Osasungintza ereduaz hitz egiteko mahaia osatu dute

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urt. 10a, 13:40

Inviza eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioa bukatu den honetan eragileen iritziak bilduko dituen foroa abiarazi dute.

Abenduaren 31n bukatu zen Invizaren, Asuncion klinikaren kudeatzailearen, eta Eusko Jaurlaritzaren artean sinatutako akordioaren luzapena. Berez azaroaren 15ean bukatu zen hitzarmena, baina akordioa hilabete eta erdiz luzatu zuten Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian azaroaren 14an argitaratu zutenez.

Momentu erabakigarria da beraz, Tolosaldeko osasun arretarentzat; eredu publikoa edo pribatua, horra hor bi aukerak.

Hitzarmen berria sinatuko balute datozen bost urteetarako indarraldia izango luke eta hori dela eta eskualdeko eragileak martxan jarri dira, «denon artean eskualdeko osasun sistema onena» zein den erabaki nahi baitute. «Beldur gara Eusko Jaurlaritzak ez ote duen hitzarmena aldebakarrez eta iritziak kontutan hartu gabe hitzarmena sinatuko», esan du Eneko Maioz foroa osatzen aritutako alkateetako batek. 

Parte hartze mahaira ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak; Tolosaldeko ESIn (Erakunde Sanitario Integratuan) parte hartzen duten udalak; EH Bildu, EAJ, PSE, PP, Podemos eta Ezker Anitza alderdiak; TOPA eragile moduan; eta Osakidetzako lurralde ordezkaria deitu dituzte, eta pasa den abenduaren 27an egin zuten lehen bilera, Ibarran.

Deia zabala egin zuten, baina ez ziren guztiak bertaratu. ELA, EAJ, PSE, Podemos, Ezker Anitza, ESIko Tolosa eta Villabonako udaletako ordezkariak eta Osakidetzako lurralde ordezkaria ez ziren joan. Baina datorren bilerara berriz ere deituko dituzte, asmoa Tolosaldeko osasun sistemarik egokienaren inguruan adostasun zabala lortzea baita, esan dutenez.

Lehen bilera hura lehen hartu-emana besterik ez zen izan, bakoitzak bere jarreraren berri eman eta parte hartzeko konpromisoa azaltzeko bilera. Bigarren bilerara Tolosaldeko osasun sistemaren inguruko adostasunak biltzen dituen «gutxienekoak» biltzen dituen idatzia eramango dute eta hori eztabaidatuko dute. «Foro hau beharrezkoa dela nabarmendu dute bertaratutako guztiek eta beraz, badago adostasunetarako tartea», azaldu du Maiozek.

Bertaratutako guztiek osasun sistema publikoaren aldeko aldarria egin zuten, PPko Pello Atxukarrok izan ezik. «Sistema publikoak ez du ezer bermatzen, garrantzitsuena da nola kudeatzen den. Bermatu behar dena da zerbitzua doakoa eta egokia izatea. Publifikazioa mito bat da, langileek ez dute hobeto lan egiten funtzionario izan edo ez», esan zuen. LABeko Haizea Mendia eta UGTko Ana Maria Vazquezek, berriz, publikotasunak langileen baldintza duinak bermatzen dituela esan zuten. Asuncion klinikako langile komiteko Inma Arroyo ere izan zen bertan eta bizi duten egoera «prekarioa» salatu zuen. «2013tik lan hitzarmena eskatzen ari gara. Osakidetzako langileekin konparatuz gero, lan hitzarmen prekarioarekin jarraitzen dugu», esan zuen.

Bideo hau egin dute mahaiaren inguruko xehetasunak emateko:

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!