«Eragileek erabaki behar dute zein den sistemarik egokiena»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urt. 10a, 13:45

Eneko Maioz da Alegiako eta Ibarrako udal ordezkariekin batera, sortu berri duten parte hartze mahaiko sustatzaileetako bat. Eragileekin adostasunak bilatu eta denen artean osasun sistema egokiena zein den aztertu beharraz hitz egin du.

Zergatik sortu duzue parte hartze mahaia? 

Aspaldiko eskaera da eskualdeko osasungintzaren inguruan hitz egiteko parte hartze mahaia sortzearena. Eusko Jaurlaritzari egin izan diogun eskaera bat da, baina ez dutenez egiten, hainbat alkatek erabaki dugu badela garaia deialdi zabal bat egin eta osasungintzan interesa eduki dezaketen eskualdeko eragile guztiei deitzea, denon artean erabakitzeko zein osasun sistema nahi dugun. 

Bukatu da Asuncion Klinikak eta Eusko Jaurlaritzak 2011n sinatutako hitzarmenaren indarraldia.

Momentu erabakigarrian gaude, oraintxe bukatu da hitzarmenaren iraupena, eta ez duguna nahi da Eusko Jaurlaritzak aldebakarrez erabakitzea zein osasun sistema izango dugun.

Ba al duzue informaziorik hitzarmenaren inguruan?

Ez dugu inolako informaziorik, eta beldur gara Eusko Jaurlaritzak aldebakarrez ez ote duen akordioa sinatuko beste bost urteetarako.

Ez da ordea, publifikazioaren aldeko foro hutsa.

Gure asmoa ez da hori, ez da publifikazioaren edo dena delakoaren alde edo kontra egitea, baizik eta foroa deitu eta koordinatzea, eragileak izan daitezen euren iritzia eman eta sistemarik egokiena zein den aukeratzen dutenak.

Bilera bakarra egin duzue oraingoz, baina zein da balorazioa?

Bi gauza nabarmendu nituzke. Batetik, ez zirenak joan aipatuko nituzke, eta zentzu honetan, batez ere, Osakidetzako lurralde ordezkaria aipatuko nuke. Bera baita, azken finean, hitzarmena sinatuko duena, eta beraz, funtsezkoa da pausoren bat eman aurretik eskualdeko eragileekin hitz egitea. Bestetik, bakoitzak bere iritzia azaldu zuen eta guztiek egin genuen bat foroa beharrezkoa dela nabarmentzerakoan. Nahiz eta bakoitzak sistema desberdina defendatu denek ikusten dugu ezinbestekoa dela eragileekin batera erabakitzea zein sistema izan behar duen Tolosaldeak.

Zeintzuk izango dira hurrengo pausoak?

Bigarren bilera bat egingo dugu eta bertara Jaurlaritza gonbidatuko dugu berriz ere, noski. Adostasunekin osatutako idatzi bat ere badugu eta bigarren bileran eztabaidatuko dugu. Baina prozesua ez da adosten dugun idatzi horrekin bukatu behar, gure asmoa da prozesua bera Jaurlaritzan bukatzea, bertan egongo den foro batean, han erabaki beharko litzateke osasun sistemarik aproposena zein den.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!