Euskal apaizen kontra Gerra Zibilean

Francoren altxamendu militarra eta ondorengo frankismoa esparru askotako jendearen kontra aritu zen, besteak beste, euskal apaizen kontra.

Fusilatzeak, gerra kontseiluak, erbesteratzeak… izan ziren eta tartean, eskualdeko apaiz ugarik jasan zuten jazarpen arriskutsu hau. Ezagunena, Jose Ariztimuño Aitzol apaiz tolosarraren kasua da, beharbada, baina beste hainbat ere izan ziren tartean, fusilatu zituzten Arin eta Adarraga billabonatarrak eta Tolosako Luis Arsuaga eta Jose Otano. Errepublikaren alde aritzea, Elizaren gizarte doktrina jarraitzea edo abertzale izatea izan ziren bere delitu bakarrak.

Eliza Katolikoak Francoren altxamendua eta erregimena justifikatu egin zuen laguntza handia emanez diktadoreari, horrela II. Errepublika aurretik gizarte eta politika mailan zuen garrantzia berreskuratu nahirik. Bere oinarrizko printzipioak lege bihurtu ziren frankismoarekin, eta honen kontrako guztia, delitu. Garaituak zigortzen lagundu zuen, «gorrien aurkako borrokan» paper garrantzitsua jokatu zuen Eliza ofizialak. Baina Euskal Herrian apaiz asko ez zeuden lerro ofizialarekin ados sentimendu abertzalea zutelako eta horren ondorio latzak jasan zituzten.

Euskal apaizek Espainiako 1936ko Gerran jasan zuten erasoa Anxo Ferreira idazle galiziarraren «Consejos de guerra contra el clero vasco (19136-44)» liburuan jaso du Intxorta kultur elkarteak. Euskal eliza garaitua izan zela dio azpitituluan. Bertan azaltzen denez, 17 euskal apaiz hil zituzten frankistek kolpearen lehen hilabeteetan, tartean Tolosaldearekin zerikusia zuten bost. Horietako askoren gorpuak ez dira oraindik agertu. Beste 200 bat apaiz gerra kontseiluan epaitu zituzten. Epaiketan, bere ideia edo sentimenduak alde batera utzi eta garaileena hartuz gero, salbatu egingo zirela ziurtatzen zieten. Epaiketa horien ondoren maila desberdineko zigorrak jaso zituzten: heriotza zigorra, betirako espetxea, hogei urteko kartzela…

Zigorra Dueso (Kantabria), Dueñas (Palentzia) eta Carmona (Sevilla) herrietako kartzeletan bete zuten, utzikeria, mespretxua, gezurra eta meza ospatzeko debekua ezagutuz. Kartzelatik ateratzerakoan erbestera bidali zituzten ia gehienak.

Aipatutakoez gain, beste mila apaiz inguruk atzerrira jo zuten gerran edo gerraostean, Francoren atzaparretatik ihesi mundu guztiko herrialde desberdinetan zehar, asko Hego Amerikara. Euskal ideiak defendatu, eliza gizatiarra bultzatu edo Errepublikaren alde agertuz gero, beste erremediorik ez zuten.

Eskualdeko bost fusilatu

Jose Ariztimuño Olaso Aitzol (Tolosa 1896-Hernani 1936) apaizaren kasua aski ezaguna da. Kazetari, idazle, bertso gai jartzaile, mitinlari eta ekintzaile ezaguna izanik, «Galerna» ontzian atxilotu Pasaian, kartzelatu eta Hernaniko kanposantuan fusilatu zuten frankistek. Baina ez zen izan hil zuten Tolosaldeko apaiz bakarra, beste lau ere tiroz hil zituztelako gerraren hasiera hartan. Aitzolen egun berean, urriaren 17an, Hernanin zegoen Jose Adarraga Larburu billabonatarra fusilatu zuten, 55 urte zituela. Arrasateko laguntzailea zen Jose Joaquin Arin Oiartzabal billabonatarra 1936ko urriaren 24ean hil zuten tiroz, 61 urte zituela. Luis Arsuaga Izagirre tolosarra urriaren 19an fusilatu zuten Donostian eta Tolosako Korazonistetan zegoen Jose Otano Regueliz nafarra, urriaren 23an.

Adarraga Mexikon eta Gasteizko hainbat parrokiatan aritu zen apaiz gisa. Donostian bizi zen oso modu apalean. Sekula ez omen zuen azaldu alderdi politikoren aldeko begikotasunik. Zurrumurruen arabera, bere anaiak euskal autonomia estatutuaren aldeko propaganda egin zuen eta koinatuetako bat fusilatu egin zuten Diputazioko Gestorako kide izateagatik. Arin, berriz, Ondarretako espetxean eduki zuten fusilatu aurretik. Emakume batek iraindu eta mehatxatu egin zuen Mola jeneralaren tropen aurrean agertu zenean kabildoa, eta epaiketaren gabe fusilatu zuten. Bere gotzainaren arabera, «oso errespetatua» zen eta ideia desberdinetako katolikoak biltzen saiatu zen Arrasaten.

Hiru sakramentino Ondarretara

Kartzelara eraman zituzten baita ere Tolosako Sakramentinoen komunitateko hiru apaiz, herritar ezagun batek salatuta etxeko bi lagunen laguntzaz, Juan Otaegi gaur egungo parrokoak azaldu digunez: Juan Jose Usabiaga beasaindarra, Angel Garcia Urdanibia donostiarra eta Francisco Eziolaza idiazabaldarra. Hamabost egun Ondarretako espetxean pasa, 1937ko maiatzean, eta desterruaren truke aske utzi zituzten. Usabiaga eta Eziolazan Frantzian egon ziren eta Garcia, Argentinan, 50. hamarkadan itzuli arte. Usabiagak «Catolicismo y cruzada de Franco» liburua argitaratu zuen 1960an Frantzian, hiru tomotan, gerraren prestakuntzak eta garaipena azalduz, kristautasunaren jantzia nola hartu zuen frogatuz dokumentuen bidez. «Hiruak ezagutu nituen. Garai hartan gipuzkoarrak nagusiki, eta nafarrak zeuden komentuan, frantsesek ordurako alde eginak zirelako. Giro nahiko abertzalea zegoela esan daiteke, baina kontrako pentsaerakoak ere baziren tartean», dio Otaegik. Orduan parrokia ez izan arren, seminarioa eta nobiziotza izateagatik eta bi aldizkari («Revista Eucaristica del Clero» apaizentzat eta «Vida Eucaristica» herritarrentzat) kaleratzeagatik omen zuen garrantzia komentuak. Idazle talde polita bizi omen zen bertan. Usabiagak eta Garciak liburu gehiago ere idatzi zituzten gerora. Garciak Ondarretan idatzitako egunerokoa gordetzen dute sakramentinoek.

Mikel Errazkinen «Memoriaren izenak, Tolosa 1936-45» liburuan ere badu lekua eskualdeko apaizen kontrako jazarpenak. Liburu honek dioenez, hiru multzotan sailkatu zituzten frankistek apaiz abertzaleak: grinatsuak, abertzaleak eta aldekoak. Grinatsuen artean Jose Joaquin Otaegi (Altzo), Jose Garaialde eta Pio Montoia (Alegia), Jose Antonio Loinaz (Asteasu), Miguel Urkia (Zizurkil), Juan Narbarte (Larraul) eta Juan Jose Sese (Tolosa) agertzen dira. Abertzale hutsak bezala Ignacio Mendizabal (Albiztur), Secundino Rezola (Altzo), Luis Jauregi (Anoeta), Jose A. Ezeiza (Zizurkil), Manuel Saizar (Hernialde), Jose Francisco Elorza (Orendain), Francisco Lasheras (Tolosa), Salvador Irigoien (Villabona) eta Juan Garmendia (Alkiza) agertzen dira. Eta abertzaleen aldekoak bezala Francisco Garmendia (Amezketa), Bernardo Eizagirre (Baliarrain), Juan Azkue (Tolosa) eta Miguel Apeztegia (Tolosa) azaltzen dira. Euskalgintzan nabarmendu ziren horietako bi: «Bihozkadak» idatzi zuen Luis Jauregi «Jautarkol» errenteriarra eta «El Dia» egunkaria abertzalea bultzatu zuen Montoia alegiarra, Ipar Euskal Herrira alde egin behar izan zuena.

Anxo Ferreiraren liburuari esker, Garaialde, Jauregi eta Apeztegia kartzelan egon zirela eta Rezola Frantziara bidali zutela badakigu. Zerrenda honetan beste apaiz bat ere eransten du, Frantziara bidali zuten Bernardino Aurkia leaburuarra.

Lekarotzeko eskolan giro abertzalea bizitu zuten eskualdeko apaiz batzuk ere aipatzen dira: Aniceto Olano Galarraga «Miguel de Alzo» filosofo altzotarra (Frantziara eta gero Argentinara alde egin behar izan zuen) eta Tomas Etxeberria Elosegi «Tomas de Elduaien» organojole elduaindarra (Andaluziara joan behar izan zuen). Justo Mari Mokoroa idazle eskolapioak Ipar Euskal Herrira eta gero Txilera ihes egin behar izan zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!