«Etorkizunerako eredua ez da soldatak jaistea, baizik eta produktu berriak sortzea»

Tolosaldeko Ataria 2013ko api. 24a, 07:38

Mari Jose Aranguren, Ekonomian aditua eta ikerlaria

Mari Jose Aranguren (Urrestilla, Azpeitia, 1969) Deustuko Ekonomia eta Zientzien Fakultateko ikerlaria, eta Orkestra-Basque Institute of Competitiveness erakundeko zuzendaria da. Krisia Tolosaldean eta ihes egiteko moduei buruz hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean. Eskualdeko egoera ekonomikoa zertan den azalduko du.

Nola ikusten duzu krisia orokorrean?

2008 hartan, Euskal Herriko enpresak beste hainbat eremutan baino hobetoago harrapatu zituen krisiak. Horregatik, hasieran hobeto eutsi zitzaion egoerari, eta soldatak jaitsiz eta ERE bidez, langabezia tasak ez zuen hainbeste gora egin. Azken urteak, ordea, gogorrak izaten ari dira, baita sozialki ere. Jende asko lanik gabe geratu da, eta adinaren eta prestakuntzaren arabera, zaila da horiek berriz ere lan merkatura itzultzea. Egoera horrek beldurra sortu du jendearengan, eta kutsakorra da.  

Gertura ekarrita, nolakoa da egoera Tolosaldean?

Gainontzeko eskualdeekin alderatuz gero, bataz bestekoa baino okerragoa da egoera. Papergintza bezalako sektore tradizional batean espezializatuta zegoen eta horrek eragin zuzena izan zuen. 3.000 langabetutik gora dago une hauetan. Dena den, ez da egoerarik latzena. Esaterako, Urola erdian, Azpeitia eta Azkoitia aldean, altzarigintzan espezializatuta zeuden, eta eragina okerragoa izan da.

Zer gertatu zitzaion Tolosaldeko papergintzari?

Kostuen prezioekin lehiatu behar izan zuten paper fabrikek, beste leku batzuetan merkeago saltzen zutelako. Beraz, hemengo enpresek ere produktuak merkeago saldu behar izan zituzten. Baina horrek funtzionatu ahal izateko, enpresa handi bat izan behar da atzean, eta hori horrela ez zenez, merkatuan irautea oso zaila izan zitzaien.

Papergintzaz gain, badira kinka larrian dauden beste sektore batzuetako enpresak. Huyck Wangnerren kasua da azken aldian oihartzun gehien izaten ari dena. Nola ikusten duzu honen egoera?

Batzuetan, nahiz eta enpresa bera guztiz gaizki ez joan, kapitala atzerrikoa izatea kaltegarria izan daiteke, erabakiak hartzen dituztenek lurralde honekiko duten konpromiso soziala ez baita berdina. Eta horrek ere eragina badu. Zenbat eta hemengo kapital gehiago izan, erabakiak hartzeko aukera gehiago izango dira.

Krisia okerrera joango dela diote. Horrela izango dela uste duzu?

Uste dut hondoa ukitu samar daukagula. Datorren urterako errekuperazio minimo batzuk hasiko direlakoan nago, ez dut uste okerrera joango denik. Hala ere, garrantzitsua da guk zer egiten dugun krisian zehar: hartzen ditugun erabakiak, nola egiten dugun lan, jarrera... horrek asko markatzen du krisiaren ondoren nola geratuko den herria.

Zer da, bada, enpresek egin beharko luketena?

Alde batetik, lankidetza bultzatu. Hornitzaile eta bezeroen artean badirudi ahalik eta preziorik hoberenean saldu eta erostea dela helburua. Hori ahaztu eta auzolanean aritzeko sustraiak berriz indartu beharko lituzkete. Ordiziako AMPOk egindakoa adibide ona da. Italiako enpresa bati erosten zizkion balbulak, hura zen hornitzaile bakarra. Baina, gertuko zortzi enpresa txikirekin elkarlanean, eta Tecnicaliaren laguntzaz, balbula horiek egiten hasi ziren. Enpresa txiki horiek ez ziren gai banaka horrelako materialak egiteko, lankidetzan, ordea, bai. Berdina egin zuten Azpeitian. Dekorazio kluster bat sortu zuten altzarigintza, dekorazio, arkitekto edota argiztapenean aritzen ziren enpresekin. Elkarlanaren bitartez, soluzio integralak emateko gai ziren.

Beraz produktuak dibertsifikatu eta merkatu berriak zabaldu behar dira?

Hori da. Dakizunetik, eta beste batzuek dakitenetik abiatuta, elkarlanean beste produktuak sortzea. Modu horretan, lan gehiago, produktu berriak eta merkatu zabalagoa izatea lortzen dute enpresek. Adibide gehiago jarriko ditut. Esaterako, automobilgintza sektore indartsua izan da Euskal Herrian. Pixkanaka aeronautikako produktuak egiten hasi ziren, automobilgintzako jakintzetatik abiatuta. Gaur egun aeronautikako sektorea ere garrantzitsua da.

Eta Tolosaldean zer dago egiterik?

Urtetan paper fabrikentzat makinak egiten ibili diren enpresak badaude. Makina horientzat piezak egin beharrean, elkarlanaren bidez, sektore eolikorako egiten has daitezke adibidez. Energia berriztagarrien merkatua da etorkizuneko merkatua. Aukera ona da.

Zein beste bide daude?

Enpresetan likidezia falta handia dago. Kasu horietan, langileek kapitalean bertan parte hartu ahal izatea garrantzitsua litzateke.

Eta norbanakoen kasuan?

Prestakuntza oso garrantzitsua da. Pertsona bat izan daiteke oso ona ingeniari gisa, baina enpresa bateko buru bada, kudeaketaz ere ondo jakin behar du. Edota alderantziz. Ez da bakarrik ekoizten jakin behar, baita saldu eta kudeatzen ere. Hala, enpresetan zein behar dauden ikusi eta prestakuntza eman behar da. Alor horretan, Lehiberriren apustua hor dago.

Zein da jarraitu beharreko eredua?

Gauza gehiago egin beharko ditugu. Ezer egiten ez bada, Txina, India edo Europa ekialdeetako enpresek merkeago ekoiztuko dute eta etorkizun gutxi izango dute euskal enpresek. Bestalde, soldata jaitsierena ez da lehiakorrak izateko bidea. Produktu berriak sortzen joan behar dugu. Aitak askotan esan izan dit: «Dakienik ez da inor jaio, gauzak eginez ikasten dugu». Dibertsifikazioa horretan hasten da. Ausardia eduki behar dugu merkatu berrietan sartzeko. Horrek lagunduko digu krisitik ateratzen garenean besteak baino hobeto kokatuta egoten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!