Gazteek indarkeria matxista salatu eta kontzientziatzeko lehia artistikoa abian da

Itzea Urkizu 2013ko aza. 8a, 11:46

Azaroaren 15a izango da ‘Beldur Barik’ lehiaketako lanak aurkezteko azken eguna, eta sariak hilaren 30ean banatuko dituzte, Basauriko topaketan

Martxan da jada, Beldur Barik egitasmoko ikus-entzun lehiaketa. 2009az geroztik, Berdinsaren dauden udalen artean antolatzen duten gazteei begirako egitasmoa da, eta helbururik behinena, indarkeria sexistaren prebentzioa da. Horrela, azaroaren 15a izango da lanak aurkezteko azken eguna.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien babesaz gain, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak, EHUk eta EITBk ere beren alea jartzen dute proiektuan, eta ikus-entzunezko lehiaketa da jarduerarik nabarmenena. Horrela, edozein arte adierazpenen bidez egindako lanak onartuko dituzte, betiere ikus-entzunezko formatuan.

Lanek Beldur Barik jarrera islatzea beharrezkoa da, antolatzaileek azaldu dutenez: «Errespetua, berdintasuna, askatasuna, autonomia, erantzukizuna nahiz indarkeriaren aurkako konpromiso sendoa oinarri izan beharko dute parte hartzaileen jarrerek». Modu honetara, harreman libre eta ez-sexistak eraikitzeko jarrera hori bakarka nahiz taldeka erakutsi ahal izango da lanetan.

Sariketan bi kategoria bereiziko dituzte: 12 eta 17 urte bitartekoena izango da, alde batetik, eta 18 eta 26 urte bitartekoena, bestetik. Kategoria bakoitzean 500 euroko lehen bi sari banatuko dituzte, eta 250 eurokoa izango da bigarren postuan sailkatutakoei banatuko dieten saria. Honez gain, 300 euroko herriaren saria ere banatuko dute.

Aipatzekoa da, kalitate tekniko nahiz artistikoari, mezuaren kalitatea gailenduko zaiola: nesken aldetik, jabekuntzan oinarrituriko gogoeta eta eztabaidak sortzeko gaitasuna baloratuko dituzte, eta mutilei dagokienez, berriz, matxismoaren aurkako konpromisoa hartuko dute kontuan.

Epaimahaiko kideak lehiaketa antolatzen duten erakundeetako ordezkariak izango dira, batetik, baina hauekin batera, sorkuntzarekin, kulturarekin eta hezkuntzaren munduarekin harremana duten emakume feministak ere ariko dira lanak epaitzen; herriko saria Beldur Barik izeneko Youtubeko kanalean egindako bozketak erabakiko du, aldiz.

Lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 15a izango da, eta jarrera@beldurbarik.org helbidera bidali beharko dira. Sari banaketa azaroaren 30ean izango da, Basauriko Beldur Barik Topaketan, eta eztabaidak eta tailerrak ere egingo dituzte. Aipatzekoa da, Tolosako Udalak autobusa antolatuko duela hara joateko; informazio gehiago berdintasuna@tolosakoudala.net helbidera idatzita lor daiteke.

Azkenik, aipatzekoa da azaroaren 23an, Emakumearen aurkako indarkeriaren kontrako egunaren harira, Flashmob erraldoia izango dela, 12:00etan, Trianguloan. Youtuben koreografia erraza zintzilikatu dute jada, eta eragileek ikasi eta bertaratzeko deia egin dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!