Afizionatu mailako txirrindularitzarik onena izango da asteburuan

Tolosaldeko Ataria 2013ko mar. 7a, 10:52

Afizionatu mailako txirrindularien bilgune izango dira Tolosaldeko errepideak asteburu honetan, bi proba jokatuko baitira. Larunbatean, Lizartzako XXV. Insalus Saria izango da jokoan, eta igandean, X. Aiztondo Klasikoaren txanda izango da.

Azken hau, amateur mailako egutegian erreferente bilakatu da hamar urteren ondoren. Errepideko txirrindularitzako Espainiako Kopako bigarren proba puntuagarria izango da Aiztondokoa.

Ibilbide gogor eta bizia izango du lasterketak, nahiz eta, ohiturari jarraiki, aurten ere irteera eta amaiera puntuak aldatu dituzten. Asteasutik abiatuko da tropela igandeko goizeko hamarretan, eta 13:45ak Zizurkilgo helmugara iritsi bitartean, 143,5 kilometro osatu beharko dituzte txirrindulariek. Tartean, Aduna lau aldiz eta Alkizako mendateak igo beharko dituzte. Puntu pilaketarako baliagarriak izango dira bost igoerak, baita Asteasu eta Villabonan kokatuko diren tarteko helmugak ere.

Guztira, 28 taldek hartuko dute parte Aiztondo Klasikoaren hamargarren edizioan. Caja Ruraleko Ibai Salas, joan zen urteko irabazlea, da aurtengo ediziorako faborito nagusia. Bizkaitarrarekin batera, Naturgas taldeko Loic Chetout baionarra eta Imanol Estevez arabarra, Daniel Sanchez espainiarra (Bicicletas Rodriguez), edo txapelketako sailkapen nagusiko liderra, Vadim Zhuravlev errusiarra (Lokomotiv), dira garaipena lortzeko gainontzeko hautagaiak.

Larunbatean, berriz, 25. aldiz jokatuko da Insalus Saria Lizartzan. Otsabio kirol elkarteak antolatutako probak 110 txirrindulari inguru bilduko ditu. Ibilbidean ez da aldaketarik izan: Lizartzan hasiko da 15:30ean, eta leku berean amaitu 18:00ak inguruan. Guztira 107 kilometro egin beharko dituzte. Etaparen hasiera laua izango da. Irten bezain laster, Ordiziaraino joango dira, eta itzuleran, Altzora igoko dira lehen aldiz. Birritan errepikatuko dute igoera, eta tartean Leaburura ere igo behar dute.

Arazoak errepideetan

Ibilbideak finkatuta egon arren, azken orduko aldaketak izan daitezkela jakinarazi du federazioak,  atzo N-1 errepidean, Legorreta parean gertatutako luiziaren ondorioz. Datozen egunotan hartuko du erabakia Ertzaintzak, eta horren arabera, probetako ibilbideak aldatuko dira.

Ospakizunik gabe

Bestalde, probak jokatuko diren arren, krisiak eragin zuzena izan du aurten bi lasterketetan. Ondorioz, hamargarren eta 25. urteurrenak ospatzeko, ezin izan dute ezer berezirik antolatu.

«Egoera dagoen moduan, nahikoa daukagu proba aurrera ateratzearekin», adierazi du Joxe Ramon Aiertza Aiztondo Elkarteko kideak. Asteasuarraren arabera, «geroz eta zailagoa da enpresa pribatuen eskutik dirua jasotzea», eta esfortzu handia egin behar izan dute gastuak murrizteko. «Badakigu enpresak ere ez daudela egoera onean eta horregatik laguntza eman diguten horiei eskerrak eman nahi dizkiegu».

Egoera okerragoa da, ordea, Lizartza inguruan. Lehengo urtean makina bat arazo izan zituzten aurrekontura iristeko, baina azken unean babesle berriak topatu eta proba antolatzea lortu zuten. Aurten, zailtasunak mantendu dira, baina 25. urteurrena zela ikusita, esfortzu handiarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten. «Bai ala bai egin beharrekoa zen» dio Xabier Balerdi Otsabio Kirol Elkarteko kideak.  Hasiera batean, Euskadiko Txapelketarekin bat egin nahi zuten, baina ez dute lortu. Probaren etorkizunaren inguruan ezkor ageri da Balerdi, izan ere, egoerak hobera egin ezean, hurrengo urteko edizioa kolokan dagoela dio.

Datuak

X. Aiztondo Klasikoa

Eguna. Igandea, martxoak 10.

Irteera. Asteasu, 10:00etan.

Helmuga. Zizurkil, 12:45ak inguru.

Distantzia. 143,5 km.

Mendateak. Aduna (lau aldiz) eta Alkiza.

XXV. Insalus Saria

Eguna. Larunbata, hilak 9.

Irteera. Lizartza, 15:30ean.

Helmuga. Lizartza, 18:00ak inguru.

Distantzia. 107 km.

Mendateak. Altzo (hiru aldiz) eta Leaburu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!