Ezustekorik ez Atano III.ean

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 10a, 11:22
Aspepilotak utzitako argazkia

Artola eta Albisuk 22 eta 11 irabazi diete Mendizabal III eta Tolosari bart Donostiako Atano III.ean jokatu den txapelketako partidan.  Ez da ezustekorik izan, beraz, baina oso partida serioa jokarazi diete irabazleei Altuna III eta Barriolaren ordez aritu direnek. Bigarrena ere irabazita, behin behinekoz, alegiarra eta ataundarra dira txapelketako sailkapen buru. Jaialdiko lehen partidan jokatu zuen Erik Jakak; lizartzarrak eta Erostarbek, 22-18 irabazi ziteen Gorka-Irustari.

Altuna III eta Barriolaren bajak erakartasuna kendu dio partidari, antzeman zen frontoiko sarrera kopuruan, eta hori zen hizketagai nagusia neurketa hasi aurretik. Aitor Mendizabal antzuolarra eta Xabier Tolosa anoetarra ez dira ohikoak jaialdietako  partida nagusietan eta zoriak behartu du partida hau jartzera. Era guztietako iritziak entzuten ziren: Artola eta Albisurentzat jolasa izango da; Mendizabal oso sasoi puntu onean dago, Tolosa ere ondo ari da azkenaldian, ze galdurik ez daukate eta kontuz ... Punta batetik besterainokoak.

Partidak merezi izan du ikustea. Ez da jolasa izan alegiarra eta ataundarrarentzat, eta lana gogotik egin behar izan dute.  Frontoira inguratu direnek lehia eta markagailu estuagoa nahiko zuketen, baina lana oso serio eta ondo egin behar izan zuten bi irabazleek lortu zuten emaitza lortzeko: 542 pilotakada jo ziren, ordubetetik gora iraun zuen eta 4 tanto soilik galdu zituzten bi irabazleen artean. Banan banan egin arazi zizkieten tanto guztiak anoetarrak eta antzuolarrak, erraztasun gutxi eman zieten.

Lehen tantotik jarri ziren aurretik irabazleak, eta binako berdinketan salbu, hala izan ziren partida osoan. Jotzaile handiak izanik biak, lan asko pilatu zitzaion Xabierri; lauetan, anoetarrak jo zituen pilotakada gehien, askogatik gainera. Pilotakada harrigarriak jiratu behar izan zituen erreboteko zulotik, eta jokoan berak galdutzat emateko moduko bost pilotakadatik lau gora joan zitzaizkion aurkariei jokoa zailtzeko ahaleginean. Oso nota oneko partida jokatu zuen; beren hamargarren tantoa egiteko lau koadro parean zabaletik jotako bi-hormakoa izan zen tanto txalotuena. Oso pilotaria da Xabier eta, joan gutxiago izanda, ikusleek asko eskertu zuten bere borondatea eta ahalegina.

Pilota indartsu mugitu, tantoa ondo landu eta aukera ona izandakoan bukatzen saiatu. Hori izan zen irabazleen taktika, eta primeran bete zuten gidoia. Aurkariei errespetu handia zietela erakutsi zuten eta joko horretan ez zuen Mendizabalek aukera askorik izan; pilota gehienak buruz gain joan zitzaizkion. Aukera izan zuenean, ordea, erakutsi zuen bere talentua: jokoan egin zituen sei tantoetatik, bost kontraerasoan izan ziren, Iñakiren jokaldiren bati egindako kontrako jokaldi azkarrak eginda alegia.

Jon Ander Albisu eroso eta bikain jokatzen aritu zen, tanto guztietan agindu zuten, eta hankaz bizkor eta kolpez oso fresko ikusi genuen alegiarra, batik bat eskuinez; bizi, indartsu eta luze ez ezik, norabide oso ona eman zion pilotari gehienetan. Errematean ere, aukerak izan zituen,  ia mota guztietako jokaldiak egin zituen: atzean baztertuta, atzean zabaleko puntara, aurrean txokoan airez, dejadak zabalera ezker-eskuin, ezker gantxoren bat zabalera ... Agian, oraingo ezker aireko gantxoak ez du ezagutu diogunaren distirarik, baina etorriko da hori ere. Hamaika tanto kontatu genizkion jokoan eta bi sake. Bada zer edo zer.

Asteartean, Urretxun, Elezkano-Zabaletaren aurka dute Artolak eta Albisuk. Hau desberdina izango da: beraiek adina edo gehiago jotzen duen atzelaria eta errematatzaile artista aurka. Tantoei asko eustea tokatuko da.

Bolada gozoan jarraitzen du Jakak

Erostarbe bikote zuela jokatu zuen Erik Jakak, eta 22-18 irabazi zieten Gorka eta Irustari. Oso partida ona jokatu zuen Erostarbek eta, jokaldiren batean asmatu ez bazuen ere, ondo aprobetxatu zituen lizartzarrak bere aukerak.  Erritmo bizian jokatutako partida izan zen, gustura ikustekoa, eta markagailuan aurretik joan ziren hasi eta buka. Pilota bizi ateratzen zaio bi eskuetatik eta bolada gozoan jarraitzen du lizartzarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!