Bi artista tolosarren erakusketak, maiatzean, Aranburu Jauregian

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 24a, 17:45

Angel Caballero zenaren karikaturak eta Mertxe Amondarainek Gazaren inguruan sortu dituen ilustrazioak ikusi ahal izango dira erakusketetan; ekainaren 1a arte izango dira Aranburu Jauregian.

Aranburu Jauregian bi erakusketa bisitatu ahal izango dira ekainaren 1a bitarte. Oraingoan, gainera, bi egileak tolosarrak izango dira. Batetik, apirilaren 26tik aurrera, Angel Caballero (1912-1977) zenaren karikatura lanak izango dira ikusgai; Caballero karikaturagile ezaguna izan zen herrian. Marraztea zen bere zaletasuna eta bere modeloak Tolosako herritarrak izan ohi ziren. Lapitza beti eskuan, edozein paper zen baliagarri, herritarren aurpegiak marrazteko.

Iñaki Caballerok, artistaren ilobak, bere etxean aurkitutako material zaharrarekin osatutako bilduma ikusi ahal izango da Aranburu Jauregian: marrazkiak, zirriborroak eta apunte soilak. 80 karikatura baino gehiago, guztira. Karikaturizatutako pertsona horiek zeintzuk diren ezagutzeko eta antzekotasunak topatzeko aukera atsegina planteatzen du erakusketak.

Bide batez, tolosarrei eskaera bat ere luzatu die Iñaki Caballerok. Izan ere, erakusketa hau bisitatzean, norbaitek bertan ez dagoen beste karikaturaren baten berri jakingo balu, berarekin harremanetan jartzeko eskatu du: «Jakitun naiz lan gehiago izango direla tolosar gehiagoren eskuetan, eta bilduma osatu nahiko nuke; besterik ez bada, argazki bidez identifikatu nahiko nituzke lan horiek, esker handiz eta hunkituta», azaldu du.

Gazaren egoera gordinena, marrazki bidez

Maiatzaren 10etik aurrera, berriz, Mertxe Amondarain marrazkilariaren obrak ikusi ahal izango dira Aranburun. Erakusketa honek Gazako gatazka du oinarri. Amondarainek, Palestian bizitzen ari den izugarrikeria islatu nahi izan du, nolabait Palestinako herriari, modu xumean, bere laguntza eskainiz.

Bere marrazkirako zaletasun eta dohainetik abiatuta, ilustrazioen bidez gertatzen ari dena irudikatu du, ahanzturan eror ez dadin. Hilabeteak egin ditu, egunero, marrazteko argazkien bila, argazki horiek marraztuz, protagonistak marraztuz eta izugarrikeria egunez egun begiratuz. Begirada horren emaitza da erakusketa, gertatzen ari denaren kontakizun bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!