Maiatzeko Doinuak zikloa, maiatzaren 5etik 26ra

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 25a, 17:59
Goiuri Ezeiza zinegotzia eta Aitor Imaz TEEko lehendakaria, gaur, aurkezpenean.

Tolosako Ekinbide Etxeak eta Musikenek musikari gazteei oholtzara igotzeko aukera eskaini nahi die Maiatzeko Doinuak zikloarekin. Formatu txikiko doako lau kontzertu eskainiko dituzte maiatzeko igandeetan, Topic-en.

Lau kontzertuk osatuko dute Maiatzeko Doinuak zikloaren hirugarren edizioa. Maiatzeko igandeetan izango dira Topic-en eta doan izango dira. Hala ere, sarrerak eskuratu behar dira Topic-eko webgunean edota leihatilan.

Ekimena Tolosako Ekinbide Etxeak eta Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak elkarlanean antolatu dute; hain zuzen, Musikeneko musika interpretazioko masterreko ikasleek aukera izan dezaten ikasturtean egindako lana jendaurrean plazaratzeko. Ekinbide etxeko Aitor Imaz Larreta lehendakariak esan duenez, zikloa oso aproposa da musika ikasleentzat; «deialdi berezia egin nahi diet musika eskolako ikasleei emanaldietara etortzeko, kalitatezko kontzertuak izango baitira».

Goiuri Ezeiza kultura zinegotziak bere aldetik, Tolosako Ekinbide Etxeari zikloa antolatzea eskertu dio. «Tolosa bereziki bizia da kultura arloan eta Tolosan gauzak egiten dira eta kultura oso bizirik dago, ez Tolosan iturrietatik ateratzen den ura berezia delako, baizik eta eragile eta talde asko daudelako ekitaldiak antolatzen. Eragile txiki asko gauza handiak antolatzen egoteak mugitzen du herri oso bat, eta herria eta herriko kultura bizirik mantentzen da. Are gehiago, horrelako ekimenak direnean; urtez urte mantentzen direnak eta doakoak».

Kontzertuak maiatzaren 5, 12, 19 eta 26an izango dira, guztiak 12:00etan Topic-en, eta hainbat estilo eta musika instrumenturekin gozatu ahal izango da.

Egitaraua

Maiatzak 5

  • Dúo Carmesí. Jaime Barranco Quirós flautan eta Luis Felipe Quiroga arpan.

      • Egitaraua:
        • Camille Saint-Saën (1835-1921), Fantasía para flauta y arpa (12’)
        • Karg Elert (1877-1933), Sonata apassionata (5’)
        • Walter-Kühne, Ekaterina (1870-1930), Fantasy on a Theme from 'Eugene Onegin' (8’)
        • Claude Debussy (1862-1918), Sonata for flute, viola, and harp (20’)

Maiatzak 12

  • Fluctus Quartet hari laukotea. Paula Alarcón Saura biolinean, Pedro Roque Cobo eta Manuen Martí López biolan, eta Pablo Ruiz Arranz biolontxeloan.

Maiatzak 19

  • Boreas Wind Quintat haize boskotea. María Álvarez García flautan, Jorge Pablo Fuentes Osorio oboean, Alejandro Costa Vilella eta María Molina Martos fagotean eta Llorenç Tormo Mira tronpan.

Maiatzak 26

  • Master Brass Quintet metal boskotea. Rodrigo Pérez Arín tronpetan, Alberto Caamaño tronpetan, Lorrenç Tormo Mira tronpan, María Benitez Mejias tronboian eta Angel Belda Parra tuban.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!