Jatorriaren mugak apurtzeko hitzorduak

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko abe. 19a, 17:03

'Mundu bat Tolosaldean' egitaraua hasi zen ostiralean, eta migratzaileen errealitatea plazaratuko dute hurrengo asteartera bitarte.

Migrazioak ia beti izan dira gizateriaren historiako protagonista, eta azken urteotan uholdea areagotu egin da, gerrak, ekonomia eta beste hainbat arrazoi tarteko. Tolosaldeko errealitate soziala ere gero eta anitzagoa da, eta beste behin Mundu bat Tolosaldean egitaraua prestatu du Tolosaldea Garatzeneko migrazio eta aniztasun sailak, Migratzaileen Nazioarteko Egunaren harira.

Bertan jaiotako herritarrak migratzaileen errealitatera hurbiltzea da egitasmoaren helburu nagusienetako bat eta, aurten, gainera, bereziki saiatuko dira jatorri anitzeko emakumeen lana eta egunerokoa plazaratzen. Guztia, kultura eta jatorri desberdina duten herritarren arteko loturak eta elkarguneak indartzeko.

Aranburu jauregian aurkeztu zuten ostiralean egitaraua eta, Kristina Morales Tolosaldea Garatzeneko migrazio teknikariarekin batera izan dira, Olatz Peon Tolosako alkatea eta Pello Estanga Anoetako alkatea ere. Izan ere, jarduerak Tolosan, Anoetan, Elduainen eta Zizurkilen izango dira aurten.

Eurekin batera, egitarauko hitzorduak mamitu dituzten eragile eta elkarteetako ordezkariak ere izan dira: Amina Chaairi margolaria, Stijn Callens Sos Arrazakeriako kidea, Fatima Korma Guretzako taldeko kidea, Soraya Ronquillo Bidez bide elkarteko kidea, Estrella Ndogn eta Idoia Sanchez ipuin kontalariak, Arantxa Iruretagoiena Koku-yo elkarteko kidea eta Abdellah Krouit Litaarafu elkarteko kidea.

Ostiralean bertan ekin zioten egitasmoari, Anoetako auditorioan Fatima filma eskainiko baitute, 15:00etan. Halaber, Aranburu jauregian Errefuxiatuak, ongi etorri erakusketa inauguratu zuten. Larunbatean, berriz, Gabonetako azoka berezian, Marokoko gozoak eskainiko dituzte Guretzako emakume taldeko kideek, eta Koku-yo taldeko emakumeen poltsak eta motxilak ere salgai izango dira. Egitaraua, ordea, urtarrilaren 23ra bitarte luzatuko da.

 

MUNDU BAT TOLOSALDEAN

Abenduaren 16tik urtarrilaren 23ra. Tolosako Aranburu jauregian, Errefuxiatuak, ongi etorri erakusketa. Amina Chaariren lehen erakusketa ere izango da bertan. 

Abenduaren 16a. Fatima filma Anoetako auditorioan.

Abenduaren 17a. Gabonetako azoka bereziak jatorri anitzeko herritarren produktuak. 

Abenduaren 18a. En transito dokumentala, 16:00etan, Tolosako Aranburu jauregian.

Abenduaren 20a. Ekuatore Gineako ipuin eta jokoak. 17:30ean, Iriarte etxean. 

Abenduaren 27a. Ekuatore Gineako ipuin eta jokoak, 17:00etan, kultur etxean. Era berean, Afrikar Batasuna elkartearen festa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!