Enirio-Aralar

«Aralarko sabotajeen» aurka azaldu da Landarlan

Tolosaldeko Ataria 2016ko aza. 17a, 08:00

Besteak beste, egun Aralarren pista egiten ari diren makinen sabotajea salatu du.

Landarlan Ingurumen Elkarteak Aralar Natur Parkeko Goroskintxuko txabolaraino pista lanak egiten ari diren makinen aurkako sabotajeak salatu ditu, eta era berean elkarteak bultzatzen dituen ekintzak «guztiz baketsuak» direla adierazi du, «norbanakoak eta ondasunak kaltetu gabe eta beti ere, ingurumenean ahalik eta inpaktu txikiena sortuz». Landarlanetik ere «orain baino lehen, Enirio-Aralarreko eremuan izandako beste sabotajeak» salatu dituzte, «mankomunitateak publikoki salatu ez dituenak». Horrela, ingurumen elkarteak ondorengoak aipatu ditu: «Azken udaran Ataundik Aralar Parkera doan pistako langa bere lekutik atera eta bidea libre uztea, lehendik ere Euskal Herriko Unibertsitatearen ikerketarako itxiturak kaltetzea, mendian erreketak egitea…». Bestetik, Saltarriko leizeko hondakinak mankomunitateak garbitzea eskatu du eta «beste leizeak ere ikertu eta behar baldin bada garbitzea» ere.

Bide batez, Landarlanek berriro azaldu du Goroskintxura egiten ari diren pistako lanak «legez kanpokoak» direla, «Aralar Natur Parkearen araudiaren aurkakoak direlako, horrek debekatzen dituelako, lurzorua eraldatu dezaketen lan guztiak, landaketak eta sarbideak iraunarazteko lanak salbu, azpiegituren plangintza egin arte eta plangintza hori ez da egin».

Enirio-Aralar mankomunitateko 2003ko egitamuak sektore ezberdinen ikuspegia kontuan hartzeko aholkatzen zuela adierazi du, eta hori ere ez dela egin dio: «Soilik abeltzain sektorearena kontuan hartu da, dagoeneko laguntza ekonomiko publikoak jasotzen dituena».

Azkenik, ingurumen elkartetik gogora ekarri dute Goroskintxuko pista «Aralar erdian den Saltarriko abereen itxiturarainoko pista proiektuaren zatia» dela, eta horren ingurumen inpaktuko azterketa bertan behera uzteko eskaera egin diotela Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusiari eta Ingurumen diputatuari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!