Munduko gazta onenekin lehian

IƱigo Terradillos 2013ko abe. 5a, 11:58

Pedro Zuzuarregi, Tolosako Martin Txiki baserrikoa.
Asteasuko Goine eta Tolosako Martin Txiki gaztak sarituak izan dira Munduko Gazta Txapelketan domina banarekin

Maria Jesus Hidalgo, Asteasuko Gorua Goiena baserrikoa. E. MAIZ

Munduko Gazta Txapelketa ospatu zen iragan astean Birminghamen (Erresuma Batua). Mundu osoko 2.744 gazta aurkeztu ziren bertan, eta 32 domina Idiazabal deiturako gaztek lortu zituzten. Orotara 25 euskal gaztandegi saritu zituzten, eta horietako bi Tolosaldekoak dira, Asteasuko Goine eta Tolosako Martin Txiki, hain justu. Guztira 30 herrialdetako gaztak aurkeztu zituzten, eta haiek epaitzeko hainbat herrialdetako 255 dastatzaile aritu ziren: Europakoak, Mexikokoak, Japoniakoak eta Australiakoak, besteak beste. Beraz, sari makala ez dela kontuan hartuta, gaztagileak «oso pozik» daude saria eskuratu dutelako.

Asteasuko Gorua Goiena baserriko Joseba Otegik eta Maria Jesus Hidalgok eta euren lantaldeak ekoizten duten Goine gazta brontzezko dominarekin izan da saritua, ardi gazta gogorren sailean. «Oso gustura» daudela azaldu du Maria Jesus Hidalgok, «saria lantalde osoaren lanaren errekonozimendua baita». 2010eko txapelketan zilarra lortu zuten, beraz, bigarrenez eskuratu dute mundu mailako txapelketan garaikurra. Ez zutela saria jasotzea espero aitortu du Hidalgok: «Gu gure produktua ahalik eta egokien egiten saiatzen gara; hori bai, txapelketetan aurkeztean beti izaten duzu sariren bat jasotzeko esperantza, beraz, oso pozgarria izan da».

Egiten duten lanaren errekonozimendua izateaz gain, «nolabaiteko ospea» ematen diola sariak produktuari dio Hidalgok. «Ez du esan nahi gero salmentetan izugarrizko gorakada nabaritzen denik, baina, eragin handia izaten du».

2007an hasi ziren gazta ekoizten Gorua Goiena baserrian. Senarra, Joseba Otegi, ganaduzalea izan dela betidanik kontatu du Hidalgok. Bera, berriz, hirian hezi eta bizitzetik, baserri mundura igarotakoa: «Logroñon bizi nintzen ni, eta kontzesionario bateko bulegoan lan egiten nuen, beraz, aldaketa handia izan zen niretzat, baina, oso gustura nago hartutako erabakiarekin». Behiak ardiengatik aldatu zituzten, esnearen ekoizpenari etorkizunik ikusten ez ziotelako, eta gustura daude aldaketarekin. «Gazta egin eta saltzetik bizi gara, beraz, pozik gaude». Hori bai, «lan gogorra» dela onartzen du Hidalgok: «Senarra eta biok aritzeaz gain, oso lan ona egiten duten beste bi pertsona ere baditugu; lauren artean lanak banatuta funtzionatzen dugu».

Egoera ona ez izan arren, «asko borrokatuz» mantentzea eta aurrera egitea lortu dute Asteasuko gaztandegian, eta aurrera begira, modu berean jarraitzea espero dute: «Gure lanari esker, lau familia bizi dira, beraz, horrela jarraitzea gustatuko litzaiguke». Gazta ekoizteaz gain, gainera, produktu berriekin ere hasiak dira, hala nola, gazta freskoa, mamia eta jogurtak.

Zazpigarrenez saritua

Tolosako Montezkue auzoan dago Martin Txiki baserria, eta bertan gazta ekoizten dute 1999. urtetik. Zazpi aldiz aurkeztu dira Munduko Gazta Txapelketan, eta zazpietan dominaren bat irabazi dute. Aurtengoan, zilarra eskuratu dute jatorrizko deitura gaztarengatik. Saria «oso pozik» hartu dute, eta lehiaketa honek urtetik urtera indarra galdu duela uste duten arren, «bere garrantzia» duela diote: «Irabaziko dugun esperantzarekin bidaltzen dugu gure gazta, beraz, pozgarria da saria jasotzen duzunean, ez baita batere erraza mundu osoko gazten artean aukeratua izatea».

Ardiak ondo zaintzea, analisiak egunean eramatea, esnea garbi egotea... azken batean gainean egotea dela diote gazta ona egitearen sekretua. Horrek, baina, egunean ordu asko lanari eskaintzea eskatzen du, eta batez ere, urteko sasoi honetan, neguan eta udaberrian pilatzen baitzaio gaztagileari lan gehien.

Lan «handia» egin behar dela diote, baina ez daudela kexatzeko, egiten duten gazta guztia saltzen baitute hurrengo denboraldian: «Garai zailak bizi ditugu, eta hori gustura egoteko modukoa da». Gaur egun dauden egoerara iristeko asko ikasi beharra izan dute: «Senarrak lantegi batean egiten zuen lan, eta langabezian geratu zenean, duela 14 urte, baserrian gazta egiten hastea erabaki genuen». Ez zen arrotz egiten zitzaien kontua, neurri askoz ere txikiagoan bazen ere, etxean gazta egiten zutelako Martin Txikin. Artaldea handitu eta gaztaren ekoizpena handitu zuten, eta ikastaroak egin zituzten gaztagintzaz jakin beharrekoa jakiteko. «Mundu honetan, hala ere, beti dago ikasteko zerbait; ez da zientzia zehatz bat, beti neurri berean egin arren, desberdin atera baitaiteke produktua, faktore askoren araberakoa delako». Martin Txiki baserrian ere, argi dute adinak uzten dien artean behintzat, gaztagintzan jarraitu nahi dutela.

Munduko gazta txapeldunen zerrendan urtez urte sartzen dira Tolosaldeko gaztandegietako izenak. Bada, beraz, gurean, urrutira joan gabe, goi mailako gazta zati bat ahora eramateko aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!