Zumardiaundiaren eremu bat eta Igeralde kalera doazen eskailerak itxita

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 26a, 14:22

Hormigoi puskak erori dira A-1 autobidearen zubitik Zumardiaundira, eta segurtasuna bermatzeko errepide azpitik igarotzen diren bideak itxi egin dituzte oinezko eta bizikletentzat.

Hormigoi puskak erori dira goizean A-1 autobidearen zubiaren hegoaldeko aldetik Zumardiaundira, baina, Tolosako Udaletik adierazi dutenez, ez dute inolako kalte pertsonalik sortu. Suhiltzaileak, udaltzainak, ertzainak, udal arkitektoak, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak eta errepideen mantenurako GFAk kontratatua duen enpresako langileak bertaratu dira, eta lehen ikuskapenean, Zumardiaundiaren gaineko zatian erortzeko arriskua duten elementu gehiago daudela egiaztatu dute suhiltzaileek eta mantenuko langileek.

Hori horrela, arrisku horiek konpontzeko esku-hartzeak egingo ditu berehala foru aldundiak. Era berean, zubiaren gainerako azpiegitura eta errepidea bera egoera onean dela aztertzen ari direla esan dute udaletik, bestelako behar sakonagorik behar ote duten aztertzeko; hasiera batean, azaldu dutenez, ez dago arrisku egoerarik Ibarralde eta Euskal Herria kale inguruan, ez eta errepidean bertan ere, eta trafikoa normaltasun osoz ari da igarotzen autobidetik.

Zumardiaundiko eremu bat, itxita

Lan horiek egin bitartean, errepide azpitik igarotzen diren bideak itxita egongo dira oinezko eta bizikletentzat, segurtasuna bermatzeko.

Hala, Bidebietako aparkalekura edo Herrikide Ikastetxera oinez joateko Agaramundu-Igeraldeko eskailerak hartu beharko dira (autoentzako errepidea zabalik dago); kontrako noranzkoan, berriz, Ibarrara joateko, Idoiaga kalera doan bidea erabili beharko da. 

Zumardiaundian bertan ere eragingo du: Kondeaneko Aldapako sarbidea eta Ibarralde kaleko oinezko pasabidea itxi egingo dira; Gurpilgunearen paretik Tolosara ere ezingo da igaro. Hain zuzen, Gurpilgunera joateko Idoiaga kaletik joan beharko da. Zumardiaundiko gainerako eremua zabalik izango da.

Itxiturak errespetatzeko eta zentzuz jokatzeko dei egiten dute Tolosako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!