Menditik jaitsi da Olentzero eta gertuen duen herrian egin du lehen geldialdia, Alkizan. Musikariez lagunduta egin du sarrera pilotalekuan eta gero, adinez adin herriko umeak agurtu eta opari bana eman die. Gabon eskean atera dira gero herritar guztiak elkarrekin.
Asteasuko frontoian Olentzero eta Mari Domingiri Pello Errota eskolako guraso elkarteak egin die harrera eta txukun-txukun prestatu dute tokia. Musuak eta goxokiak banatu dizkiete herriko txikiei eta argazkiak atera dituzte elkarrekin. Usarrabi pilotalekuaren kanpoaldean gaztaina erreak banatu eta sagardoa eman dute probatzeko.
Adunan berriz, gabon eskean herrian zehar ibili diren talde guztiak plazan bildu dira eguerdian. Eztarriak ondo berotu ondoren, ume guztiak plazan zeudela traktorean agertu dira Olentzero eta Mari Domingi. Lanpetuta dabiltzala esan dute, baina hala ere, Adunako umeekin akordatu direla. Frontoian eseri eta banan-banan herriko ume guztiei banatu dizkiete opariak.