Enirio-Aralar

[Gutuna] Aralar babestu dezagun

Andu Martinez de Rituerto 2017ko urt. 4a, 11:53

Zuetako askok jakingo duzuen bezala, Aralarren pista berriak egiten hasi dira. Dagoeneko Intzensaotik Goroskintxuraino doan pista egin dute baino proiektuak Aralarko bihotza diren Alotza eta Arritzagako bailarak pistaz gurutzatzea aurreikusten du.

Urriaren bukaeran hondeamakinen argazkiak ikusi nituenean gustu txarreko txantxa bat zela pentsatu nuen, baino ez, errealitate gordina zen. Inoiz ez nuke pentsatuko horrelako proiektua inori bururatu zitzaiokeenik.

Aralar parke naturala eta Europako Batasunaren babes bereziko eremua da eta bere gainean errespetatu beharreko arautegi luze eta zabal bat idatzita dago. Garrantzizkoa izanik ere ez dut lege eta araudien gaia aztertuko, fiskaltzak berandu baino lehen egingo duela espero dut.

Batzuk dioten bezala, Aralar ez da Yellowstone, jakina, baino pistak egin nahi dituzten eremua Gipuzkoan eta Euskal Herrian pistarik gabe gelditzen zaigun eremu bakarretakoa da. Aralarkoa paisai humanizatua dela diote, eta hala da, Aralar orain dela 6000 urte segur aski baso zabal bat izango zen. Egun ezagutzen dugun Aralarko paisaia artzaintzari zor diogu eta ni ere sinistuta nago artzaintza mantendu eta  lagundu behar dugula, beti ere Aralarko oreka zainduz. Nire uste apalean, honez gero,  Aralarren egin dira egin beharreko pista guztiak. Pista gehiago eginez gero natura eta artzaintza tradizionalaren arteko oreka galdu egingo da.

Pisten bultzatzaileek gizartea desmobilizatzea lortu dute argudio faltsu eta maltzur batekin, pisten  kontra bazaude artzaintza eta nekazal munduaren aurka zaude, sinple bezain makurra.

Pisten aurka gauden asko nekazal mundua gertukoa dugu eta asko nekazal mundukoak dira. Hala ere bada argitu beharreko funtsezko ideia bat, Aralar ez da herrietako ohiko landa eremua. Baserriak, larre eta baso pribatuak aranean behera gelditzen dira. Aralar, Mankomunitateko 15 herrietako biztanle guztiona (Tolosan bizi arren ni Lazkaotarra naiz) da eta urteetan artzainek eta ganaduzalek larre horiek erabili dituzte bere lanbideak aurrera ateratzeko, eta primeran iruditzen zaigu denoi. Aralar beti egon da herrietatik aparte baino azken hamarkadetan  bertarainoko gerturatzea  asko samurtu da, Nafarroatik Igaratzaraino (1200 m.) kotxez erraz iritsi zaitezke, Amezketatik Ariñateraiño (950 m.) eta Ataundik Enirio (900 m.) eta  Intzensaoraino (850 m.)  eta orain Goroskintxuraino (900 m.) ere berdin. Pista hauek guztiak egon arren inork ez du zalantzan jarriko Aralarren artzaintza ogibide gogorra ez denik.

Aralarko balio naturalen babesa eta artzainen bizi baldintzen hobekuntzaren arteko ekuaziotik pista berriak lehenbailehen atera beharko genituzke. Balizko soluzioen artean egon beharko ez litzatekeen bakarra da hobetsi eta onartu dena, pista erraldoi berriak egitea.

Pisten obrak bertan behera utzi eta azterketa serio eta sakona egiteko unea da. Galdera hauen erantzuna jakitea lehentasunezkoa iruditzen zait: Zenbat artzain eta abeltzain daude Aralarren? Horietatik zenbatek du artzanntza ogibide bakarra edo nagusia? Zein baldintzetan daude erabiltzen dituzten bordak? Zenbat ardi, behor eta behi daude? Aralarko larreak zenbat animali  jasateko gai dira? Nolakoa da Aralarko ekosistema ezberdinen (larreak, basoak,  akuiferoak...) osasuna? Zer egin dezakegu artzain eta ganaduzaleen bizi baldintzak hobetzeko  Aralarko ondare natural eta arkeologikoa, eta paisaia kaltetu gabe (diru laguntzak handitu, bere produktuen merkaturatzea erraztu, irisgarritasuna lehuntzeko inpaktu ekologikorik gabeko neurriak aztertu...)?...

Eta bada denon artean erantzun beharreko nahitaezko galdera. Zer nolako Aralar nahi dugu gure ondorengoentzat?

Argi gelditu ez bada, berriz ere azpimarratu nahi nuke ez nagoela-gaudela artzainen kontra, proiektu honen kontra baizik. Pisten kontra gaudenontzat emozionalki gogorra suertatzen ari zaigu jarrera hau hartu izana. Gehienon kasuan familiarteko edo lagunak tartean daudelako. Nire kasuan,  zenbait aspaldiko ikasle edo egungo ikasleen gurasoak eta zinez diot hoberena desio diedala, ezagutzen ditudalako eta estima handian ditudalako baino gainontzeko artzainenganako nire nahiak berdinak dira.

Andu Martinez de Rituerto Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!