«Natura boladan dago, baina oso hiritarrak gara»

Tolosaldeko Ataria 2013ko mar. 20a, 09:12

Hirugarren aldiz izan da aurten Benjamin Sanz Zizurkilgo Fraisoro eskolan, Baso Kudeaketa eta Natura Ingurunea zikloan faunari buruzko ikastaroa emanez. Ugaztunetan aditua da Sanz, autodidakta, eta garbi du ezjakintasun handi dagoela animalia horien inguruan: Natura boladan dago, baina oso hiritarrak gara».

Ikastaroaren sarreran «oinarrizkoa» azaltzen die, jendea «oso nahastuta» baitago: «Jendeak uste du aurreko mendearen hasieran, bere aiton-amonak ingurumenarekin harmonian bizi zirela, eta hori ez da egia. XIX. mendeko industrializazioak guztia garbitu zuen». Egun, Iberiar penintsulan orain 60 urte baino hamar milioi baso hektarea gehiago daudela esan du. «Tasio filmean ikusten den bizimodu ereduak ez du inon iraun», dio Sanzek. «Garai horietan bizidun guztiak akabatzen zituzten. Biziraun egin behar zuten, eta bazekiten nola harrapatu animaliak. Horrelako hiruzpalau zahar geratzen dira, ez gehiago».

Bizimodu hori amaitzearekin batera, biodibertsitatean eragina izan duela esan du Sanzek: «Igaraba, esaterako, gero eta zabalduagoa dago. Laster, hemengo ibaietan ere izango da». Orain errekak eta ibaiak garbitzen ari direla dio: «Galdetu aiton-amonei nolakoak ziren ibaiak orain 30 edo 40 urte: zikinkeriaz beteta zeuden; ibai hilak ziren». Eta igarabaren inguruan ere badu informazio bitxirik: «Batetik, jateko oso goxoa zen. Bestetik, Garizuman ezin da haragirik jan, baina igaraba ibaian bizi zenez, elizak esaten zuen arraina zela eta jan zitekeela. Horrez gain, bere azalak asko balio zuen. Beraz, asko ehizatzen ziren». Egun igaraba, babestua badago ere, oso arrunta eta ugaria dela dio Sanzek.

Beste hainbat animalia ere ugaltzen ari direla esan du: «Azeri mordoa dago, eta baita basurdea ere. Halere, hemen ez duzue beste zenbait lekutan dagoena. Bartzelona eta Zaragoza hiriburuetatik basurdeak ateratzen ari dira. Orkatza ere ugaltzen ari da».

Fraisoroko ikasle bat animaliek hesi batean utzitako aztarnei begira

Faunaren egoera, hobera

Orokorrean faunaren egoera asko hobetu dela dio Sanzek. «Animalia horien zundaketa guztiak publikatuta daude, baina jendeak gero ez du horren berririk izaten». Landa eremutan bizi diren askok bere inguruan dauden animaliei buruz ez dakitela dio Sanzek: «Animalia basatiak ezkutuan ibiltzen dira. Bestalde, ez gara lehen bezala bizi. Lehen, denetatik harrapatzen zuten eta bazekiten animalia bakoitzaren zaporea eta nola sukaldatzen zen: azeria, igaraba, azkonarra, muskerra, sugeak, uretako arratoia... Beharra zuten eta denetatik jaten zuten. Nafarroako sukaldaritza liburu batean putrea nola sukaldatzen den azaltzen duen errezeta bat dago».

Egun, artzaina edo baserritarra denak, lehengoko bizimodu hori ez duela dio Sanzek: «Egunez lan egiten du, eta ez daki gauez zer gertatzen den. Gainera,  aztarnak eta oinatzak irakurtzen ez dakienez, agian ez daki bere ganbaran lepazuri bat duela». Tolosaldean hainbat animalia bizi direla azaldu du: azkonarra, lepazuria, katajineta, basakatua, erbinudea, basurdea, orkatza, erbia, untxia,...

Animalia horiek gautarrak direla eta ezkutuan egoteak bere bizirautean sekulako garrantzia dutela gaineratu du Sanzek. Bestalde, ehizan aritzen diren gehienek «ideiarik ez» dutela esan du: «Uste dute asko dakitela. Oso tarteka norbait topatzen duzu, aztarnak jarraitzen dakiena; eta justu, horixe da eskopetaria ez dena».

Beste ikuspuntu bat

Fraisoron egindako ikastaroan mendira irteerak egin dituzte. Andatza aldean eta Lazkaomendin izan dira. Hainbat animaliaren aztarnak aurkitu dituzte: basurdea, orkatza, azkonarra, katajineta, katagorria, zapoa... Azkonarraren gorotza eta habia ere ikusi dituzte, besteak beste.

Xabier Murumendiaraz Fraisoroko irakasleak azaldu duenez, «ikasleak txundituta geratzen dira irteeretara joaterakoan. Ez zaie aurretik burutik pasa lurrera begiratzea, oinatzak eta beste aztarnak begiratzeko. Ikastaroa egin ondoren, beste ikuspuntu bat izaten dute mendiaz eta naturaz».

Hain justu, ikastaroak ematetik gustatzen zaion gauzetako bat, zenbait ikasleengan sortzen duen interesa izaten da: «Ideia batekin geratzen dira: animaliak hor daude». Ikastaroa egin duten ikasle batzuek gerora idatzi izan diote Sanzi, esanez orain mendira joaterakoan beste ikuspuntu bat izaten dutela, ez dutela berdin bizi: «Lehen ez zuten ezer ikusten, ez zuten aztarnarik, oinatzik, gorotzik ikusten, eta orain bai. Ez du basoa berdin ikusten».

Sanz autodidakta da, eta ugaztunen aztarnei buruz liburu bat argitaratu du. Gaiaren inguruan ez dagoela beste lanik dio. «Aditu gutxi daude ugaztunetan; gehiago dira txorietan adituak. Txoriak ez dira hain ezkutuan egoten, ugaztunak bai». Ugaztunei buruz jakitea zaila dela esan du, aztarnatzea egin behar delako. «Hemen ez da horrelako praktikarik egiteko ohiturarik izan. Filmetan ikusi ohi dena, indiarrak animalien aztarnak jarraituz, hemen ez da inoiz hori egin».

Bertan duguna ez dugula ezagutzen gaineratu du Sanzek: «Jendea Tailandiara joaten da, Keniara, Yellowstonera hartzak ikustera... Baina dena hemen dugu. Iberiar penintsula munduko lekurik zoragarriena da. Klima eta fauna guztiak daude, Europakoa eta Afrikakoa, eta tartean distantzia handirik gabe. Hemen duguna ikusgarria da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!