"Finalaren inguruko erabakiarekin ados; guk ere hori eskatzen genuen"

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 14a, 09:36
Oier Urkola, Ibarra Sokatira Taldeko tiratzailea

Ibarrako txapeldunetako bat da Oier Urkola (Anoeta, 1991).

Igandean izan zen finala, baina zerbaiten falta zuen.
Aurretik nahiko buruhauste izan zen, eta azkenean hori erabaki zuten. Hiru talde iritsi ginen finalera, eta beste hiruak deskalifikatu egin zituzten.

Erabakiarekin ados?
Bai. Guk hori eskatzen genuen; araudiak hori esaten duelako.

Momentuan bertan erabaki hori hartzerik ez al zegoen?
Ez dakit momentu hura ere egokiena izango zen. Izugarrizko tentsioa zegoen, eta ez zen egoera onena tiraldiak egiteko. Goma ere zegoen bezala zegoen, eta azkenean, gauza pila izan zen.

Legez kanpoko produktuak oinetakoetan.
Epaileek hiru taldetako tiratzaile desberdinei oinetakoetan zerbait debekatua erabili zutela ikusi zuten. Zer zen ez dakigu, baina epaileek esan zuten oinetako horiekin ezin zela tira. Araudiak esaten du legez kanpoko zerbait harrapatuz gero, talde hori pisu horretatik kanporatua izango dela.


Goma zegoen bezala esan duzu lehen. Nola zegoen?
Ondo eusten zuela. Nabaritzen zen zerbait bazegoela. Batzuetan izaten da huts egiten duela edo. Han ez, inondik ere. Gomak oso ondo heltzen zuen. Eta esan genuen, guri horrela eusten baldin bazigun, besteren bati ere ederki helduko ziola.


Finalaren bezperan 600ekoa hasi zenuten. Nekea?
Beste bi taldeek bezalakoa. Hirurok aritu ginen bezperan. Eguna jarri beharra zegoen, eta denontzat berdina izan zen.


Nolako finala izan zen?
Sokarri jotzen genuen faborito, aurreko denak irabazia zegoelako, eta 600ekoa ere eurek irabazi zutelako bezperan. Gaztedi ere oso indartsu zegoen, baina kiloetan beherago. Euren artean hasi zen finala. Lehen tiraldia oso gogorra egin zuten. Sokarrik irabazi zuen, eta 6 minutuko atsedenaldiaren ondoren, gure aurka hasi ziren. Aurrenekoa luzatu egin zen, baina gure aldera hasi zen etortzen pixkanaka. Bigarrena laburragoa izan zen, presio gehiagokoa. Biak irabaztean txapela Ibarraldera etor zitekeela sinistu egin genuen. Eta azkenean horrela izan zen. Gustura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!