Tolosarrek lau lekuren artean hautatu behar dute ‘Kerik Gabeko Gunea’

Tolosaldeko Ataria 2024ko mai. 7a, 07:58

Maiatzaren 17ra arte eman daiteke bozka Zerkausia, Armeria plaza, Usabal kiroldegiaren sarrera eta Arrillaga plazaren artean.

Maiatzaren 31n ospatuko da Tabakorik Gabeko Nazioarteko Eguna eta, horren harira, herriko gune bat Kerik Gabeko Gunea izendatu izan du Tolosako Udalak azken urteotan. 2022an Lizardi plaza eta 2023an Alondegia plaza izendatu zituzten. Izendapena, baina, ez dago erretzearen debekuari lotuta; ez erretzeko gomendioa da luzatzen dena.

Aurten herritarren esku utzi du udalak kerik gabeko gune berriaren hautaketa. Horretarako, lau aukera proposatu dituzte proiektua landu duten eragileek: Zerkausia, Armeria plaza, Usabal kiroldegiaren sarrera eta Arrillaga plaza (Larramendi auzoko plaza).

Herritarrek maiatzaren 17a arte izango dute Kerik Gabeko Gunea izendatu nahi duten espazioa bozkatzeko, online, edota lau lekutan jarri diren postontzi fisikoetan: UDATEn, kiroldegian, kultur etxean eta Osakidetzako osasun zentroan. Lau aukeren artean boto gehien jasotzen duena izendatuko dute aurtengo Kerik Gabeko Gunea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!