Berastegiarrak eta zizurkildarrak nor baino nor ariko dira bihar, herri kiroletan

Tolosaldeko Ataria 2013ko eka. 7a, 00:26

Herri kirol proba berezia izango da Berastegiko futbol zelaian, bihar, 12:00etatik aurrera. Hain zuzen ere, Urepele gazte elkarteak antolatuta, Berastegi eta Zizurkil herriak nor baino nor ariko dira.

Gazte elkartetik azaldu duten moduan, «beroaldi» baten ondotik sortutako desafioa da biharkoa. Hala, Berastegiko gazteak eta Zizurkilgo gazte talde bat lehiatuko dira hainbat kiroletan: 100 kiloko harriarekin, trontzan, lasto altxatzen, lokotx biltzen, ingudearekin, txingekin, zakua bizkarrean eramanez...

Urepeletik «festa giro polita» izango dela bihar herri kirol desafioaren aitzakian adierazi dute. Izan ere, desafioak berak herrian sortu duen ikusminak bultzatuta jende ugari bilduko dela futbol zelaina espero dute. Gainera, desafioaren ostean festak jarraitu egingo du, berastegiarrak eta zizurkildarrak mahairen bueltan elkartuko baitira bazkaltzeko. Eguraldiaren arabera, bazkaria herriko plazan edota elkartean egingo dute. Bazkalostean ere giro onean jarraitzeko aukera izango da, pintxo potea egingo baitute herriko hiru tabernatan. Antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte parte hartzera.

Urepele gazte elkarteak hamaika ekitaldi antolatzen ditu urte osoan zehar. Aurten hamargarren urteurrena betetzen du elkarteak, eta hori dela eta, bertatik adierazi dutenez, urte «berezia» izatea nahi dute aurtengoa, «ekintza gehiagorekin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!