Bost urteotako bidea eta aurrera begirakoa aztertuko ditu TOPAk

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko aza. 3a, 11:02
2011n ekindako bideari eutsi nahi diote, hitzarmenari alternatibak eskainiz.

Hilabete honetan amaituko da Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak eta Asuncion klinikak 2011n sinaturiko hitzarmena, eta TOPAk eredu aldaketaren aldarriari eutsiko dio.

Hilabete honetan du epemuga, 2011. urtean Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak eta Invizak sinaturiko hitzarmenak. Urte hartan bertan piztu zen, Tolosaldean, osasun sistemaren kudeaketa aldatzeko gizarte mugimendua eta, beren aldarrikapenen txanparik garrantzitsuena iritsi da. Horrela, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) koordinakundeak azarorako agenda plazaratu du agerraldi batean: «Oso une garrantzitsuan gaude, jokoan baitago guk eta gure familiek jaso behar dugun osasun arretaren eredua».

Urteotan guztiotan, hainbat izan dira koordinakundeak egindako txosten, mahai inguru eta mobilizazioak; ordezkari politikoekin ere bildu izan dira, eskualderako kudeaketa publikodun ospitale publikoa eskatzeko. Horrela, datozen egunetarako ere antzeko hitzorduak iragarri dituzte, helburu bakarrarekin: gaur egungo baldintzetan, hitzarmena berriro sinatu ez dezaten.

Datorren azaroaren 10ean ekingo diote hitzorduen zerrendari, Euskal Herria plazan. Invizak kudeatutako Asuncion klinikak osasunaren inguruko jardunaldia antolatu du Aurrera eginez, parekidetasunerantz izenburupean, eta TOPAren iritziz «kontraesan hutsa da jardunaldia, gainerako eskualdeetako ESIen aldean Tolosaldeak sekulako desberdintasunak dituela kontuan izanda». Horrenbestez, Topic zentroaren atarian, 08:30ean egingo duten elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak.

Hilaren 12an, berriz, larunbatarekin, TOPAk informazio batzarra egingo du Tolosako kultur etxean, 12:00etan. Besteak beste, azken bost urteotan klinikaren eta Jaurlaritzaren arteko hitzarmenak eman duena baloratuko du koordinakundeak: «Agintari politikoekin izan ditugun harremanez ariko gara eta, era berean, Eusko Legebiltzarrean gaiak hartu duen tarteaz, TOPAren eta eskualdeko alkateen bitartez».

Asuncion klinikaren «hutsuneak» salatu eta hura publiko egiteko aldarrien balorazioarekin batera, TOPAk informazio berria ere eskainiko du azaroaren 12ko batzarrean: Tolosaldeko ESI zerbitzuko kudeatzailearekin izandako bilerak emandakoa azalduko dute.

Azkenik, hitzarmenari bestelako forma emateko aukerak proposatzeko baliatuko dute batzarra. TOPA koordinakundeak agerraldian azaldu duenez, «gurearen antzeko arazoei beste zenbait herrialdetan nola erantzun dieten» aztertuko dute, eta Herrialde Katalanetako eredua baliatuko dute, adibidez.

Bost urtean aldarriz aldarri egindako bidea bizikleta martxarekin biribilduko dute, azaroaren 26an: «Parte hartzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak, pedalak mugituz osasun publikoa aldarrikatzeko».

TOPA-REN AGENDA

Azaroaren 10a, osteguna

08:30. Elkarretaratzea egingo dute opic zentroaren atarian, Asuncion klinikak osasunari buruz egingo duen jardunaldi baten harira.

Azaroaren 12a, larunbata

12:00. Informazio batzarra egingo dute Tolosako kultur etxean, azken bost urteak baloratzeko.

Azaroaren 26a, larunbata

Bizikleta martxa, familian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!