Elkarrekin bazkaldu eta kultura trukeari ateak zabaldu

Itzea Urkizu 2013ko aza. 6a, 19:04

Gipuzkoan bigarrenez izango da ‘Bizilagunak’ egitasmoa, eta Tolosaldean iazko arrakasta bera izaten ari da izen-ematea.

Herri berean eta leku beretan bizimodua egin arren, elkar ezagutzen ez duten kulturen arteko harreman sareak sortzea da, Bizilagunak egitasmoaren helbururik behinena. Txekiar Errepublikan duela zortzi urte abiarazitako eredua hartuz, SOS Arrazakeriak bigarrenez martxan jarri du Gipuzkoan, eta aurten lehen aldiz Euskal Autonomia Erkidego osora zabalduko da. Tolosaldean, 14 familiak izena eman dute jada.
Funtsean bertako familia bat eta atzerritik hona etorritako bat bazkaltzeko elkartzea da, elkar ezagutu eta harreman sareak sortzeko: «Ez du konpromiso handiegirik eskatzen, eta era berean, oso eraginkorra izan daiteke.
Horrela, azaroaren 17an izango da kulturen elkartrukeari ateak zabaltzeko eguna.
Egitasmoan parte hartzeko, ez da familia eredu klasikoa jarraitu beharrik, argitu dutenez; bizikidetza unitateek izena eman behar dute, alegia. Beraz, ezkongabeek, emakume bikoteek, gizon bikoteek, seme-alabarik ez dutenek, nahiz bilobek eta aiton-amonek parte har dezakete.
Agerraldian, iaz esperientzia lehen aldiz bizi izandako Jemaa Berrahman eta Marijo Lasa izan dira, eta oso-oso pozik agertu dute euren burua: «Niri gustatzen zait euskaldunen izaera, eta gertutik ezagutu nahi nituen. Gainera, nire semeek ederki pasa zuten», dio Berrahmanek. Lasak, berriz, elkar ezagutzeko dauden aukera bakanetakoa dela uste du.
Tolosaldean 14 familiak parte hartu zuten iaz, eta zazpi bazkari izan ziren. Aurten iritsi dira zifra horretara, baina izen-ematea zabalik dute oraindik, eta bertako familien beharrean daude.
Horrela, beraz, hainbat bide daude kulturen elkartruke hau saretu eta elkarrekin bizitzen ikasteko. www.mugak.eu ataria bisita daiteke, eta izena eman. Halaber, 943 32 18 11 telefonora dei egin daiteke, eta baita info@mugak.eu helbidera idatzi ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!