Altuna III lau lehenetan sailkatu da lehen itzulia amaituta

Tolosaldeko Ataria 2017ko urt. 17a, 12:01

Altuna III. eta Barriolak ez dute huts egin eta sailkapeneko lau lehenetan sartzeko behar zuten puntua irabazi dute; Artola-Albisu zazpigarren dira laugarrenarekin berdinduta. Asteburuan protagonista izan ditugu Jaka, Peña II eta Erasun ere.

Lesiotik itzuli zenez gero, Jokin Altuna ari da izaten jokatzen dituen partidetan distira bereziarekin nabarmendu eta zeresan gehien ematen ari den pilotaria. Abel Barriola bikote duela, lau partida jokatu ditu txapelketa honetan eta lau garaipen pilatu, larunbatean azkenekoa gainezka zegoen Iruñeako Labriten. Aimar Olaizola eta Untoria zituzten aurkari eta bi bikoteak zeuden puntuaren premian; exijentzia eta tentsio handiko partida, beraz.

Dohain asko ditu amezketarrak baina ez du kamutsena gisa honetako partidetara egokitzeko duen gaitasuna, eta halaxe ekin zion partidari, ausart, askorentzat azken urtetako aurrelari onena denaren aurrean kikildu gabe. Partida hasiera gorabeheratsua izan zen eta berdinduta iritsi zen hamargarren tanto ingurura. Hemendik aurrera, ordea, amezketarrak eta leitzarrak bospasei tantoren aldea hartu zuten eta ondo zaindu zuten abantaila bukatu arte: 22 eta 16 eta laugarren puntua zakura.

Victor eta Albisuk porrota

Atzo, Tolosako Beotibarren, Victor eta Albisuk hirugarren partida galdu zuten jarraian, oraingoan, Urrutikoetxea eta Imazen aurka: 22 eta 18. Bolada txar honek sailkapeneko zazpigarren puntura eraman ditu laugarrenarekin berdinduta bada ere.

Erik Jaka onenen artean

Danel Elezkanoren lesioak eman dio aukera Erik Jakari onenen artean lehiatzeko. Denbora luzea zeraman erakusten daukan joko maila bikaina, eta ondo merezitako aukera izan da enpresak eskaini diona. Ezkurdia-Merino II.ren aurka jokatu zuen Logroñoko Adarragan igandean Zabaleta atzelari bikainarekin.

Zabaletak, baina, ez zuen aurrez pentsa zitekeen alderik jarri atzeko koadroetan eta horrek asko zaildu zuen Jakaren luzimendua; horrek eta, beharbada, jokaldietan zorte on apur baten faltak, tantotik faltara eramaten dituen horretxenak: lauzpabost aldiz jo zuen txapa lizartzarrak ondo erabakitako jokaldietan, eta aurkarientzat izan ziren bereak izatekoak ziren tantoak.

Azkenean, Ezkurdia eta Merinok irabazi zuten 22 eta 15, partida serioa jokatuta, irabazi behar zaien bikote horietakoa osatzen dutela erakutsiz. Asteazkenean eduki dezake Erik Jaka lizartzarrak bigarren aukera, hain zuzen, Altuna II. amezketarraren aurka.

Promoziokoan, Erasunek galdu eta Peñak irabazi

Ostiralean eman zitzaion hasiera Promozio Txapelketari Hendaiako Beltzenia frontoian eta Jon Erasun zizurkildarra izan genuen protagonistetako bat. Arteaga lasartearra lagun zuela 19 eta 22 galdu zuen Laso-Iturriaga bikote nafarraren aurka. Partida guztiz galduta ikusi arte ez ziren hurreratu, ez Arteaga eta ez Erasun, duten joko mailara: 21-9 galtzen joatetik 21-19ra etorri ziren, baina mehea da tanto bakarraren tartea, hutsik barkatzen ez duena, eta ezin izan zuten errematatu.

Larunbatean, berriz, partida erosoa izan zuten Jon Ander Peña tolosarrak eta Ruben Salaverri errioxarrak Iruñeako Labriten. Peña II. eta bere lagunak serio eta oparirik egin gabe aritzea nahikoa izan zuten Bakaikoa debutatzaileari –profesionaletan jokatzen zuen lehen partida zuen– eta Ladis Galarzari irabazteko. Hasiera-hasieratik hartu zuten abantaila eta arazorik gabe eutsi zioten. 22 eta 11koarekin amaitu zen partida.

Askoren iritziz, Promozio mailako binakako txapelketa honetan zeresana eman dezakeen bikotea osatzen dute Jon Ander Peña eta Ruben Salaverri gazteek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!