Aurkeztu iezaguzu zuen herria, Nasa herria.
Caucako departamenduan du bere jatorria eta han, lurralde horretan, badaude komunitateak, baina kolonialismoaren ondorioz desplazatu eta sakabanatutako herria da. Kolonbiako zortzi departamendutan presentzia du eta hiriburuan, Bogotan ere, badu agerpena. 300.000 hiztun dituela uste dugu.
Nasa-yuwe da zuen hizkuntza. Zenbat hiztun ditu?
Ez dakigu zehatz, partziala da datua. 2011n 120.000 biztanleren artean egin genuen galdeketa eta esan dezagun, %60ko galera dagoela hizkuntzan, bost urtetik gorako biztanleak kontuan hartuta. Ez dute ez hitz egiten ezta ulertzen ere. Eta gainerako %40aren artean, erdiak ondo hitz egin eta konpetentzia egokiak ditu eta beste erdiak, ulertzen du baino ez du hitz egiten edo gutxi hitz egiten du. Elebidun pasiboak lirateke hauek.
Noiz abiatu zen hizkuntzaren berreskuratzea?
Bi momentu garrantzitsu ditugu. 1971n mugimendu indigenistaren sorreran hizkuntza berreskuratzeko mandatu hori jaso zen. Hala ere, azken 35 urteetan lurra berreskuratzen ahalegin handiagoa egin dugu eta hizkuntza berreskuratzen ez dugu jardun nahikoa indarrarekin. 2005ean gogoeta bat abiatu genuen eta ordutik hona, azken hamar urteotan egin dugu lanik handiena. Hamarkada beteko esperientzia izan da.
Zein pauso eman dituzue orain arte berreskuratze bidean?
Egin genuen lehen ariketa auto-diagnosiarena izan zen. Oso modu parte hartzailean egin genuen. 40 laguneko taldea sortu eta diagnosiaren prozesu osoa diseinatu genuen: metodologia bat sortu genuen azterketa komunitate bertatik egin ahal izateko, horregatik da auto-diagnosia. Horrek abiapuntu bezala balio izan zigun, hizkuntzaren egoera ikusteko, baina baita komunitatean hizkuntzaren kezka ikustarazteko. 2011n ni lehen aldiz etorri nintzen Garabidek antolatutako adituen ikastarora. Eta hor zabaldu genuen esparrua, eskolako eremutik atera eta komunitatearen beste esparruetara zabaldu dugu berreskuratzea.
Zein esparrutan daramazue berreskuratzea?
Hezkuntzaren gaia berrikusi dugu, adibidez. Murgiltze eredua jarri dugu martxan hezkuntzan, esperientzia pilotua izan da. Duela bost urte hasi ginen hamar umerekin eta gaur egun 120 dauzkagu. Eredu elebidunetik, gure hizkuntzan zentratzen den eredu hegemonikora pasa gara. Hori da gure hazia. Beste esparruetan ere eragin nahi dugu, ordea, komunikabideetan adibidez. Irrati komunitario bat dugu eta dagoeneko ari gara, erabat gure hizkuntzan irrati programak egiten. Aldi berean, hizkuntza erakusteko eta alfabetatzeko helduentzako eskola bat dugu eta kultur arloan sorkuntza lantzen ari gara. Azken hamarkadan modu kontzienteagoan eta ordenatuagoan jardun dugu.
Baikorrak zarete.
Formazio eskaera geroz eta handiagoa izateak, prozesua aurrera doala erakusten du eta geroz eta maila altuagoa eskatzen duela. Biziberritze prozesua handitzen doa eta erronkak neurri berean ugaritzen. Plan bat edukitzea garrantzitsua da, baina motore bezala funtzionatuko duen komunitatea bat ez badago, ez dugu arrakastatik izango.
Zein harreman mantendu duzue euskararen berreskuratze prozesuarekin?
Guk Euskal Herriko esperientzia ikusten dugu inspirazio iturri bezala. Erakusten digu hizkuntza berreskuratu daitekeela, buelta eman diezaiokegula hizkuntzen galerari eta pauso esanguratsuak eman ditzakegula. Aldi berean, ezagutza iturri bat da eta elementuak eskaintzen dizkigu, ez kopiatzeko, tresna horiekin gure normalizazio prozesuari begiratu eta planteamendu zehatzak egiteko baizik.
Zein balio ematen diozue aditu ikastaroan izan duzuen parte hartzeari?
Munduan herri asko dago hizkuntzen galera hau bizi dutenak eta dagoeneko ez dute zertan hutsetik abiatu behar. Batzuk bide bat egina dugu eta hori konpartitzeko prest gaude, zubiak eraikitzeko gogoz.