Bosgarren eta bigarrenaren bila

Jexux Murua 2017ko urt. 27a, 16:48

Pilotazaleek arreta gune ugari izango dute asteburu honetan ere. Batetik, ohi bezala, eskualdeko pilotari gaztetxo eta gazteak hara eta hona ibiliko dira partida han eta partida hemen beren abilidadeak neurtzen, eta bestetik, Migel Soroaren omenezko Ogi Berri Txapelketaren bigarren jardunaldia burutuko da Tolosako Beotibarren, igandean.

Denaz gain ordea, bi-bitako txapelketa jokatzen ari diren eskualdeko pilotari profesionalek erakarriko dute gehienen arreta.

Altuna eta Artola bosgarren puntuaren gose

Bi-bitako Txapelketa Nagusiko ligaxkako bederatzigarren jardunaldia jokatuko da aste honetan. Altuna III eta Barriolaren bolada ona joan den astean eten zuten Erik Jakak eta Zabaletak, Mungian. Elkarrekin jokatuz partidarik galdu gabe zeuden txapelketa honetan ordura arte amezketarra-eta, baina obeditu behar izan zuten lizartzarra eta Zabaletaren jokoa dela-eta. Partidaren aurretik TOLOSALDEKO ATARIA-n egin zen inkestan Altuna-Barriolaren aldeko joera azaldu zuten zaleek, nabarmen, baina bestelako emaitza eman zuen partidak: Zabaletak bere golpe bizia inposatzeko aprobetxatu zuen Mungiako frontoi azkarra eta Jaka lizartzarrak ez zuen aukera galdu tantoak bata bestearen atzetik egiteko, eta, bide batez, zein mailako pilotaria den erakusteko.

Baina joana da hori. Estu dago txapelketa, oso estu; puntu baten bueltan daude zortzi bikoteetatik zazpi, pentsa. Lau puntu dituztenen multzoan daude Altuna eta Artola, eta aste honetan bertan nahiko dute bosgarrena eskuratu. Altuna III-Barriolak joan den astekoa ahaztea eta harra ateratzea nahiko dute Olaizola II eta Untoriaren aurkakoan. Igandean jokatuko da hau Gasteizko Ogeta frontoian. Zazpiko multzo horretan sartutako guztiak daude irabazteko premian, are puntu bat azpitik daudenak, eta hauen artean kokatzen dira Olaizola eta Untoria. Amezketarrak-eta, berriz, bikote horren aurkako lehen itzuliko emaitza berritu eta garaipenaren bidezidorrera itzuli nahiko dute. Mira berezia sortzen dute Olaizola II eta Altuna III.ren arteko lehiek gainera, eta erakartasun hori ere badu partida honek.

Iñaki Artolak, bestalde, bere ordezko Victor eta Albisuk egiten dutenari begira egon beharko du aste honetan ere aste honetan eta, esaten dutenez, beste lauzpabostetan, epe horiek baititu bere errekuperazioak ea Bengoetxea VI-Larunberen aurka bezala jokatu eta irabaztea lortzen duten.

Urrutikoetxea eta Imazen aurka ariko dira Victor eta Albisu Mallabian, ostiralean; Albisu jokoan dago, berau da pilotari onenaren sailkapeneko buru, eta atera dezakete partida aurrera errioxarra ondo tenplatua plazaratu eta lasai samar jokatzeko gai bada.

Peña II eta Erasun bigarren puntua nahi

Bi partida jokatu dituzte tolosarrak eta zizurkildarrak Promozio Txapelketan. Lehenak, Jon Ander Peñak, erraz irabazi zuen aurreneko partida Salaverrirekin, baina galdu egin zuen bigarrena errioxarra ordezkatu zuen Zabalarekin jokatuta. Bigarrenak, Jon Erasunek, Arteaga lasartearrarekin ari da jokatzen, galdu egin zuen lehen partida eta irabazi bigarrena.

Peña II. eta Salaverrik oraindik partidarik irabazi ez duten Ugalde-Martinezen aurka jokatuko dute Iruñeako Labriten, larunbat arratsaldean. Arteaga-Erasunek. berriz, oraindik partidarik galdu ez duten Herrandonea-Martijaren aurka ari beharko dute. Partida hau Tolosako Beotibarren jokatuko da astelehenean; jaialdi honetan bertan beste bi partida bikain ikusteko aukera egongo da: Irribarria-Rezusta eta Bengoetxea VI-Larunberen artekoa izango da nagusia eta, lehen partidan, aurrez aurre izango ditugu eskualdeko beste bi pilotari, Jaka eta Tolosa, Irustarekin hura eta Retegi Birekin hau. Pilota jaialdi benetan erakargarria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!