«Erraustegia: 2051ra arteko zorra»

Jon Miranda 2016ko abe. 27a, 12:53

Irudian, Aiztondoko Errausketaren Aurkako plataformako kideak.

Planta eraikitzeko kontratua esleitu dute gaur goizen; protesta egiten ari dira Donostiako Gipuzkoa plazan.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) egingo duen batzarrean onartu da ofizialki erraustegiko lanak zein enpresa talderi esleituko zaizkion.

Errausketaren Aurkako Mugimenduak, eta bertako kide den Aiztondoko plataformak Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean protesta egiten ari dira.

Udalentzat zama ekonomikoa

Egun hauetan Aiztondoko plataformak 11.000 informazio orri banatu ditu eskualdeko etxeetan. Bertan adierazten dutenez, asteartean «kontratista pribatuen esku utziko dituzte hondakinak eta 35 urtez Gipuzkoako ekonomia hipotekatu». Egin dituzten kalkuluen arabera, 1.500 milioi euro pagatu beharko dituzte gipuzkoarrek –horietatik ia 66 milioi Tolosaldeko herritarrek–.

Azpiegitura eraiki eta kudeatzeko kontratua «blindatua» dela uste dute errausketaren aurkakoek eta 2051. urtera arte «lotzen» dituela gipuzkoarrak. Horretarako adibideak eman dituzte eskuorrian: «Askoz prezio edo sistema hobeak aurkituta ere udalek ezingo dizkiote hondakinak beste inori saldu».

Plataformaren esanetan, kontratu horren konplimendua «lehentasunezkoa» izango da, «beste edozein gasturen aurretik, izan gastu sozialak edo beste». Udalen batek kontratu horren kuotaren bat ordaintzen ez badu, diputazioak bere diru iturrietatik «deskontatuko» diola dio plataformak, eta udal horrek ezingo duela aurrekonturik onartu, «baldin eta GHK-k ez badu segurtatzen errausketaren urteko ordainketak lehentasunez lotuta daudela».

Azken aste hauetan, udal batzuk GHK hondakinen kontsortziotik ateratzeko aukera aztertzen aritu direla zabaldu da. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren esanetan, «kontratua sinatutakoan udalen batek GHK-tik irten nahi badu, 2051 urtera arte, erraustegiagatik onartutako kostua eta alde egiteagatik beste udalei eragindako gastua ordaindu beharko ditu».

Gipuzkoako udal guztiek urtero ordaindu beharko duten kuota «ia-ia eskotean» izango dela nabarmendu dute errausketaren aurkakoek. «Kuota horren zenbatekoa, %85 biztanleen arabera eta %15 bakoitzak sortzen duen zaborraren arabera kalkulatuko da. Beraz, hondakin gutxien sortzen dutenek proportzioan askoz garestiago pagatuko dute».

Aiztondoko Errausketaren Aurkako plataformak, «erraustegiak, heriotza eta zorra dakarrela» uste du eta Gipuzkoako udalak zorpetuta utziko dituela 2051. urtera arte. Erraustegia «hondamendi ekonomikoarekin» lotu dute. Horregatik deitu dute hurrengo astearteko protesta Erraustegia=heriotza eta zorra, ez gure izenean! lelopean. Asteartean, eguerdian aldundiaren atarian egin dute hitzordua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!