Egun batez musika bandako kide izango dira hamar ikasle

Tolosaldeko Ataria 2024ko mai. 7a, 20:00

Iaz, musika eskolan egin zuten kontzertua bandak eta ikasleek. ARRI STUDIOA

Tolosako Udal Musika Bandak Udaberriko kontzertua eskainiko du, larunbat honetan, musika eskolako ikasleekin batera. Emanaldia Plaza Zaharrean izango da, 18:30ean hasita.

Tolosako Udal Musika Bandak kontzertuak egiten jarraitzen du. Larunbat honetan, 18:30ean hasita, Udaberriko kontzertua eskainiko dute Plaza Zaharrean. Kontzertu berezia izango dela aurreratu dute. Batetik, musika eskolako ikasleak bandarekin ariko dira. 2022an egin zuten lehen aldiz ekimena, eta iaz, 150 haur eta gaztetxo aritu ziren bandarekin. «Aurten, Tolosan eta Ibarran ospatuko den Musikaldia dela eta, oso lanpetuta dabiltza irakasleak, eta ondorioz, hamar ikasle izango ditugu gurekin. Horiez gain, gorputz erritmoa lantzen duen 7 urteko ikasleen taldeak ere parte hartuko du emanaldian», azaldu dute.

Bandak harrobia ezagutzeko «ekimen paregabea» dela nabarmendu dute. «Bestetik, ikasten ari direna praktikara eramateko aukera bikaina da ikasleentzat». Azken horiek, bandako kideekin batera entseatu dute azken asteetan. «Etorkizuna orainarekin elkarlanean aritu da, bata bestea ezagutzen, laguntzen, eta musikaz gozatzen».

Bestetik, kontzertuko gai nagusia elkarrizketa izango dela adierazi dute. «Gorputz espresioaren eta musika tresnen bitartez, bakoitzak bere barruarekin eta besteekin harremanetan jartzea izango da helburua, hau da, bide desberdinak erabiliz, bakoitzaren sentipenak besteenekin konektatzea, emozioa eta enpatia sorraraztea, eta nola ez, musikaren indarra sentitzea».

Hori horrela, 9 kantuz osatutako errepertorioa prestatu du bandak. Besteak beste, Takashi Hoshideren Super Mario Bros, Bruno Marsen Uptown Funk eta Leonard Cohenen Halleluyah interpretatuko dituzte. Halaber, orkestra munduan oso ezaguna den Leroy Andersonen The typewriter obraren bandarako moldaketa ere joko du bandak. Kontzertuko obra batzuk entzun bitartean, bertaratzen direnek zenbait olerki eta ipuin entzuteko aukera ere izango dute, Garazi Urkolak kontatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!