Herri bat ureztatzera doaz

Tolosaldeko Ataria 2024ko mai. 2a, 16:00

'Taghia Eguzkiz Blai' proiektuko kideek Marokoko herrira bidaiatuko dute, bertako etxe guztietara ura iristea helburu duen erronka gauzatzeko.

2021eko apirilean, Marokoko Taghia herrira egindako bidaia batetik bueltan, egoeraren inguruan hausnartu, eta proiektu bat abian jarri behar zutela pentsatu zuten bi eskalatzailek, Aitzol Ibarzabal azpeitiarrak eta Iñaki Arakistain azkoitiarrak: Taghia Eguzkiz Blai. Eguzki panelekin energia sortu eta ura ponpatzea da proiektuaren helburua, herri horretako etxe guztietara ura iritsi dadin.

Taghia Atlas Garaian dago, Marrakexetik 200 kilometrora. Kolore marroixka duten kareharrizko horma handien magalean kokatuta dago, eta horregatik eta, logistika aldetik erosoa delako, eskalatzaileentzako paradisua da. Ia 90 etxe eta 500 biztanle inguru dituen herrixka berbere bat da. Gutxi gorabehera itsas mailatik 2.000 metroko altueran dago, eta errepiderik iristen ez den azken herrietako bat da Atlasean, bertaraino pare bat orduko ibilbidea dagoelarik Zaouiat Ahenesal herritik. Hala ere, gaur egun errepidea egiteko lanak martxan jarriak ditu gobernuak.

Bertako herritarrekin hitz egin eta beharrezko baimen guztiak eskuratu ondoren, Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuarekin jarri ziren harremanetan; Arakistain, gainera, bertako irakasle ohia da. «Ikasleekin lantzeko proiektu interesgarria iruditu zitzaigun. Erronka berezia zen, modulu desberdinetan lantzeko aukera eskaintzen zuelako, ez soilik mekanismoaren inguruan, baita administrazio arloan ere», adierazi dute ikastetxeko irakasleek. Ondorioz, eskalatzaileak ikastetxeko irakasle eta ikasleekin elkarlanean hasi ziren. «Geroztik, ikastetxe osoa egon da proiektua bultzatzen, eta alor desberdinetako ordezkariek parte hartu dute. Eman duten laguntza eskertzekoa da», gaineratu dute.

Garrantzitsuena falta zitzaien, ordea: finantzaketa. Urrian edo azaroan Taghiara joatea eta guztia muntatu ahal izatea zen asmoa, baina hori diruak baldintzatuko zuela zioten eskalatzaileek. 50.000 euro inguru behar izatea aurreikusten zuten, materiala erosi eta eskolarekin elkarlanean probak egiten hasteko. Finantzaketa kolektiboko kanpaina bat dute martxan, eta 117 lagunek egindako ekarpenei esker, 9.000 eurotik gora lortu dituzte.

Astelehenean, Taghian

Hiru urteren ondoren ere, proiektuak aurrera jarraitzen du, eta datozen egunetan Taghiara bidaiatuko dute; batzuk, Zubeldia Rent enpresak proiektua babesteko utzitako bi furgonetatan joango dira. Ikasle, irakasle, eskalatzaile eta suhiltzailez osatutako ia 30 laguneko taldea joango da bertara. «Esperientzia izugarria izango da», adierazi dute.

Azken hilabeteetan eguzki panelak konektatuta izan dituzte ikastetxean, eta ur ponpak deposituak betetzen aritu dira, simulazio modura. «Ikasleak atal teknikoan trebatze aldera, ikastetxean bertan egin ditugu frogak. Taghian bertan erabiliko dugun materiala erabili dugu, bertara iritsi aurretik ezagutzeko; izan ere, bertan ez dago teknikoki materialik erosteko aukerarik. Ondorioz, dena lotuta eramateko ardura izan dugu», azaldu dute.

Gaur eta bihar artean desmuntatuko dituzte ikastetxeko instalakuntzak, eta astelehenean bidaiatuko duten proiektuko kide guztiak Taghian bertan egotea da asmoa, muntaketarekin hasteko. Astebete igaroko dute bertan, bertako biztanleei formakuntza ematen. Tolosara itzuli aurretik, makinak konektatuta utziko dituzte, eta ikastetxetik konektatu ahal izango dira, datuak izateko nahiz hemendik lagundu ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!