Egindako lanari saria

Iñigo Terradillos / Imanol Garcia Landa 2016ko abe. 14a, 08:02

Aurten Donostiak hartu du Gazten Munduko Txapelketa. Bertan hiru mila gazta inguruk parte hartu dute eta hainbat sari banatu dira. Eskualdeko artzain eta gaztagilek ere parte hartu dute eta horietako hiruk sariak jaso dituzte: Asteasuko Goine baserriko Joseba Otegi, Gazpio gazta egiten duen Berastegiko Jose Inazio Ugartemendia, eta Orendaingo Zelaieta baserriko Maider Murua, Joan Mari Garmendia eta Joxe Antonio Garmendia. Sarien diplomak Ordizian jasoko dituzte, abenduaren 28an egingo den azoka aprobetxatuz.

Asteasuko Goine baserriko Joseba Otegik bi zilarrezko sari jaso ditu Munduko Gazta Txapelketan. Horietako sari bat Idiazabal gazta ketuarengatik izan da, eta bestea gazta samur batengatik.

Nolakoa da saria jaso duen gazta samurra Idiazabal gaztarekin alderatuta?

Idiazabal gazta esne gordinarekin egin behar da eta 60 egun baino lehenago ez dago saltzerik. Badago jendea esaten diguna gazta mota hori indartsu samarra iruditzen zaiola. Horrela, gazta samurra egiten dugu, esne pasteurizatuarekin egiten dugun lau asteetako gazta. Orain gutxi hasi gara gazta mota hori egiten.

Eta saria jaso duen Idiazabal ketua?

Sei hilabetez ondua izan da gazta hori.

Ez da lehenengo aldia lehiaketa honetan saria jasotzen duzuela.

Aurretik ere jaso ditugu sari batzuk. 2010ean Idiazabal gazta natural batekin zilarra lortu genuen. 2013an beste Idiazabal ketu batekin. Eta aurreko urtean, normalean ahuntz esnearekin egiten den eta bilkari forma izaten duen gazta motarekin, gure kasuan ardi latxaren esnearekin egiten duguna, zilarrezko beste sari bat ere jaso genuen.

Pozik, beraz, jasotako sari horiekin guztiekin?

Poz handiarekin eta ilusio handiarekin. Beti poza ematen du urte guztian lanean aritu, jai-egunak eta guzti, eta azkenean behintzat era batera edo bestera saria jasotzean. Sariren bat lortuz gero, edonora saltzera joateko babes moduko bat da, errazagoa da saltzea.

Gaztan bertan jartzen duzue sariaren aipamena?

Bai. Behin saria lortuta diploma bat bidaltzen digute lortutakoarekin, eta gaztari berari jartzeko domina txiki bat. Beraiek bidaltzen digute, ezin dugu guk inprimategi batera joan eta hori atera. Antolakuntzak berak bidaltzen digu.

Asteasun, baserrian bertan ekoizten duzue gazta. Denbora asko daramazue?

Goine baserrian jaioa naiz, eta nekazaritza ikasketak egin ondoren, bertan hasi nintzen lanean. Orain dela hamar urte arte esne behiak genituen. Esne behiekin ikusten genuen etorkizuna gero eta estuagoa zetorrela, eta ingurugiroaren aldetik pixarekin-eta bere arazoak zituela, eta azkenean aldatzea erabaki genuen. Behi esneak kendu genituen, ardi latxak jarri eta Idiazabal gazta egiten hasi ginen. Orain dela hiru urte hasi ginen gazta freskoa egiten, mamia egiten, jogurtak, eta egun sei-zazpi gazta mota egiten ditugu.  

Gustura, beraz, hartutako erabakiarekin.

Bai, oraingoz bai. Hori bai, lan asko eginda, eta kostata lortu dugu. Urte txarrak tokatu zaizkigu: aldaketa egin eta gaztak saltzen hasi ginenean krisi ekonomikoa etorri zen. Nahiko urte txarrak pasa ditugu, baina ematen du bai gizarteak eta baita guk ere arnasa hartu dugula. Gaztaren salmentan nabaritzen da azken bi urteetan errazago saltzen ari garela. Ea horrela jarraitzen duen. 

Lan honetan ere etengabe ikasten jarraitu beharko da, ezta? Ikastaroak egiten aritzen zara?

Bai, hala da, ikastaroak egiten aritzen naiz. Urtean zehar Pirinioetara udaberrian joaten naiz, han dagoen nekazaritza eskola batera. Gero, Hazik antolatzen dituen ikastaroetara, Arkauten eta Fraisoron, beti joan ohi gara. Konturatzen naiz gero eta gehiago ikasi, gero eta gehiago falta zaidala ikasteko.

Erlazionatuak

«Izugarria da horrelako lehiaketa batean saria jasotzea»

Iñigo Terradillos / Imanol Garcia Landa 2016 abe 14 Orendain

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!