Langileek Antalis bideragarria dela aldarrikatuz jarraituko dute, greban

Mikel Iraola 2013ko abe. 4a, 12:48

Albizturko lantegia ez ixteko negoziazioen lehen bilera egin zuten atzo Donostian, baina ez ziren inongo akordiora iritsi

«Mentalizatu zaitezte luzea eta gogorra izango dela prozesu hau, eta gorde indarrak beharko ditugu eta». Fernando Gordejo, Antaliseko langile eta enpresa-batzordeko kidea honela zuzendu zitzaien bere lankideei zuzendaritzarekin izandako lehen negoziazio bileratik irten eta gero.

Gogorra bezain luzea izan zen negoziazioko lehen bilera, hiru ordukoa. Bitartean, kale gorrian gera daitezkeen 39 langileak kanpoan iraun zuten, protestan, zarata atera eta paper eta pegatinak banatuz. «Lan egitea besterik ez dugu eskatzen. Enpresa bideragarria da, ezin du bat-batean horrela itxi», esaten zieten joan-etorrian handik pasatzen zirenei.

Ideia horixe bera defendatu zuten zuzendaritzaren aurrean batzordeko partaideek. «Gure planteamendua enpresak irekita jarraitzea da. Lan asko dago egiteko, eta lana kanpora eraman nahi dute», esaten zuen bilerara sartu aurretik Gordejok. Zuzendaritzak, ordea, beste nahi eta asmo batzuk ditu, eta zuzenean, bideragarritasunaz hitz egin beharrean, kalte-ordainez negoziatu nahi du: «Argi eta garbi utzi dute ahal bezain laster burutu nahi dutela lantegiaren itxiera. Hiru bileretan likidazioa adostu eta kito. Baina guk uste dugu hori ez dela bidea, eta ez dugu hori onartuko. Antalis bideragarria da, eta horrela ez bada, orduan bakarrik adostuko ditugu kalte-ordainak», esan zuen Oihane Valenciano, enpresa-batzordeko kideak, bileraren ondoren.

Bideragarritasuna aldarrikatuz

Enpresaren bideragarritasunean oinarritzen da langileen defentsa, izan ere, enpresa-batzordekoen arabera, «orain arte inoiz ez du ahultasun zantzurik eman».

Zuzendaritzak hartutako erabakia «bat batean eta lan askorekin» zeuden unean iritsi zela nabarmentzen dute. Valencianoren esanetan, pasa den ostegunean eman zieten itxieraren berri, eta egun horretan bertan sartu zizkieten kontu korronteetan hilabeteko nomina eta Gabonetako haborakina, inolako arazorik gabe: «Ez dute itxiera ez den beste ezer planteatu, ez EEE-rik, ezta soldata jaitsierarik ere. Hor frogatzen da euren benetako interesa, itxi eta hemengo lana beste norabait eramatea dela».

Valenciano eta Gordejoren ustez, Albizturko enpresa itxi eta Belgikan duten antzeko enpresa indartzeko erabiliko dute hemengo produkzioa. «Orain arte %50ean izan ditu bi enpresak, eta horren ordez, lantegi bakar batek %100eko lan karga hartzeko erabakia hartu du multinazionalak, atzean ia 40 familia kale gorrian utziko dituela axola izan gabe». Zentzu horretan Antalis multinazionalak hartutako jarrera ere gogor salatu dute langileek, izan ere, urriaren 31n, albiste pozgarri bat jaso zuten: beste enpresa bat sartu zela taldean, eta hark 300 milioiko irabaziak suposatuko lizkiokeela taldeari. Diru hori Albizturko lantegia aurrera ez ateratzeko erabili izana ez dute ulertzen langileek: «urtetan diru asko irabazi izan du gure enpresak, eta besteei laguntzeko ere erabili da. Orain zergatik ez dute diru hori gu laguntzeko erabiltzen? Taldeak ere bere gain har gaitzala».

Multinazionalarekiko langileek duten ondoeza nabaria da: «Gabonetako otarreak Madrilen zituztela esan eta haiekin ea zer egingo ote zuten galdetu ziguten. Lotsa izan behar da hori galdetzeko! Ekartzeko esan genien, gure izerdiarekin ordaindutakoak direlako eta merezi ditugula».

Langileen ustez, horrelako jarrerek demostratzen dute zuzendaritzari ez zaiola Albizturko enpresa eta langileen egoera axola. «Pixkanaka hiltzen utzi dute». Enpresa, bere aldetik, tinko mantentzen da Albizturko planta bideragarria ez dela esanaz, eta tesi hori defendatzen duen dokumentazioa eskatuko diote zuzendaritzari: «Gauza da beraiek nahi duten aberastasuna lortzeko adina bideragarria ez dela, baina bai lana egin eta 39 familia aurrera ateratzeko. Horregatik, informeak eskatzen ari gara, hori horrela dela dioten datuekin».

Atzoko batzarrean ez zuten inongo adostasunik lortu, eta ondorioz, gaur greba mugagabeari ekingo diote langileek. Bien bitartean, negoziaketek aurrera jarraituko dute hilaren 18ra arte, eta hurrengo bilera datorren asteazkenean izango dute. Denbora horretan, «etsi gabe borroka» egingo dutela esan dute langileek: «instituzioetara eta hedabideetara joko dugu, ez gara geldirik geratuko».

Politikariei mezua

Bestalde, Antaliseko langileek mezu bat bidali nahi izan zieten politikariei, izan ere, Tolosaldean eta, oro har, Euskal Herri osoan errepikatzen ari den fenomenoa da deslokalizazioarena: «Espainiako gobernuak hartutako erabakiei esker, oso erraza eta merkea zaie langileak kaleratzea enpresa handiei. Hori dela eta, multinazionalak pixkanaka industria sarea suntsitzen ari dira, eta inork ez du horren aurka ezer egiten».

Papergintzako sektoreko gainontzeko enpresetan egoera «bertsua» dela dio Gordejok: «Ez gara gu bakarrik. SAMen 20 langile kaleratu dituzte, Unipapelen ere kaleratzeak egon dira. Beste hainbat sektoretan ere kalte asko egin dute, metalgintzan adibidez».

Bileraren leku aldaketa

Bigarren plano batean geratu zen bileraren leku aldaketa, izan ere, hasiera batean Donostiako NH Arantzazu hotelean egitekoa zen. Langileak bertara hurbildu ziren protesta egiteko asmoz, eta hoteleko zuzendaritzak egoera ikusita bilera egiten utziko ez ziela esan zien. Behin atzera botata, Antaliseko zuzendaritza bigarren leku baten bila hasi zen, baina hiriko beste hainbat hoteletan ere ezezko erantzuna jaso zuten. Langileek, berriz, enpresan bertan egiteko esaten zieten: «Hasieratik esan izan diegu bilera hori enpresan bertan egin behar zela, baina ez dute nahi. Nonbait han ez dira eroso sentitzen». Azkenean, ordubeteko atzerapenarekin batzarra egin zuten Gipuzkoako Merkataritza Bazkundearen egoitza nagusian, Antigua auzoan. Langileak kanpoan izan ziren bilerak iraun zuen hiru orduetan, turutak eta danborrak astintzeari utzi gabe.

Renault ere kolokan

Maiatzean Perot itxi zuten. Duela gutxi, Endaki, Marie Brizard eta Antalis itxiko zituztenaren berri eman zuten. Bada, orain, arrisku horretan aurkitzen dena Anoetako Renault auto kontzesionarioa da. Hartzekodunen lehiaketan dago, eta horregatik, enpresa itxi eta bertako 11 langileak kaleratzea aurreikusi du. Horrez gain, Lasarteko kontzesionarioan ere 15 langiletik bost kaleratuko dituzte. Datozen egunotan jakingo da erabaki honen inguruko informazio gehiago. Kasu honekin 160 dira une honetan Tolosaldean lanpostua kolokan duten pertsonak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!