aralarko beharrak jaso dituen Kudeaketa Plana demokratikoki hartutako erabakia dela. Eta orain planaren gauzatzea, araudiak agindutakoari jarraituz egingo dela. Prozedurak, eragile eta herritar ororen partaidetza bermatzen duelarik».

OIDUIKO BORDAREN ERREKETA

Batzordean, bestalde, taldeek aho batez onartu dute Enirio-Aralar Mankomunitateko Oidui saroiko bordaren erreketa gaitzesteko ebazpen-proposamena. Borda «erre izana» salatzen dute eta elkartasuna adierazi diete «Aralar bizi eta maite duten gipuzkoar guztiei eta bereziki, Zaldibiako mendizale elkarteko kideei».

Onartutako testuan zehazten denez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek dei egiten diote Gipuzkoako Foru Aldundiari, erreta azaldu den Oidui saroiko borda konpontzeko «behar diren baliabideak» Enirio-Aralar Mankomunitatera «helburu horrekin zuzentzeko», egungo erabiltzaileen proiektuek berriz ere aurrera egin dezaten. Bide batez, Enirio-Aralar Mankomunitateari borda konpontzeko baliabideak bideratzea eskatzen zaio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!