Tolosaldean ere badago txotx egiterik

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urt. 26a, 16:46

Eskualdeko zazpi sagardotegiek bat egin dute txotx garaiari heltzeko. Tolosa Gourmet klubaren barruan elkartu dira eta gaur eman diote hasiera sagardotegien garaiari. Mariona panpinak izan du ardura

Tolosaldeko 7 sagardotegiak bete-betean daude jada, txotx garaian. Seik ireki dute jada, eta zazpigarrenak, Lizartzako Goikoetxeak, bihar irekiko du. Aurten lehen aldiz txotx denboraldiaren hasierako ekitaldia egin dute guztiek eta horretarako Tolosako Eguzkitza sagardotegian bildu dira. Topic zentroko Mariona panpina izan da lehen urte honetan, txotxa irekitzeko ardura izan duena. Izan ere, Tolosaldean turismo enograstronomikoak emaitza oso onak izan zituen iaz, eta Topic-ek ere nabaritu zuen hori. Txotxongiloen etxeak %130 bisita gehiago izan zituen.



Tolosaldeko zazpi sagardotegiak Tolosa Gourmet klubaren barruan elkartu dira. Aurten bost urte betetzen ditu klubak, hain zuzen. Tolosa Gourmetek eskualdeko eskaintza enograstronomikoaren berri ematen du eta sagardotegietako txotx garaiak behe denboraldian bisitariei eskaintza erakargarri bat eskaintzen laguntzen du. Aurten hortaz, txotx garaiko eskaintza elkarrekin aurkeztu eta sektoreko eragileekin elkartzeko topagunea sortu nahi izan dute.

Nahiz eta Tolosaldeko sagardotegiek ez duten inoiz denboraldia horrela ireki, aurten badute pozik egoteko eta ekitaldia egiteko arrazoirik. 2016urteko uztan milioi eta erdi litro sagardo ekoitzi dituzte gutxi gorabehera, Tolosaldeko upategietan, eta udaberrian lehen aldiz botilaratuko den Euskal Sagardoa jatorri izendapeneko sagardoa izango dute Tolosako Isastegin, Ikaztegietako Begiristain eta Adunako Aburuzan. Ez da zigilu hori ordea, eskualdeko sagar zuku preziatuaren kalitatearen lekuko bakarra, Euskal Sagardoaz gain, Orain Hazi fundazioaren jabetzakoa den Gorenak ziurtagiriarekin ere botilaratuko baitute Tolosaldeko sagardoa, hau da, %100 bertako sagarrez egin dela adierazten duen zigilua izango dute Begiristainek eta Isastegik.
Sagardotegietan sagardoa bera baino askoz gehiago eskaintzen da ordea. Giroa, goxotasuna, sentsazioak... eta noski, otordu bikainak ere. 7 sagardotegiek menu tradizionala eskaintzen dute, baina baita bestelako jakiak ere, eskaintza borobildu asmoz; sardin-zahar tortilla, bakailaoa pil-pilean edo tomatearekin, Lumagorri oilaskoa parrilan, arkumea... Otordu bereziez gain, hainbat sagardotegik autobus zerbitzua ere eskaintzen dute.

 

1.388.000 litro sagardo

Ekoizpena. Tolosaldeko zazpi sagardotegietan ekoitzitako litroak besteak beste, txañaka, urtebi haundi, urtebi txiki, goikoetxe, gezamiña, urdiñ, errezil eta moko sagarrekin.

 

Berezitasunak

  • Begiristain (Ikaztegieta). Bakailaoa pil-pilean eta autobus zerbitzua. Instalazio bereziak ditu, baserri baten ukuiluan.
  • Eguzkitza (Tolosa). Bakailaoa tomatearekin, aurretik eskatuz gero. Garai batean erabiltzen zituzten sagardogintzarako tolare, matxaka eta abar dituzte ikusgai.
  • Goikoetxea (Lizartza). Errezil sagar sagardoa.
  • Aburuza (Aduna). Bakailaoa saltsan eta Lumagorri oilaskoa parrillan, aurretik eskatuz gero. Kafetegia ere badaukate.
  • Zalbide (Abaltzisketa). Saiheskia aurretik eskatuta, eta sardin-zahar tortilla eta haurrentzako menua. Autobus zerbitzua du.
  • Zabala (Aduna). Bakailaoa ajoarriero eran eta bakailaoa parrillan, aste barruan eta aurretik eskatuta.
  • Isastegi (Tolosa). Bakailaoa saltsan eta arkumea aurretik eskatuta. Autobus zerbitzua Tolosatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!