Aralarren pistak egiten ari direla-eta, polemika sortu da azken asteotan. Tolomendi landa garapen agentziak gaiaren inguruan duen ikuspegia jakiteko elkarrizketatu dugu bertako teknikaria den Iker Karrera.
Zer iritzi du Tolomendik Aralarren pistak edo bideak egitearen inguruan?
Gai delikatu samarra bihurtu da. Tolomendik aldeko iritzia du, bideak beharrezkoak baitira, beti ere eragin kaltegarri gutxienarekin egiten saiatuta. Tolomenditik urte dezente daramatzagu Enirio-Aralarren abeltzaintza, batez ere artzaintza, bultzatzeko proiektuak laguntzen. Bere garaian txabolak konpontzen, eta azken urteotan mendiko gazta proiektua garatzeko diru laguntzak bideratzen. Baina guzti horiek hankamotz gelditzen direla ikusten dugu; egun gizartea aldatzen ari da eta behar batzuk dituzte Aralarren jarduera ekonomikoa egiten duten artzainek nagusiki, baina baita ere beste ganaduzaleek ere. Ikusten dugu bideak beharrezko azpiegiturak direla baldin eta Aralar bere osotasunean ulertzen dugun bezala kontserbatu nahi badugu.
Pistak egitearen gaia ez da oraingoa, ezta?
Aspaldiko eskaera bat da. Agintaldi bakoitzean bere baliabideekin eta ahal zuen bezala eskaerari erantzuten joan dira, baina bideen gai honi orain ematen ari zaion erantzuna eman gabe egon da, neurri handi batean gai delikatua delako. Aralarren inguruan sentsibilitate askok nolabait topo egiten dute; erabiltzaile mota asko daude, batzuk egunerokotasunean lana egiten dutenak, eta neurri batean bertatik bizia ateratzen dutenak, eta gero beste erabiltzaile mota batzuk gaude, Aralarrez gozatzen dugunak. Hor interes ezberdinak, harreman desberdinak, emozioak... daude. Ausartuko nintzateke esaten batzuen iritzirako santutegi bat izango balitz bezala hartzen dela Aralar. Eta administrazioarentzako hori dena bideratzea ez da erraza izango.
Tolomenditik garbi ikusten dugu bideak egitearena, eta aspektu bat azpimarratuko nuke: bideak egitea ez da helburua, bidea beharrezko azpiegitura bat da helburu nagusi bat lortzeko. Helburu nagusia ez da abeltzaintza eta artzaintza. Horiek ezinbesteko funtzioa betetzen dutela uste dugu Aralarko ekosisteman. Aralar bere osotasunean eta Natura 2000 sarean izendatzeko dituen balio natural berezi horiek kontserbatzeko, artzaintzak eta abeltzaintzak ezinbesteko paper bat jokatzen dute. Eta artzaintzak eta abeltzaintzak gaur egunean, XXI. mendean bizi garen gizarte honetan, iraun ahal izateko bideak ezinbestekoak bihurtu dira. Baina azkeneko helburua guk ulertzen dugu Aralar bera dela, eta Aralarko balio natural horiek kontserbatzea.
Zer kalte eragin dezakete bideek?
Denok onartu behar dugu, eta uste dut inork ez duela esaten eraginik izango ez dutenik. Baina eragin horiek oso txikiak izan litezke, konparatuta hemendik urte batzuetara artzaintzak eta abeltzaintzak Aralarren atzerapen garrantzitsu bat izaten badute sortuko luketen kalteekin dibertsitate eta natur baliabideen kontserbazioan. Aralarren sistema delikatu bat dugu, sistema ahul bat da, eta sistema hori kontserbatu nahi bada gaur egun dituen arazoak izanda, interbentzio batzuk egin beharrak daude, bestela sistema guztia arriskuan jar daiteke.
125 abeltzainek erabiltzen dute Aralar beraien abereentzat. Horietatik zenbatentzat da ogibide nagusia?
Batez ere artzainentzat esango genuke, ia denak hortik bizi dira. Ganaduzaleak ere mordoxka bat badira. Batzuk esaten dute fabrikan lan egiten dutela eta gero Aralarrera ganadua botatzen dutela, eta ea horientzako egin behar ote diren bideak. Nahiz eta fabrikan lan egin, ganadua dutenak zerbaitengatik izango da, eta horiek ere beheko pasaia eta beheko ingurunea zaintzen lagundu egiten dute. Ez da hainbeste begiratzea zenbat diren horretatik bizi direnak, baizik ganaduzale guztiak osotasunean hartzea.
Pistak egiteko erabakietan abeltzainen iritziek pisu handiagoa izan beharko lukete, edo mendiek izaera publikoa dutenez, herritar guztien iritzia kontuan hartu behar dela uste duzu?
Horren inguruan nik neuk nola ikusten dudan esango dut, ez Tolomendi moduan. Nik, pertsonalki, Aralarren erabiltzaile bezala, ez dut uste nire iritziak pisu berdina duenik Aralarren bizi eta lan egiten duen batekiko. Nik Aralarrez gozatzen dut, baina ni Aralarrekiko izaki neutro bat naiz, ez diot ekarpenik egiten. Ni desagertzen banaiz, Aralarrek ez luke ezer nabarituko. Orain, ganaduzaleek eta artzainek Aralarren egiten duten lana modu batera edo bestera egin izugarrizko eragina izan dezake. Inori ez zaio iritzia ukatu behar, baina gero iritzi bakoitzak bere pisua duela iruditzen zait.
Aralarrekin zerikusia duten Tolomendiko proiektuei buruz beste zerbait azal dezakezu?
Bere garaian txabolak-eta konpontzen lagundu zen, baina une honetan mendiko gazta proiektua laguntzen ari gara. Iruditzen zaigu, osotasunean, Aralarko naturagunea babestearekin koherentzian dagoen proiektua dela. Produktu hori artzaintza eredu bati lotuta dago guztiz, mendien erabilera jakin bati lotutako produktu bat da, eta produktu horrek beste edozer baino hobeto biltzen ditu Aralarko esentzia guztiak. Aralarko naturagune horrek dituen elementu positibo guztiak biltzen ditu, eta artzaintzak dituen elementu positibo guztiak biltzen ditu modu duin batean.
Aurrera begira nola ikusten duzu izan behar duela Aralarko kudeaketak?
Nik uste dut beharrezkoa dela Aralarko parte diren sektore ezberdinen elkarlana bultzatzea. Sektore ezberdinen beharra du Aralarrek. Beste maila batean, bestelako elementu batzuk balioan jartzea eta gizarteratzea lortu beharko genuke. Egoera honek erakusten du gizartearen parte batzuk ez dutela barneratu artzaintzak eta abeltzaintzak zer ekarpen egiten duten eta zer funtzio duten. Zaila egiten zait ulertzea artzaintzaren alde baina bideen kontra egotea. Gaur egunean, Aralarko artzaintza eredua ezagutuz eta Aralarren ezaugarriak ezagutuz, bi iritzi horiek ez dira bateragarriak.
Lehentasuna Aralar bada, eta Aralar posible egiteko abeltzaintza beharrezkoa baldin bada, lehen esan moduan, bideak ezinbestean onartu beharrekotzat hartu behar dira. Bideen aurkako jarrerak automatikoki esan nahi du abeltzaintzaren aurkako jarrera dagoela, ez baitira biak posible.