Gabonetako eskaintza osoa

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 21a, 16:35

Tolosaldeko udalek, elkarteek eta eragileek ekintza ugari antolatu dituzte Gabonetarako. Ikusi hemen herri guztietako ekimenak:

Nabari da Eguberrietan gaudela, besteak beste, kaleak apainduta daudelako. Tolosan Eskola Agenda 21 proiektuaren barruan hondakinak eta energia kontsumoa gutxitzeko asmoz, Plaza Berria apaindu dute Hirukide ikastetxeko ikasleek, Berdura plaza Samaniegoko ikasleek eta Euskal Herria plaza Laskorainekoek.

Eguberriak, bide batez, kultur ekimenez beteta etortzen dira eta gaur, adibidez, Tolosan eta Tolosa&Co elkartearen ekimenez Dirt Jump eta Trial erakustaldia izango da Trianguloa plazan.

Gaur, baita ere, Villabonako Gurea zineman beste hitzordu bat izango da eta Lurra emanaldia eskainiko dute Oinargi dantza taldekoek. Haizea, sua, lurra eta ura elementuak interpretatuz ekitaldi berezia eskaintzeko asmoa dute, 17:00etatik aurrera.

BIHAR, MUSIKA PROTAGONISTA

Haurrengan pentsatuta antolatzen dituzte Gabonetako ekintza asko eta Iruran, esate baterako, bihar, 17:30ean, Imikarin ikuskizuna eskainiko dute kulturunean. Tor magoaren eskutik magia ikuskizuna izango da, bihar baita ere, Ibarrako kultur etxean 17:00etan.

Alkizan berriz, Euskal Herriko mus txapelketaren kanporaketa egingo da Ostatuan, 22:00etatik aurrera eta Elduainen berriz, Kontzeju tabernan eta Urdelar biltokian poteoa egingo dute 19:00etatik aurrera. Ondoren, biltokian Oztopo taldearen kontzertua izango da.

Bihar, musikaz gozatzeko aukera gehiago ere izango da hala ere: Asteasun Pilar Gerra ariko da udaletxean 19:30ean hasita; Eñaut Elorrietak bakarkako kontzertua eskainiko du, berriz, Villabonako Gurean, 20:30tik aurrera. Eta Bonberenean, zuzenean ariko dira 22:30ean, Willis Drummond taldekoak.

URTE ZAHARRA LASTERKA ETA URTE BERRIA MENDIAN

Larunbatean, urteko azken egunean, preso eta iheslarien eskubideen aldeko ekimen asko izango dira Tolosaldeko herrietan. Urtea korrika agurtuko dute berriz beste batzuk, Alegia, Berastegi, Ibarra, Lizartza, Tolosa, eta Villabona-Zizurkilen egingo diren kros herrikoi eta elkartasunezkoekin.

Batzuk mendian esango diote adio 2016ari, Irurako gazte asanbladakoek bezala, Urtezahar egunean hamaiketakoa eskainiko baitute Loatzon. Beste batzuk, Urteberri eguna baliatuko dute mendi buelta egiteko: Urdelarrera igoko dira elduaindarrak eta Uzturrera anoetarrak, adibidez. Alegian modu bitxian emango diote ongi etorria 2017ari, igandean 12:15ean mandarinak eta intxaurrak banatuko baitituzte udal ordezkariek.

URTE BERRI, ASMO BERRI

Urtarrilak 2an umeentzat ekimen ugari izango dira Tolosaldean. Amezketan puzgarriak jarriko dituzte, zinea izango da Asteasun, sormen tailerra egingo dute Alkizan, Idoia Sanchezek ipuina kontatuko du Altzon eta magoak ariko dira Iruran eta Tolosan, Imanol Ituino eta Eriz Magoa, hurrenez hurren.

Dokumentu honetan ere ikus dezakezue eskaintza kultural osoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!