Topic-en argazkiak egitera gonbidatu dituzte herritarrak

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 25a, 16:25

Maiatzaren 18an ospatuko den Museoen Nazioarteko Egunaren harira, Fotopic argazki lehiaketa antolatu du Tolosako txotxongiloen museoak.

Urtero, 1977tik, maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu osoan. Tolosako Topic txotxongilo museotik adierazi dutenez, «aukera paregabea da museoek gure gizartearen eta kulturaren garapenean duten zereginaz kontzientziatzeko». Hori dela eta, Fotopic argazki lehiaketa abiatu dute, beste urte batez. Maiatzaren 12ra bitarte, txotxongiloak eta argazkigintza maite duen oro museoan argazkiak egitera gonbidatu dute.

Lehiaketan parte hartu nahi duenak, museoaren sarreran adierazi beharko du, eta aipatutako eguna baino lehen, egindako irudien aukeraketa bat bidali beharko du museo@cittolosa.com helbide elektronikora. Argazkiak museoaren webgunean elkarbanatuko dituzte, eta guztiekin batera, Topic-en bertan argazki erakusketa bat antolatuko dute maiatzean.

Parte-hartzaile guztien artean hiru irabazle egongo dira, eta sari banaketa ekitaldia, Museoen Nazioarteko Egunean bertan egingo dute. Irabazle bakoitzak Topic-eko txotxongilo bat eta museoan txotxongilo ikuskizun bat ikusteko (2024ko urritik 2025ko maiatzera arte, Titirijai jaialdiko ikuskizunak izan ezik) lau sarrera irabaziko ditu.

Larunbat honetan, tailerra, ikuskizuna eta bisita gidatua

Larunbat honetarako, hilak 27, bisita gidatua eta tailerra zein ikuskizuna uztartzen dituen ekintza antolatu dituzte museoan. Bisita gidatua familientzat da, 11:30ean euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz. 

Tailerra zein ikuskizuna uztartzen dituen jarduerari dagokionez, lehenik tailerraren txanda izango da, 17:00etan, eta ondoren ikuskizuna, 18:30ean. Oraingoan, Aufur & Enmesures konpainiaren Ridcin-Ridcon ikusteko aukera izango da. «Errotari baten alabaren istorioa kontatzen du. Hark erregeari esan zion lastoa irutean urre bihurtuko zuela. Erregeak belarrez betetako gela batean giltzapetu zuen, eta hurrengo goizera arte ez zuen lortzerik izango. Bestela, hil egingo litzateke. Ricdin Ricdon ipuin pertsonala ere bada. Arteari buruzko istorioa, benetako artista oro preso baitago urrezko kaiola batean, lastoz betetako gela batean, metal preziatu bihurtu behar dena. Atea ez da irekiko lana amaitu arte. Eta une bat iraungo duen zoriontasuna besterik ez da. Izan ere, beste gela batean gaude, gero eta handiagoa, lastoz betea...», azaldu dute museotik.

Bai bisita gidatuan, baita tailerrean parte hartzeko, 943 650 414 telefono zenbakira deitu behar da, edo, bestela, cit@cittolosa.com helbide elektronikora idatzi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!