Gizartearekin duen konpromisoa bueltan jasotzea eskatzen du Loatzok

Jon Miranda Labaien 2014ko urt. 28a, 09:31

Eusko Jaurlaritzari %33ko finantzaketa bermatzeko eskatzen ari dira musika eskolako 8 udalerriak.

2006ko urrian, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza eta Kultura batzordeak legez besteko proposamena onartu zuen. Bertan, Europan eredu egokia bezala ezarrita dagoen %33ko finantzaketa bost urteko epean lortzea eskatzen zitzaion Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari. Zortzi urte luze pasa dira eta Europako eredutik oso urrun geratu da gobernua.

Jasone Armendariz, Loatzo Musika Eskolako lehendakaria da eta Altzon zinegotzia. «Hiru modutara finantzatzen da eskolaren jarduna: matrikulen ordainketarekin, udalen ekarpenekin eta Eusko Jaurlaritzatik datorren laguntzarekin». Azken urte hauetan, Kultura Sailaren aldetik musika eskolen finantzaketak bi milioi euroko jaitsiera izan du. Euskal Herriko Musika Eskolen elkartetik emandako datuen arabera, orokorrean %14an geratzen da Jaurlaritzaren laguntza. Loatzo Musika Eskolakoren kasuan, %22a iristen da.

Euskal Autonomi Erkidegoko musika eskolei buruzko ikerketa orokorra eginda dauka Eusko Jaurlaritzak eta horretan oinarrituta esleitzen ditu urtero diru laguntzak. Iñaki Salvador, Loatzo Musika Eskolako zuzendariaren esanetan, «instrumentuen araberako banaketak, minutajeak eta ratioak hartzen dituzte kontutan laguntzak emateko». Irizpide horiek, gainera, urtero-urtero aldatu egiten dira, «ezegonkortasuna handiagotuz».

Besteak beste, instrumentu batzuen irakaskuntza saritzen dute Kultura Sailetik, hau da, gero kontserbatorioan ikasi ahal direnak. Hala, euskal instrumentuen artean, txistua beste instrumentuak baino gehiago baloratzen da. «Loatzo Musika Eskolan txalaparta, panderoa edo trikitia ikasten duten ikasle asko ditugu», azaldu du Ainhoa Elizondo irakasleak. Salvadorrek gaineratu duenez, «LOGSEarekin batera musika eskolaren filosofia jarri zen martxan, hau da, ikasle bakoitzari bere mailan irakastea, musika zaletasuna bultzatzea. Baina egun, kontserbatorioaren filosofia bultzatzen ari dira Eusko Jaurlaritzatik, eta horrek ez du bat egiten errealitatearekin».

Duela 12 urte, Loatzo Musika Eskola sortu zenean, argi zuten musika heziketa integrala eskaintzeaz gain, gure herriaren historia eta ondarea ezagutzera eman eta zabaldu behar zutela. Anoetan eta Villabonan zeuden musika eskolak arautu eta segituan sortu zen mankomunitatea. Bi herri horiei beste sei batu zitzaizkien: Zizurkil, Ibarra, Altzo, Irura, Alegia eta Aduna.

Zortzikotea osatzen duten herri gehienak txikiak dira. Argi du Jasone Armendarizek: «Altzo bezalako herri batean mankomunitatearen faltan ezinezkoa izango litzaiguke musika eskolaren zerbitzua eman ahal izatea». Haurrak musika tailerrean 4 urtetik aurrera hasten dira eta gero tresna eskaintza zabala izaten dute Loatzon. Talde finkoak ere badaude (banda, txistu, eskusoinua, abesbatza) eta helduen eskaintza ere indartzen ari da azkeneko urteetan.

«2013-2014 ikasturtean 622 ikasle daude matrikulatuta musika eskolan», esan du Iñaki Salvador zuzendariak. 21 dira, berriz, herriz herri klaseak ematen aritzen diren irakasleak. Esan beharrik ez dago zeinen errotuta dagoen Loatzo Musika Eskola eskualdean. «Tolosaldeko herrietan egiten diren ekitaldietan eta horien antolakuntzan parte hartzen dugu tokian tokiko eragileekin elkarlanean», azaldu du Salvadorrek.

Herriak lotu

Jasone Armendarizen ustez, «zortzi herri lotzen ditu musika eskolak, gure umeak herriz herri joaten dira entseguetara eta emanaldietan parte hartzera. Elkar ezagutu dezaten balio du, beraz». Balore hori ere badu, Loatzok: eskualdea kohesionatzen laguntzen du.

Tolosaldea bezalako eskualde batentzat abantailak baino ez ditu zerbitzu hori mankomunatuta eskaintzeak. «EAEn, ordea, egitura hori duen musika eskola bakarra da eta Kultura Sailaren diru laguntza deialdiak ez dira gure errealitatera egokitzen», dio Ainhoa Elizondok. Hasiera batean mankomunitate izaera hori kontuan hartzen zen, eta irakasleek egin behar dituzten desplazamenduantzat ere diru laguntza bideratzen zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain, beste musika eskola bat bezala hartzen dute Loatzo, eta gastu berezi horiek ez dituzte kontuan hartzen. Lehendik kaxkarra zen egoera, oraindik ere gehiago zailtzen da.

Eusko Jaurlaritza oraindik urrun dago Legebiltzarrak eskatutako konpromisotik. %33ko finantzaketa mailara iristen ez den bitartean, «neurri handi batean herriek geure gain hartu behar dugu musika eskolaren sostengua». Gorka Murua, Irurako ordezkaria da Loatzo Musika Eskolan. «Egonkortasun bat behar dute musika eskolek eta hori lortzeko ekintza plana martxan jartzeko eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari». Udal askoren egoera ekonomikoa ez da ona eta «ezin diogu guk bakarrik egoera honi eutsi». Armendarizek gaineratu duenez, «matrikularen kostuaren igoera txiki bat» ere egin behar izan dute aurrekontuari aurre egiteko.

Horregatik, mankomunitatea osatzen duten zortzi udalerrietan adierazpen instituzionala onartu dute. Orain arte aipatutako eskaera guzti horiek aintzat hartzen dituen transakzio-zuzenketa betetzea eskatzen da mozioan. Iazko otsailean Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen zuzenketa.

Tolosaldean onartzen diren erakunde-adierazpenak, gainerako herrietan onartutakoekin batuko dira. Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak, gero, bilera eskatuko dio Eusko Jaurlaritzako Kultura sailari, eskaera hauei kasu egin diezaien. «Onartzen ez badira, beste neurri batzuk pentsatu beharko ditugu» esan digu Iñaki Salvador Loatzoko zuzendariak.

Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak, EAEko 67 eskola biltzen ditu eta 35.000 ikasle dabiltza horietan guztietan. Erreferentzia dira, sustraituta daude eta oinarri soziala dute. Tolosaldean Loatzo Musika Eskola da horren adibide.

 

 

 
 

Tolosako Udala ere herriko musika eskolaren etorkizunak "arduratuta" azaldu da

Tolosako Musika Eskola ere Euskal Herriko elkartean sartuta dago. Laotzokoarekin batera, eskualdeko beste eskola nagusia da. Kasu honetan, irakasleak udal langileak dira. Egoera, baina, bera da: azken bi urteetan diru laguntza gutxiago jaso du Tolosako musika eskolak: 2012an %14,4 (ia 31.000 euro) eta 2013an %14,7 (ia 27.000 euro) murriztu da Eusko Jaurlaritzatik etorritako dirua. Horren aurrean, «arduratuta» daudela azaldu du Igor Ezenarro Kultura zinegotziak: «Eusko Jaurlaritzak bere laguntza murrizten badu, azkenean udalak hartzen du bere gain diru kopuru hori».

Tolosako Udalbatzan ere eztabaidatu zuten Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak aurkeztutak mozioa eta aho batez onartu zen. «Orain ikusi egin beharko da zer gertatzen den Eusko Jaurlaritzara joaterakoan udalbatzetan egindako eskaria horiek guztiak», esan du Ezenarrok. «Oraingoz udala egiten ari da aurre ekonomikoki, baina horrek suposatzen du beste toki atetik kendu egin behar dela. Ikusi behako dugu zein den Eusko Jaurlaritzaren erantzuna». Ezenarrok gaineratu duenez, «udalarentzat kultura musikala balore bat da eta hori bultzatuko dugu. Bide horretan musika eskola oso garrantzitsua da. Ikasle kopuru handia mugitzen dute eta horren eragina gero nabaritu egiten da herrian».

Egun 435 ikasle eta 23 irakasle daude Tolosako Musika Eskolan, eta aurrekontua horrela banatzen da: Eusko Jaurlaritzak ematen duen diru laguntzak %15a suposatzen du, matrikulek beste %15a eta falta den %70a udalak jartzen du. Migel Anjel Moreno eskolako zuzendariak azaldu duenez, «egoera honen aurrean eskoletan bilerak egiten ari gara, eta mugitzen hasi gara».

Morenok gaineratu duenez, «ez dakigu zer ertatuko den etorkizunean, zer erabaki hartuko duen Eusko Jauralritzak. Beste zalantza ere hor dago, hau da, udalak noiz arte ordaindu ahalko duen Eusko Jaurlaritzak jartzen ez duen diru hori. Ea aurtengo ikasturtean zerbait lortzen dugun».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!