Aiztondoren eta Zizurkilen arteko lehiarekin hasiko da etzi, Giza Proba Txapelketa

Tolosaldeko Ataria 2013ko eka. 7a, 00:25

Gipuzkoako Taldekako Giza Proba Txapelketa hasiko da, igandean. Aian 18:00etan hasita jokatuko duten lehen kanporaketan eskualdeko bi talde lehiatuko dira, Aiztondo eta Zizurkil. Eurekin batera, Urretxu ariko da lehian.

Aiztondo taldeko kideak

Aiztondo taldeko Garikoitz Etxeberriak azaldu duenez, «ahal duen guztia» entrenatu du bere taldeak, txapelketan maila ona emateko. Aiztondo eta Urretxu dira txapelketako beteranoenak, eta hori abantaila izan daitekeela dio, baina, dena den, parte hartuko duten talde guztiak ondo prestatu direla eta «maila handia» izango dela nabarmendu du.

Zizurkil taldeko kideak

Zizurkilgo taldeko Andoni Usandizagak, berriz, txapelketari ekiteko «gogotsu» daudela esan du: «Gustura gaude taldearekin, eta esperantza badugu txapelketari begira». Martxoan hasi ziren entrenamenduekin, eta taldeka eta banaka egiten dituzte, erresistentzia eta indarra landuz. Usandizagak ere kalitate handiko txapelketa izango dela aurreikusi du.

Duela hiru urte, herriko jaietan Aiztondo taldea lanean ikusi ostean sortu zen Zizurkil taldea. «Guk ere giza proban aritzeko taldea osatu genuen, eta gero txapelketan parte hartzera animatu gintuzten», azaldu du Usandizagak. Pasa den urtean lehia uztear izan ziren, baina berriro osatu dute taldea aurtengoari begira.

Aian jokatuko duten saioan B multzoko hiru taldeek 950 kiloko harria bultzatu beharko dute, bakarkako 20 minutuko saioan. Plaza gehien egiten dituenak batuko ditu puntu gehien. Bigarren kanporaketa ekainaren 22an izango dute Urretxun, eta bi kanporaketetan puntu gehien batzen dituzten bi taldeak igaroko dira finalera. Hain zuzen ere, abuztuaren 4ean jokatuko dute finala, Aiako probalekuan.

Taldeak 8 mutilez osatuak dira, eta gehienez 660 kilo pisatu behar dute. Pisu horretatik pasatzen diren taldeak gainzama jarri beharko dute, kilo bakoitzeko 2 kilo.

Aiztondok, Zizurkilek eta Urretxuk B multzoa osatzen dute. A multzoan, berriz, Berrobik, Debak, Mendarok eta Oriok parte hartzen dute. Ekainaren 29an jokatuko dute horiek lehen kanporaketa, eta uztailaren 13an bigarrena. Puntu gehien batzen dituzten bi taldeak igaroko dira multzo honetatik finalera. Beraz, Aiako finalean lau talde lehiatuko dira.

Eskualdeko hiru talde ariko dira Gipuzkoako Giza Proba Txapelketan. Pasa den urtean Berrobi izan zen garailea, eta aurten ikusi beharko da txapela defendatzeko gai diren edota eskualdeko beste talderen batek hartzen dien aurre.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!