Gutuna: Ertzaintza herritarrengandik gertuago?

Tolosaldeko Etxerat 2013ko aza. 6a, 12:18

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Segurtasun sailburuak Ertzaintza herritarrengandik gertuago egongo zela esan zuen, «zerbitzatzen duen gizartearekin konprometiturik».

Igandean, Tolosaldeko Etxerat-ek elkarretaratzea egin zuen Tolosan, azken 20 urteetan bezala, abesbatzen lehiaketaren azken egunean. Presoen senideak eta lagunak Leidor aurrera gerturatu orduko, bertan ziren ertzainak, azken urteetan ez bezalako jarrerarekin. Sakabanaketaren ondorioen inguruko panelei begira hasi ziren; ondoren, senideak zeuden lekura joan, eta eskualdeko presoen fitxak banaka-banaka begiratu zituzten, izenak apuntatuz. Segidan, senideekin hitz egin nahian hasi ziren, elkarretaratzearen ordutegia zein zen aipatuz. Baimena eskatu zuen kideak, orduarekin akats bat egin zuela esan zien, 11:15ean jarri zuela amaiera, eta ea posible izango ote zen 11:30ak arte luzatzea, urtero egin lez.
Euskaraz zuzendu zitzaien Etxerat-eko kidea ertzainei, eta bertan hauek gazteleraz hitz egiteko esan zioten. Elkarretaratzearen baimena eskatu zuen Etxerat-eko kideak, euskaraz hitz egiteko eskubidea zuela erantzun zien, eta horrela egin zuen, nahiz eta erantzunak gazteleraz jaso; dirudienez, lauretatik inork ez zekien euskaraz.
Ordutegiarekin izandako akatsa onartuagatik, elkarretaratzearen amaiera 11:15ean izan behar zuela esaten zuten ertzainek. Jarrera hori ikusita, Tolosako Ertzain Etxera joan behar izan zuten Etxerat-eko bi kidek, 15 minutuko luzapena eskatzera. Bertan, hasiera batean ezezkoa jaso zuten, behin eta berriz gainera. Saiakera ere tamaina berekoa izan zenez, azkenean, 11:30ak arteko luzapena lortu zuten, «istilurik ez baduzue sortzen» entzun ondoren. 20 urtetan «istilurik» ez dela egon gogoratu zieten Etxerat-eko kideek. Bien bitartean, Leidor inguruan zeuden ertzainek senide eta lagunen tartean jarraitzen zuten, eskuorriak arakatuz eta herritarrenganako «gertutasuna» azalduz.
Elkarretaratzean zehar, Ertzaintza senide eta lagunen aurrean egon zen, errepidearen beste aldean, eta eskuorriak banatzen ari ziren herritarrak «gertutik» jarraituz. Azken 20 urteetan bezala, «istilurik gabe» amaitu zen preso eta iheslarien eskubideen aldeko ekimena.
Hau al da Ertzaintza herritarrengandik gertuago egotea? Duela urte batzuk, Leidor aurrera aurpegia estalirik agertu ziren ertzainak, Etxerat-en elkarretaratzea «zaintzera».
Abesbatza lehiaketara zihoazen guztiak izutu zituzten, eta ez ziren gehiago etorri modu horretan. Orduan ikasi zuten. Ea oraingoan ere ikasten duten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!