20 urte geroago ere, dantzan

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko api. 18a, 07:59

Donostiako Gero Axular dantza taldeak 20 urte bete ditu; efemeride berezia ospatzeko lehen ikuskizuna, Tolosako Leidor aretoan egingo dute, igande honetan, 11:30ean hasita.

Donostiako Gero Axular dantza taldeak 20 urte bete ditu aurten. Pasa den astean, urteurren bereziari lotutako jardueren aurkezpena egin zuten, Donostian. Tolosan izango da lehena, igande honetan, apirilak 21. 11:30ean hasita, 20 urte geroago ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da Leidor aretoan. «Gogotsu eta pozik» dago Juan Luis Unzurrunzaga; dantza taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta orain, zuzendari artistikoa da. Lanean harrapatu dugu, azken orduko prestaketekin. «Harro gaude emanaldi berezi hau sortzeko egindako lanarekin», adierazi du.

Gaur egun, 200 dantzari inguru ditu taldeak, eta guztiek dantzatuko dute igandean. Taldeko dantzari ohi batzuk ere bertan izango dira. «Ibilaldi bat egingo dugu Euskal Herriko dantza desberdinetatik. Dantza tradizionalak eta guk sortutakoak uztartuko ditugu saioan zehar. Gauza bereziagoak ere ikusi ahal izango dira, baina horiek ezin dira aurrez kontatu». 20. urteurrena ospatzeko modu bakarra, taldearen izaera eta ibilbidea erakusten duen ikuskizuna eskaintzea dela gaineratu du zuzendariak: «Barruan sentitzen duguna azaltzea izango da gure nahia».

Urteurren berezi honetako lehen emanaldia Tolosan egitearen arrazoiari buruz galdetuta, Euskal Herrian zehar saio asko egiten dituztela eta urte honetarako Donostian zenbait ekitaldi berezi zehaztuta dituztela esan du zuzendariak: «Probintziako beste herri batera ateratzeko asmoa genuen». Leidor aretoan dantza egindakoa da Unzurrunzaga. «Oroimen oso politak ditut antzokiaz. Sekulako lekua iruditzen zait. Gipuzkoan bertan, onena ez bada, onenetariko bat da, zalantzarik gabe».

Ikuskizunaren estreinaldia izango da Tolosakoa, eta elkartasun kutsua izango du, etekinak epilepsia eragiten duten gaixotasun arraroak dituzten pertsonekin lan egiten duen Apoyo Dravet elkarteari bideratuko baitzaizkio. Pasa den asteko 20. urteurrenari lotutako ekintzen aurkezpenean ere, Apoyo Dravet elkarteari DravetTzari proiektuarekin lortutako etekinak eman zizkion dantza taldeak. «Azken hiru urteetan aurrera eraman dugun proiektua izan da, kultura inklusiboa sustatu eta euskal kulturak gizartea eraldatzeko elementu gisa dituen aukerei balioa eman nahi diena».

Ekintzak, urte osoan zehar

Tolosako emanaldiaren ondoren, gehiago helduko dira datozen hilabeteetan. Maiatzaren 2an, Getariako Balentziaga museoan egingo den moda desfilean parte hartuko dute, Euskal Herriko jantziak plazaratuz. «Dantza taldeko kideontzat garrantzi handia dute baserritar jantziek, euskal jantzi tradizionalek alegia», nabarmendu du Unzurrunzagak.

Aurrerago, taldetik igarotako musikari guztien kontzertu bat egingo dute Donostian, eta udazkenerako, emanaldi berezi bat antolatu dute Victoria Eugenia antzokian. «20 urte hauetan taldeak plazaratu dituen zortzi ikuskizunen bilduma bat izango da». Easo abesbatzak ere parte hartuko du ikuskizun horretan. Bi saio horietarako datak zehazteko dituzte oraindik.

Aurrez, abuztuan, Donostiako Aste Nagusian, atzerrian egiten duten emanaldi bat plazaratuko dute. «Guretzako oso garrantzitsua da euskal kultura eta ondarea mundu osoan zehar zabaltzea, eta horretarako, askotariko ikuskizunak egiten ditugu atzerrian, betiere, tradizioa zainduz eta gehiago landuz. Hori erakutsi nahi dugu etxean», azaldu du Unzurrunzagak. «Hala ere, urtean zehar, ohiko ekitaldiak eta jarduerak egiten jarraituko dugu», gaineratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!