Artolak galdu egin du, baina itxura ona emanda

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 26a, 21:41
Artola eta Albisu artxiboko irudian

Artola eta Albisuk 19-22 galdu dute Eibarko Astelenan Irribarria eta Rezustaren aurka, eta asko zaildu zaie finalerdietarako sailkapena. Hori berri kaxkarra. Berri pozagarria, berriz, alegiarra joko maila ona erakutsiz itzuli dela izan da: bederatzi tanto egin ditu jokoan, ondo kokatua egon da ia beti, eta sendotasuna erakutsi du pilotari eutsi behar izan zaionean. Jaialdi berean irabazi egin du Erasunek, eta promozio mailako finalerdiak jokatuko ditu.

Ez da pilotazaleen gogoetan hiltzatua geratuko den partidetakoa izan, baina ezta partida kaxkarra ere. Rezusta ikaragarri batekin -bost tanto egin ditu, bakarra galdu du, pilota oso bizi ibili du eta kantxa oso ondo kubritu du- egin dute topo batetik, eta bestetik,  ez dute jakin Irribarriak eman dizkien aukerak baliatzen, huts dezente egin baititu honek.

Partida ona jokatu du, dena den, Iñaki Artolak. Bera ez da gustura geratu halere, eta hala adierazi partida amaieran, ez duela entrenamenduetako jokorik erakutsi. Esan duenerako, hala izango da. Baina egin ditu bederatzi tanto, batzuk oso-oso dotoreak, kalitate tekniko bikainekoak. Egia da bizpahiru erraz samar bota dituela, baina daraman lesio bolada kontuan izanik, eta ze jarraikortasun eskasarekin ari den jokatzen, erakutsi du zergatik nahi zuten erabaki klase hau hartzen dutenek berak joka zezan.

Aimar Olaizola eta Untoriaren aurka jokatuko dute azken partida. Bi bikoteak daude behartuta irabaztea, eta halere beste emaitza batzuei begira egon beharko dute. Irabazita ere gerta liteke kanpora gelditzea, baina galduta ez dute aukerarik izango. Horretara, irabaztera, aterako direla esan du alegiarrak

Arteaga-Erasunek 22-15 irabazi diete Dario-Ceciliori

Jaialdiko lehen partida, Arteaga-Erasun eta Dario-Cecilioren artekoa izan da. 22 eta 15 irabazi dute atzelari zirurkildarrak-eta. Partida borobila jokatu du Jon Erasunek: Arteaga iritsi ezin zen lekutara iritsi da, norabide egokia eman dio ia beti pilotari, batik bat, Cecilioren aire jokoa saihestuz, eta nabarmen utzi du bere pilotaritasuna. Partida hau irabazita, patrikaratu dute promozio txapelketako finalaurrekoetarako txartela. Gora egin du bikote honen jokoak txapelketa hasi zenetik, Erasunen atzeko koadroetako sendotasuna eta Arteagaren aurreko joko bolada ona merio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!