'Kalera' aterako dira preso ohiak, euskal presoen askatasuna eskatzeko

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 5a, 20:43

Presoak kalera ateratzeko exijentzia azaldu dute Tolosaldeko euskal preso ohiek eta jendarteari presoen alde kalera atera dadin eskatu diote, "bakea eta askatasuna irabaztera". Kalera, kalera! dinamikarekin bat egin eta konpromisorako eta borrokarako deia luzatu dute. 

Arantza Karrera euskal preso ohiak azpimarratu duen gisan, Kalera, kalera! presoen aldeko abesti ezagunetik hartutako ahapaldia da eta "hainbat euskal belaunaldi lotzen dituen abestia, amnistia nahiz askatasunaren aldeko borrokaren ereserkia". Ahapaldiarekin batera dator sugarraren irudia, "senideen itxaropena irudikatzen duen kriseilua, amnistiaren nazioarteko ikurra, bidean eroritakoen aldeko pebeteroen dolua, bakearen aldeko milaka ekintzen ikurra eta askatasunaren sinboloa". 

Tolosaldeko euskal preso ohiek euren ekarpena egin eta EPPKko kideak babesteko "premia" sentitu dute. "Gure ustez, herri borroka sustatzeko unea iritsi da, eta preso guztien kaleratzea zein iheslari guztien itzuleraren beharra exijitzeko unea ere bai", esan du Ibon Aranaldek bertan bildutakoen izenean. 

Iragana den gatazka armatuaren ondorioak gainditzeko "inolako mugimendurik gabeko" bost urte izan direla nabarmendu dute Anoetako Mikelasagasti auditoriora gerturatutako preso ohiek. "Preso politikoen gaia da nabarmenena eta aurrera egin ordez, atzera egin da", esan dute. "Ezartzen den espetxe legedia salbuespenean, neurrigabekerian eta mendekuan oinarrituta dago".

Aranalderen hitzetan, "Kalera, kalera! ekimen, aukera eta salto kualitatiboa da". Sakabanaketa, larri gaixo dauden presoen egoera eta giza eskubideen urratzeak aipatu ditu eta "horiek salatzeko eskaeren ideia osagarri bat izan behar du dinamikak, gehiengo sindikal, politiko edota erakundeek antolatutako ekimenen osagarri". 

Argi adierazi du Karrerak: "Kalera, kalera! Euskal Herrian egin den borrokaren kontsigna izan da eta denak atera arte, kontsigna izaten jarraitu behar du. Espetxea eta erbestea ezagutu dugunok argi utzi nahi dugu ez goazela etxera. Kalera goaz borrokan jarraitzera". Eta dei berbera egin diete amnistia, bakea eta askatasunaren alde urte luzeetan lan egin duten milaka herritarrei. "Presoak kalera atera nahi ditugu askatasuna lor dezaten, eta kalean, gure aldamenean borrokan jarrai dezaten bakea eta askatasuna irabazteko". 

Tolosaldean hainbat deialdi egin dituzte datozen asteetarako: 

ABENDUAK 10, LARUNBATA

16:00. Usabal kiroldegitik, Usurbilen irekiko den Kalera gunera kotxe karabana. 

ABENDUAK 17, LARUNBATA

Anoeta eta Ibarra. Kalera egunak.

ABENDUAK 24, LARUNBATA

Tolosaldea. Herriz herri argazki herritarrak.

ABENDUAK 16, 23 ETA 30, OSTIRALAK

20:00. Manifestazio argitsuak Villabonan. 

URTARRILAK 6, OSTIRALA

18:30. Haizearen Orrazian, ekimen nazionala. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!