Uzta berri baten lehen alea

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko eka. 19a, 21:00

Egutegiari begiratuta, bi une garrantzitsu izaten ditu, babarrunak, 365 eguneko dantzan: ereitea eta jasotzea. Uda atarian lurpean sartutakoak, heldu eta lehortutakoan hartzen du zaporerik gozoena, baina, hurrengo udaberrian hazia berriro ernetzen ikustea da, neguan heltzea sutan jarri nahi duenaren zoriona.

 Bada, babarrun alearena gertatu zaio Tolosako Babarrunaren Kofradiari, eta 1989an ekindako jardunaren lapikoari puntua ondo hartua badiote ere, iritsi zaie ale berriak ereiteko garaia.

Tolosako babarruna zaindu eta ezagutarazteko helburuz sortu zen Tolosako Babarrunaren Kofradia eta, ia hiru hamarkadatan buru-belarri horretan aritu eta gero, asmo bertsuak bildu dituen gazte talde bat elkartu berri da, kofradiaren lekukoa hartu eta belaunaldi berriak babarrunaren kultu horretara gerturatzeko.

Ainhoa Gomez, Imanol Zubeltzu, Miriam Arandia, Irati Artutxa, Armintz Gorrotxategi, Leire Zabala eta Amaia Beitiak esku artean dute orain, Tolosako babarruna herrian are gehiago sustraitzeko erronka eta, horretarako, kofradiaren sukaldeko lanak sukalde horretatik kanpo ezagutaraztea ezinbesteko dute: «Uste dut jende askok ez dakiela kofradiak zein funtzio duen», dio Imanol Zubeltzuk. Bi urte daramatza taldean, Ainhoa Gomezekin batera, eta haize berriak arnasteko beharra ikusi zuten, biek ala biek: «Babarrunaren Azoka Berezian laguntzen ari ginela, ingurura begiratu eta guztiak gu baino askoz ere helduagoak zirela ikusten genuen. Ez zegoen gazte girorik, baina, egiazki, Babarrunaren Astea oso-oso polita izaten da, baita gazteontzat ere. Beraz, Imanolek lekuko aldaketaren asmoa azaldu zidanean, baiezkoa eman nion», dio Gomezek.

Bide horretan, sormena dantzan jarri eta lapikoa ideiaz bete beharko dute, hasteko: «Guk, azken finean, aurrekoen helburu berberak ditugu, baina proiektu berriak martxan jarri nahi ditugu. Izan ere, guretzat ez zen balekoa jende gaztea jada martxan dauden proiektuetan sartzea; hori akatsa litzateke. Proiektuak sortzeko aukera izatea baldintzetako bat zen, eta hori aurrekoek egindako lana abiapuntutzat hartuta lortu nahi dugu».

Babarrun landareak eguraldi gozo bezain arinak behar izaten ditu, lehen egunetan, makilan gora joateko indarrak biltzeko, eta Tolosako Babarrunaren Kofradiako lekuko berriak ere halaxe ekin dio sormen prozesu horri, talde txiki batetik: «Jende berria beso zabalik jasoko dugu, hala ere, horixe baita gure helburuetako bat. Gu jarri gara martxan, baina kofradia zabaldu egin nahi dugu, eta Tolosan nahiz Tolosa inguruan animatzen diren guztiak taldeko kide izatea ere bai. Argi daukagu horrelako proiektuek taldean egin behar dutela aurrera, aniztasun horretan».

Aurpegiak lekukoari

Kapa granatez eta txapel berdez Tolosako babarruna sustatzen dutenen lanari jarraipena emango diotenek ederki aukeratu zuten lekuko aldaketa iragartzeko eguna. Hazi berri eta fresko horren erakusle-edo, joan den ekainaren 9ko ereitea probestu zuten beren burua jendaurrean aurkezteko, eta urteroko ereiteari berrikuntza dosi txiki bat txertatzeko.

Eta, berrikuntza ez zuen leku aldaketak bakarrik ekarri Palestinarren lorategitik Euskal Pizkundea plazara aldatu zuten ereitea, baita aleak lurpean sartu aurreko saio didaktikoak ere. Bigarren hezkuntzako gaztetxoei babarrunaren bizi-prozesua kontatzeko baliatu zuten hitzordua, kofradiako kide berriek eta Tolosako Babarrunaren Elkarteko kideek. «Horretan ematen ditugu gure oporrak, babarruna zaintzen», azaldu zien Mari Karmen Iradi ekoizle irurarrak. Berak ondo daki, jakin ere, dastamen guztien gozamenerako babarrunak zer nolako lana eskatzen duen atzetik, eta oraindik ere mimoz eta pazientziaz aritzen da lan horretan, uda hasterako aleak erein eta ureztatuz, eta udazkenaren ateetan lekak ondo lehortuz eta aleak sailkatuz.



Inurrien lanarekin alderatu liteke ekoizleena, eta hain zuzen jardun hori goraipatu nahi izan zuen, saio didaktikoan, Roberto Ruiz sukaldariak ere, lurrak emandako altxorra jaki tentagarri bilakatzerakoan, garrantzitsuena sukaldera iritsi aurreko guztia izaten baita bere ustez: «Non erein den, zein ekoizlek egin duen, nola egin duen,... Hori guztia da babarrun onaren sekretua».

Babarrunak, dastatzeko bezainbeste balio du ikasteko ere, eta Ruizen errezeta txukun apuntatuta, #BabarrunBatBizitzaBat egitasmoa aurkeztu zieten gaztetxoei.

Zer da tolosarrentzat babarruna?

Galdera horrekin, kofradiako gazteek hausnarketa sustatu nahi izan dute tolosarren artean eta, aldi berean, baratzean egiten dena paraleloki sare sozialetan jorratu: «Arazo bat ikusten genuen ereitearekin, adibidez, fisikoki osasuntsu baitago, baina herrian ez baitu halako oihartzunik. Horregatik, ereitearen momentu hori landu eta zabaltzeko #BabarrunBatBizitzaBat kanpaina martxan jartzea erabaki genuen», diote.

Babarrun ekoizleekin osatu dute lehen ikus-entzunezkoa, zutabetzat baitituzte prozesu osoan barrena. Horrekin batera, ordea, perla beltzek herritarren bizitzetan duen garrantziaz hausnartzera bultzatu nahi dituzte tolosar guztiak, sare sozialetan traola hori baliatuz: «Zer da babarruna? Azken finean leka txiki bat da, zerbait fisikoa, baina horren atzean dagoena ezagutu nahi dugu, herritarren ahotik», diote.

Eta, hausnartze horretan, gaztetxo tolosarrak izan ziren lehenengoetakoak, ereitearen aurretik eskaini zieten saio dinamikoan: babarrunak zer iradokitzen zien idatzi behar izan zuten orri banatan, eta murala osatu zuten gero, margo koloredunez. Amonaren lapikoa, etxea, negua, lana, sakrifizioa, lagunak,... ideia eta sentipenen festa islatu zuten paperean.

Baina, zer erantzungo lukete Tolosako Babarrunaren Kofradiako kideek, Zer da zuretzat babarruna? galderaren aurrean? Bada, hasteko, irribarre bat aurreratu diote erantzunari, eta pentsakor jarri dira gero. «Jendeari galdera egin diogu eta, egia esan, ni ez naiz pentsatzen jarri», erdietsi du Irati Artutxak: «Jaki ona izateaz gain, Tolosa kanpoan ezagutarazten duen zerbait da niretzat, babarruna. Edozein lekutara zoazela ere, jendeak badaki Tolosako babarrunak onak direla».

Ainhoa Gomezek, berriz, sinbolotzat du jakia, bide beretik: «Etxean beti egon izan den plater bat da, ohikoa eta oinarrizkoa». Armintz Gorrotxategi ere bat dator kofradia kidearekin eta, ez du zalantzarik: «Babarrunak Tolosako ikurra dira».

Ikur izateko modu asko daude, ordea, eta Imanol Zubeltzuk gehixeago hausnartu du erantzuna: «Galdera oso zaila egin diegu herritarrei, eta bueltaka hasi nintzaion, lehengo batean, erantzunari. Bururatu zitzaidan, babarruna izan daitekeela, era metaforikoan, tolosarron liburua. Produktu bat da, baina produktu horren atzean hamaika bizipen ditugu, hainbat tolosar, baserriko bizimoduan, istorioak,... Orduak, modu batera edo bestera, Tolosako historiaren zati bat da babarruna. Eta hori guztia biltzen duen liburua ere bai, liburu jangarria».

Kapatik zapira

Tolosako Babarrunaren Kofradiarekin pentsatu eta haien jantziaz oroitzea bat izaten da, normalean: taldearen jarduna baino, ia ezagunagoa da kapa more eta txapel berdez osaturiko atontzea. 1989an sorturiko kofradiak erreleboa belaunaldi gazteei pasatuko dietela iragartzea, beraz, galdera errepikakor bilakatu du jantziaren ingurukoa, barre artean diotenez.

«Oraingoz, gehien egin diguten galdera da, eta erantzuna baiezkoa da, kapa aldatu egingo dugu, zapi batekin trukatuz», dio Zubeltzuk. Zapiotan, kofradiaren logo berria ikusgai izango da, Leire Zabalaren diseinuarekin, eta bi istorio biltzen ditu irudiak: babarrunaren bizi-prozesua, batetik, eta tolosarren hatz marka, bestetik.

Imanol Zubeltzuk, Ainhoa Gomezek, Armintz Gorrotxategik eta Irati Artutxak ez zuketen sekula imajinatuko Tolosako Babarrunaren Kofradiako kide izango zirenik; hala aitortu dute, behintzat. Taldean, bada barre artean txikitan kofradiak beldurra sortzen ziola onartzen duenik ere. Orain, ordea, sukaldari ikasketen edo sukaldari lanen bidetik, gurasoen oinordekotzatik nahiz beren herriarekiko maitasunagatik, Tolosako gastronomiaren izarraren bueltan lanean hasteko gogoa bildu dute. Kaparik gabe, baina kapa soinean janzten dutenek ekindako bidetik. «Tolosarrak kofradiak egiten duen lanaren jakitun izatea nahi dugu eta, horretarako, gure aurrekoen esperientziatik asko dugu ikasteko.

Ereitearen abiaraztea pasata, gazte taldeak datorren azaroari begira gordeko ditu indarrak, 2016ko Babarrunaren Astea irauli nahi baitute, festa handiago bat sortuz. Horretarako, ezinbestekoa izango dute denen laguntza eta, bereziki, ekoizleena: «Gaur egungo baserritarra eta 10 urte barrukoa berdinak izatea nahi dugu, eta hori ezinezkoa da. Argi izan behar dugu garapen baten lekuko izango garela esparru horretan ere, eta harrobia badator».

Tolosarren hatz marka

Kofradian haize berriak sartzearekin batera, taldearen irudia bera ere berritu dute, Leire Zabalaren diseinu batekin. Babarrun ale bat ikus daiteke, argi eta garbi, baina irudiak bi istorio biltzen ditu.

 

Pinttotik beltzera

7.000 urte atzera egin behar da, gizakia babarruna ereiten hasi zenekora itzultzeko. Diotenez, lekaleak Mexiko eta Guatemala inguruan du jatorria, baina XVIII. mendera bitarte ez zen Gipuzkoara iritsi. Nekazariak orduan hasi ziren babarrunak ereiten eta, urteen poderioz, oinarrizko elikagai bilakatu zen etxeetan, babari lekua kenduz.

Baratzetik kalera, Tolosako babarrunaren izen entzutetsua azokaren bidetik iritsi zen, larunbateroko hitzorduan salgai izaten baitziren, XX. mendean, Gipuzkoako babarrun gehienak. Zuriak eta gorriak ere saltzen zituzten arren, Pinttoak ziren orduan nagusi eta, hasiera batean, horiek hartu zuten Tolosako Babarrunaren izena. Baina XX. mende erdialdean iritsi zen perla beltzaren gorakada; Tolosako azokan gero eta gehiago saltzen zituzten babarrun beltzak eta, pixkana-pixkana, Tolosako Babarrunaren izena lapurtu zien, babarrun beltzek, babarrun pinttoei.

Elikagaia Tolosaldean hain sustraitua izaki, 1989. urtean Tolosako Babarruna zaindu, ezagutarazi eta zabaltzeko gogoz zegoen tolosar talde bat elkartu zen. Tolosako Babarrunaren Kofradia sortu zuten eta, garai hartan, 72 kidek osatu zuten erakundea. Besteak beste, Joxemari Gorrotxategi gozogilea ohorezko lehendakaria da, orduz geroztik. Urteroko kapituluetan antolatzen dute beren jarduna eta, Tolosaldeko pertsonaia esanguratsuak ohorezko kofrade izendatzearekin batera, babarrunaren inguruko edozein egitasmotan jartzen dute beren alea.

Egiazki ordea, Tolosako Babarrunaren Kofradiaren lorpen handiena Eusko Label zigilua eskuratzearena izan da. Kofradia sortu bezain pronto hasi ziren Eusko Jaurlaritzak kalitate aitortza hori emateko lanean eta, gaur-gaurkoz, Tolosako Babarrun Elkarteko ekoizleen zakutxo guztiek bermatzen dute Gipuzkoaren bihotzeko lurretako babarrunak direla, gozoenetakoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!