Eskualdeko 11 bikote Mus Txapelketako finalean

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 1a, 16:38

Martxoaren 25ean izango da Euskal Herriko IX. Mus Txapelketaren finala, Anoetan, eta bertan Tolosaldeko 11 bikote ariko dira.

Gipuzkoako finalaurrekoa Ibarran jokatu zuten pasa den larunbatean, eta finalera 32 bikote sailkatu ziren. Eskualdeari dagokionez, Amezketatik, Berastegitik, Ibarratik, Ikaztegietatik, Leaburutik, Tolosatik eta Villabonatik bikote bana joango dira, Lizartza eta Anoetatik bina bikote.

Bederatzigarren aldiz antolatu dute aurten, Mus Txapelketa. Antolatzaileen hitzetan, «Euskal Herrian ohikoenetakoa den mahai jokoa izanik eta hainbat mus txapelketa antolatzen direla ikusirik, Euskal Herri osoko muslariak bildu eta antolatzeko helburuz» egiten dute.

Nazio bakarra
«Bide honetan sortu genuen Euskal Herriko Mus Federazioa. Zazpi lurraldeetako muszale eta muslariez osatzen da eta gure herriak bizi duen zatiketa administratiboaz gaindi, nazio bakar gisa antolatu eta garatzen dugu gure jarduna eta alde berean nazio kontzientzia indartu», gaineratu dute.

Era beran, herrietako kanporaketetan musean jokatzeko  dauden modu eta ohitura desberdinak lekua eskaintzen dietela esan dute, eta ondoren, joko arau eta irizpideak bateratzen dituztela azaldu dute.
Finala ez da leku berean izaten, jada Euskal Herriko 7 herrialdeetan egin dituzte eta aurten Gipuzkoara bueltatuko da, Anoetan egingo dute. Egun horretarako jaia eta musa uztartuko dituen festa eguna antolatuko dutela aurreratu dute eta horretarako herritarren eta udalaren laguntza izango dutela.

Euskal Herriko Mus Txapelketa gutxi gorabehera Euskal Herri osoko 220 herritan jokatzen dute eta 50.000 euro baino gehiago banatzen dituzte saritan. Txapeldunek txapela, garai ikurra, 3.000 euro eta Karibera bidaia jasoko dute eta txapeldun ordeek garai ikurra, 1.500 euro eta Kanariar Uharteetara bidaia. Sailkatutako 16. bikotea bitarteko sariak banatzen dituzte, 750 eurotik hasi eta 100 euro artekoak. 

Finalistak:

Anoeta: Ibai-Joxe Mari

Anoeta: Beñat Sainz - Unai Ibarzabal

Berastegi: Xabier Saralegi - Andoni Azpiroz

Ibarra: Koldo - Martin LLorente

Ikaztegieta: Unai Eizmendi - Xabi Goikoetxea

Leaburu: Jabi Rezola - Axier Aristondo

Lizartza: Pello Olano - Tomas

Lizartza: Angel Santos - Lontxo Goikoetxeaundia

Tolosa: Joxe Mari Beldarrain - Fermin Asensio

Vilabona: Aitor Makazaga - Juan Iraola

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!